Bost minutu eta 22 segundo. Aurtengo sanferminetako bigarren entzierroak luze jo du, eta arrisku handikoa izan da. Zezenetako bat, Caminante izenekoa (Ibiltari, euskaraz), erori egin da Estafeta amaieran, eta, Antonio Machado poeta espainiarraren olerki ezagunaren tankerara, bere bidea egin nahi izan du. Azken metro horiek egitea kostatu zaio, etengabe begiratzen baitzuen alboetara eta kontrako norabidean jartzen baitzituen adarrak, oldartzeko gertu. Gaurko egunez jende asko izateak ere arrisku gehigarria sortu du bigarren lasterketan, eta emozioz betea izan da.
Ukuiluetan lasai-lasai zeudela, 08:00etan, suziriarekin batera korrika atera dira joaldunak, eta atzetik, sei zezenak. San Domingoko aldapa taldearen atzean egin dute, baina alboetarantz so egiten zuten, modu mehatxagarrian.
Ohi legez, ezinezkoa da zati horretan zezenen erritmoari jarraitzea, baina, behin Udaletxe plazara heldu direnean, abiada betean jarraitu du lasterketak. Mercaderesko bihurgunea ere azkar hartu dute, eta entzierroko gatza eta piperra Estafetan sortu da. Jendetza zegoen inguruan, hainbat pilaketa izan dira ertzetan, eta zezenak gainera zetozela jakiteko nahikoa lan bazuten korrikalariek.
Inertziaz jarraitu dute zezenek aurrerantz, harrizko ingurune jendetsu horretatik lehenbailehen atera nahiko balute bezala. Plazara sartu aurreko pasarte estuan, ezkerrean, pilaketa handi samar bat sortu da, baina zezenek nahiago izan dute jaramonik ez egin. Harea zapaltzearekin batera, oinak eroso sentitu eta eremu zabalagoan izanik, alboetarantz jo dute. Berehala gidatu dituzte ukuilura.
Arriskua, atzean
Atzean zegoen arriskua. Caminante erori egin da, eta anaien atzetik jo baino nahiago izan du hortik aurrera ibilbidea bakarrik egin. Etengabe ematen zuen buelta, eta unaiek nahikoa lan izan dute atzetik zetorren giza olatua gerarazten eta zezenaren eta euren artean espazio huts bat sortzen. Lasterkariek ere aurrerantz zuzendu nahi izan dute zezen beltza, baina hark arreta galdua zuen ordurako.
Hiruzpalau aldiz arrankatu du, eta bat-bateko abiada aldaketa hori inor harrapatzeko moduko tranpa zen. Halaxe hartu du gazte bat oharkabean, eta adarrekin irauli, baina altxatzeko gai izan da. Espoz Mina kalea amaituta, hesien aurka jo du, eta arrisku handiena plazara sartu aurreko maldan sortu da. Atzera jo, arrankatu, eta ia-ia mutil bat indarrez jo du. Alderantziz, atzean geratzen diren zezenak biltzeko joaldunaren aurka egin du. Joaldun horri zerbait zor dio norbaitek.
Azken balorazioaren arabera, zazpi lagun ospitaleratu dituzte, eta beste bat San Martin Doktorea osasun etxean artatu dute. Haietako bat adarkatu egin du Caminantek. Bi zauritu Udaletxe plazan artatu dituzte, beste bi Espoz Mina kalean, eta azken laurak ibilbidearen azken zatian, Telefonican.
