Elikadura. Hazkurri kontuak

Baratxuri zopa

2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Edo baratxuri salda, berakatz zopa...

Tipula zopa eta berakatz zopak esku-langile gehienen mende askotan afari edo gosari tradizionala ez ezik, parranda askoren urrezko bukaera ere izan dira eta hala dira. Mesopotamian eta Egipton, orain 3.000 urte, adibidez, berakatz eta tipula zopak hartzen zituzten beharginek.

Osagai gutxi, arrunt eta merkeez prestatuak (ura edo salda, ogi zaharra, olio, gilbor edo koipea eta izena eman dion barazkia) oinarrizko bertsioan eta, noski, beste osagai batzuk onartzen dituzte (txerrikia, ardikia, arrautzak, bakailaoa, olagarroa, piperrak, tomatea, etab.).

Euskal Herri hezean (orain 2.000 urte), laborerik ezean, ogia gaztaina eta ezkur irinez egiten genuela diote Plinio Zaharrak eta Estrabonek; ogi latz horiek, gordinik kontsumitu ordez, hidratatu eta sutan prestaturik jango zirela pentsatzea, beraz, ez litzateke zentzugabekeria. Gastronomikoki maila politekoa izan daiteke eta, nutrizio aldetik, helburua ongi betetzen du, gizakia urak asetzeaz gainera: eskulanean aritzeko ezinbestekoak diren asimilazio mantsoko karbohidratoez langilea hornitzea, eskura ohi dauden baliabideekin.

Zopa hau bi eratara prestatzen da, oro har: a) uretan baratxuriak egosirik, bertan sartzen dira gainerako osagaiak, zopa harmonikoa bilakatu arte; b) ogi xerra meheak baratxuriekin paderan edo kazolan erregosi eta salda edo ura bertan ipintzea. Lehengo bertsioan, eltzeko zopa klasikoa lortzen da eta, bigarren formulatik arituz gero, zopa lodia, xigortua, ia likidorik gabea.

Baztan eta Nafarroa Beherean haizeei buruzko ipuinetan honela zioten: «Zehar-haizearen alabak dira Ipar-haizearen eta Haize-Egoaren andreak. Ipar-haizearen andrea artatsuak senarrari baratxuri salda egiten dionez, gizona haserretu gabe dago beti. Haize-hegoak andre lazoa du, ez dio egiten baratxuri salda, eta gizona haserretzen da. Haserretzen da senarra eta aita-arrebengana joaten da eta andrearen dotea eskatzen dio, Lehen agindu ziolako eta ez ziola eman, gero emango ziola aginduz. Aita-arrebak, negar iturriekin esaten dio orain ez duela, gero emango diola. Orduan baketzen da Haize hegoa.»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.