Casilda Iturrizar parkean, emakume batek karrotxoan darama biloba. «Amona, zer da hori?», galdetu dio haurrak. Ahoa zabalik duen gizon erraldoi baten irudia seinalatzen ari da, eta amonak azaldu dio Gargantua dela. Haurrak, beste norabait begiratu, eta ibilgailu luze bat seinalatu du oraingoan. «Eta beste hori?». Amonak txu-txu trena dela esan dio, eta promes egin «txintxo» portatzen bada gero buelta bat emango dutela trenean. Aurretik, ostera, badute zer ikusi parkean, eta zer galdetu ere bai, jolasez beterik baitago. Urtero bezala, ahateak urmaeletik atera, eta parkea Txikigune bilakatu dute.
Oraindik ez da irekitzeko ordua, eta eguraldia ere dezente kaskartu da asteburutik hona, baina jende ugari dago. Denetariko familiak daude parkean barna paseatzen, baina bada lanean ari denik ere. Arropa da langileen bereizgarria: jaka laranjak, Txikigunea jartzen duten kamiseta zuriak eta Makusiren poloak. Alde batetik bestera doaz, presaka, elkarri «baduzu hau?», «non dago beste hori?» eta antzeko galderak eginez. Atzerako kontaketa betean daude, guztia prest izan behar baitute Txikigunea irekitzerako; gune guztiak behar bezala jarrita, apaingarriak bere tokian, puzgarriak prest...

11:00k jo bezain pronto, ozen entzun da bozgorailuetatik Badator Marijaia kantua. Informazio puntuan jarri dute abestia, eta, amaitu bezain laster, bertako arduradunak hartu du txanda. Bertaratu diren familiei ongi etorria egin, eta oharrekin jarraitu du gero: «Gogoratu ordu erdi barru hasiko direla aurpegiak margotzen. Parkean barna izango dira makillatzaileak, baina aurkitu egin beharko dituzue. Ipuin kontalarien saioa 12:30ean hasiko da. Lehenik euskaraz, eta gero gazteleraz. Goizeko ekintzak 14:30ean amaituko dira, eta 16:30ean irekiko ditugu ateak berriz». Hitz horiek eman diote hasiera Txikigunearen bigarren egunari.
Askotariko jolasak eta guneak dauden arren, antolakuntzak azpimarratu du helburu nagusia bat eta bakarra dela: «Haurrek balioak lantzea, modu ludiko eta dibertigarrian». Aurten, gainera, laugarren urtez GJH Garapen Jasangarrirako Helburuetan oinarritu da egitaraua. Hamazazpi helburu dira denera, 2030erako Agendaren barrukoak; Txikiguneak berdintasunean, parte hartzean, bizikidetzan eta jasangarritasunean jarri du arreta batez ere. Horrela, «Planeta Salbatzeko Zentro Unibertsal» bihurtu dute parkea, eta Ihobek Erronka Garbia jasangarritasun zigilua eman dio hirugarren urtez.
Parke osoan zehar itsatsita dauden kartelak dira horren erakusgarri. Hemezortzi daude guztira, eta pista joko baten parte dira. Haur talde batek erronka onartu du. Jakin-minez hasi dira emotikono segidak dituzten karteletako esaldi ezkutuak asmatu nahian, baina, haien ustez, ez dira «hain errazak». Hurrengo segidarekin hasi dira: Lau, zero, zero, M maiuskula, neska bat, mutil bat, bonba bat, debekuaren ikurra, eta uso zuri bat. Elkarri begira jarri dira, pentsakor. «4.000 neska-mutil daude gerra egoeran bizitzen?», bota du batek. Lagunei balekoa iruditu zaie, eta hurrengo kartelen bila abiatu dira korrika. Guztiak asmatzen badituzte, diploma bat lortuko dute, munduaren salbatzaile edo B agente diren erakusgarri.
Txikiguneak berdintasunean, parte hartzean, bizikidetzan eta jasangarritasunean jarri du arreta batez ere.
Bada, ordea, horretarako beste modurik ere. Horretarako dago B Agentzia eskola. Bertan, bost arduradunek haurrak prestatzen dituzte planetaren eta kulturartekotasunaren defendatzaile bihurtzeko. B agente bilakatzeko, hautagaiek 2030erako Agendako bost esfera nagusietatik pasatu beharko dute: Pertsonak, Planeta, Bakea, Oparotasuna eta Aliantzak.
Badira erronka gehiago ere: Berdintasunaren Biderantz izenekoa, adibidez. Bikoteka egiteko ibilbide bat da, eta taldean bete behar dira Ur eta Ekhi pertsonaiek emandako jarraibideak. Hogei jolas dira guztira, eta jolas bakoitzeko kutxa bat zabaldu dute bikoteek. Behin guztiak zabalduta, gunea «loratzea» lortu dute. Egunero zortzi saio egingo dira: lau goizez eta lau arratsaldez.
Horrekin aski ez duenarentzat, puzgarriak, egurrezko jokoak, ohe elastikoa eta beste gauza asko ere badaude. Gainera, Makusik ere jarri du bere txokoa, eta Irabazi Arte telesailaren zaleentzako ate puzgarria dago. Dozenaka haur saiatu dira beren gaitasunak erakusten.
Arratsaldea familian
Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, arratsaldea ere familian pasatu dute askok. 19:30ean, Marietak Zirkus antzerki eta zirku ikuskizuna izan da Pergolan. Amaia Leozek, Iraia Garciak eta Malena Lainezek zirku konpainia bat duten bi ilobaren eta haien izebaren istorioa eszenaratu dute, era dibertigarri bezain ederrean. Behin antzerkia bukatuta, egunari amaiera eman diote Txikigunean. Bozgorailuetan berriz ere Badator Marijaia abestia jarrita itxi dituzte gune guztiak. Hala ere, oraindik ere Txikiguneaz gozatzeko aukera izango da igandera arte.