Tradizionalki, sozializatzea ez da inoiz beharrezkoa kontsideratu animalion biziraupenerako. Taldeetan bizi garen animalioi hainbat abantaila ekartzen dizkigu besteekin harremana izatea, noski, baina ez da inoiz beharrizan fisiologikoen pare jarri. Azken urteetan, ordea, uste hori zalantzan jartzen duten hainbat ikerketa egin dira, eta agerian utzi dute gabezia sozialak gorputz osoaren fisiologia sakonki nahas dezakeela.
Harreman sozialak mantentzeko eta taldean bizitzeko inpultsuari soziabilitatea deitzen zaio, eta animalia sozialok (gure espezie bereko beste kide batzuekin bizi garenok) sentitu ohi dugu. Taldean bizitzeak abantaila asko ditu, hala nola kideen babesa izatea, beroa mantentzea, ugaltzeko aukera gehiago izatea, edo elikagaia topatzea. Frogatuta dago taldean bizi garen ugaztunok bizi-itxaropen handiagoa dugula ugaztun espezie bakartiek baino.
Normalean, pertsonok aktiboki bilatzen dugu beste pertsona batzuekin egotea, eta sozializaziorik ezak bakardadea edota antsietatea sorraraz ditzake. Harreman falta denbora luzez mantentzen bada, elikadura nahasmenduak, loarekin arazoak edota depresioa izan ditzakegu. Nahikoa argitzailea da pentsatzea inkomunikazio soziala zigor judizial gisa erabiltzen dela kartzeletan.
Ondorio negatibo horiek guztiak ikusita, azken ikerketek iradokitzen dute bizitza soziala funtsezko beharrizan bat dela. Are gehiago, uste da elkarreragin sozialaren beharrak oinarrizko beharrizan fisiologikoen oso antzera funtzionatzen duela, goseak, egarriak, loak, hotzak edo beroak bezalaxe.Â
Gizakiotan gorputz tenperatura optimoa 37 °C bueltan dago. Tenperatura horretatik behera jaisten denean, jarrera aldaketak eta erantzun fisiologikoak sortzen dira; beroa bilatzen dugu, hotzikarak izaten ditugu edota odol-hodiak estutzen zaizkigu. Kontrara, gorputzeko tenperatura gehiegi igotzen zaigunean, itzala bilatzen dugu eta izerditzen hasten gara.Â
Prozesua antzekoa da beste hainbat parametrorekin, eta gorputzak bere beharrizanak adierazten dizkigu egarria, gosea edo logura sentiaraziz. Sentsazio horiek asetzeko, guk edan, jan eta lo egiten dugu. Sozializazioaren kasuan ere, uste da garunak etengabe monitorizatzen duela gure egoera soziala, eta gabezia detektatzen duenean beste pertsona batzuekin egotera motibatzeko saiakera egiten du. Behin behar hori aseta, bakardade sentsazioa desagertzen da.
Oraindik ez dago oso argi zein den prozesu horren bide molekularra, baina «behar sozialerako» neurona espezifikoak daudela uste da. Neurona horiek isolamenduan aktibatzen dira, sozializazio falta sumatuko balute bezala. Kontaktu soziala berreskuratzen denean, neurona horien jarduera murrizten da.
Honek guztiak behartzen gaitu sozializatzea eta bakardadea beste ikuspuntu batetik begiratzera; esandako guztia hala bada, bakardadea ez delako esperientzia psikologiko bat soilik, baizik eta beharrizan bat adierazten duen egoera biologikoa. Egarria dugunean ura erakargarriagoa den bezalaxe, bakarrik sentitzen garenean beste presentzia bat beharrezkoa egiten zaigu. Noski, sozializazioa ere izan daiteke gehiegizkoa, eta indibiduo batetik bestera aldatzen da beharraren maila. Harremana izatea ezinbestekoa da animalia sozialotan, ongizatea, osasuna eta, finean, biziraupena bermatzeko.