Hara, hor dugu berriz ere auzoko amona kutuna. Balkoiko amona deitzen diot, izan ere, ez baitakit balkoitik barrura zer duen etxean, norekin bizi den ala bakarrik dagoen, nik balkoian besterik ez baitut ikusten. Barrura jotzen duenean, berriz, ez da existitzen niretzat. Gehienez astean behin mezetara joateko soilik irteten direnetakoa izango dela iruditzen zait, baina auskalo, ideiarik ez.
Balkoi estu horretan aulki txiki bat du, butanoa eta tomate landare eder bat, berde-berdea, urte osoan zehar amonak umetxo baten modura zaintzen duena.
Gaur arropa zintzilikatzera irten da. Ai ama, ze gaizki pasatzen dudan halakoetan. Pintza parea hortz postizoen artean helduta eta izara erraldoi horrekin azaldu denean, adios, ea moldatzen den…
Barandatik gertuen duen sokan poliki-poliki izara bustia ipini ondoren, pixka bat urrunago dagoen hurrengo soka erabiltzen hasi da. Gaixoak kontu askorekin ibili behar du arroparik ez dadin behera jausi. Imajinatu, etxe zahar bateko hirugarren solairuan bizi da, eta, nik dakidala, ez dute igogailurik.
Hurrengo soka ere arropaz gainezka, besoak zuzen luzatu eta bularrak barandaren gainean jarrita, kostata baina hasi da zapiak airean zintzilikatzen. Amildegia azpian, ai-ai-ai… Ai! Eskuan zuen pintza irristatu eta behera jausi zaionean, pareko etxetik «kontuz» larri bat askatu dut nahi gabe. Inertzia zer den. Amonak, ordea, nire presentziaz batere jabetu gabe, ahotik beste pintza hartu eta zapia tinko eutsita, ekin dio zintzilikatzeari.
Lana amaitutakoan barrurantz sartu da berriro, nire begi bistatik desagertuz. Akabo, gaurkoz, amona.
Maratila
Balkoiko amona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu