Talaiariaren oihuekin batera hasi da zalaparta Orioko alde zaharrean (Gipuzkoa). «1901. urtean/ maiatzaren hamalaugarren egunean» daude bat-batean. «Balea agertu da! Goazen harrapatzera!», dio talaiariak behin eta berriz, eta jende oldea batu zaio atzetik. Berehala joan dira traineruen bila, eta arpoi eta dinamitekin hil dute balea, herri osoaren aurrean. Balearen Eguna ospatu dute gaur Orion, euskal kostaldean azken balea harrapatu zutenetik 125 urtera. Indar sinboliko handiko jaia da herritarrentzat: berrehun lagunek parte hartu dute.
Txaloz egin diete harrera oholtzan balea arrantzatu duten patroiei eta marinelei, eta denen aurrera eraman dute balea: hamabi metro luze da, eta 15.000 kilo pisatzen du. «Zer egin behar dugu balea puska honekin? Gure artean banatuko dugu, eta zatika saldu!», esan du alkateak. Eta enkantea egiten saiatu dira, baina orduan ezustekoa gertatu da: begiak ireki ditu animaliak, mugitzen hasi da, eta hitza hartu du: «Arrantzaleak ginen eta gara. Gatz hura, zainetan gora. Moila gaineko itzalak dio: aldatzen doa denbora. Lehen, kabitu ezin ontziak. Gaur, bakan daude ale gutxiak. Nork joan nahi du itsasora?».

Bertsotan ere badaki baleak, eta zur eta lur utzi ditu herritarrak: «Azal iluna ez da zikina/ bai aulki more bat duen mina/ Onenak ez gara baina/ bistan dago ahalegina». Txalo zaparrada jaso du. «Baleak dena eman zion Orioko herriari. Familia askori lagundu zion balearen ehizak, eta oso eskertuta gaude horregatik. Gure herriaren historia da, eta ezin dugu ahaztu. Hortik gatoz, baina orain nora goaz?», esanez biribildu dute antzezlana.
125 urte atzera
Goizetik aritu dira herritarrak 1901. urteko goiz hura irudikatzen: mediku kontsulta, baserritarrak, jostunak eta beste ibili dira alde zaharrean hara eta hona. Iñigo Gaiton udaleko kultur teknikaria da, eta urduri dago, adi, dena ondo atera dadin. Kontatu du duela ia urtebete begiratu zuela egun honetarako marearen iragarpena. 07:00etarako geratu dira traineruak ibaira eramateko. Egun honen garrantzia nabarmendu du: «Itsasoaren eta ibaiaren taupadekin bizi den herri bat izan gara, eta hori horrela da oraindik. Beraz, oso garrantzitsua da gure historia ezagutzea —tartean, balearen harrapaketa—, ulertzeko horrek zer eman digun, eta ondare hori edukitzeak aurrera begira ere zer eman diezagukeen».
«Garrantzitsua da gure historia ezagutzea, ulertzeko ondare horrek aurrera begira zer eman diezagukeen»
IÑIGO GAITON Orioko Udaleko kultur teknikaria
Aurten Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolak hartu dute antzezlanaren gidaritza, eta haien ideia izan da balea hizketan jartzea. Gaur egun ez luketela hilko esan du Gaitonek: «Orain arte pertsonok hitz egin dugu, eta orain badago kontzientzia bat animaliei hitza ematearen inguruan. Ez zegoen ikuspegi ekologiko hori. Hori guri tokatzen zaigu orain».
Bihar itxiko dute hiru astez luzatu den egitaraua, Benito Lertxundiri omenaldia eginez. Et Incarnatus orkestra sinfonikoak haur abesbatzarekin batera abestuko du, Karela kiroldegian. Sarrera guztiak saldu dituzte, eta berezia izango dela esan du Gaitonek: «2001ean, lehen aldiz Balearen Eguna egin zenean, bera atera zen gitarrarekin, Albaolatik ekarritako txalupan. Kilometroetan zinta moztu zuen ikastolarekin, eta udalak herri aitortza txiki bat egin zion oholtzak utzi zituenean... baina herri omenaldi bat ez diogu egin. Hau da aurrenekoa. Haren eskutik egin da, eta hori da politena».