Ezarian. Zientzia

Bakterioak topatu dituzte Antartikako laku baten azpian

Aurkitu dituzten mikroorganismoek 2.800 urte daramate izotzak isolatuta, eta -13 graduan iraun dute bizirik

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEBetako eta Australiako zenbait ikertzailek mikroorganismo biziak topatu dituzte egoera erabat muturrekoa duen leku batean: Antartikako Vida lakuan. Aintzira 27 metroko izotz geruza batek estaltzen du, itsasoko ura baino sei bider gaziagoa da, eta—13 graduko tenperatura du. Ikerketaren emaitzak Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu dituzte.

0,2 mikrometroko diametroa duten zelulak aurkitu dituzte nagusiki Vida aintziran, baina bai eta mikrometro batera arteko neurria duten batzuk ere. Laku geza arruntekin alderatuta, organismoon ugaritasuna hamar aldiz txikiagoa da ezohiko egoera horietan. Gutxienez 2.800 urte daramate zelula horiek bakartuta bizitzen.

Aurrez ez da inoiz kondizio zehatz horietan bizi den organismorik topatu. Hala ere, analisi genetikoen arabera, ez dirudi aztertutako zelulak apartekoak direnik. Ia guztiek dute lotura lehendik identifikatuta dagoen bakterio motaren batekin. Tamaina arrunta duen multzo ugari bat da salbuespen bakarra: litekeena da aurrez identifikatu gabeko talde bateko kide izatea.

Antartikan, laku gehiagotan ere ari dira ikertzaileak organismoak topatu nahian. Esaterako, Ingalaterrako, AEBetako eta Errusiako talde bana ari da aztarna bila; Ellsworth, Whillans eta Vostok aintziretan, hurrenez hurren. Kasu horietan, gainera, askoz ere sakonago jo beharko dute laginak hartzeko: hiru kilometro inguruko izotz geruzen azpira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.