Tomate ekoizlea

David Agirre: «Baratzean, bizitzan bezala, aniztasuna beharrezkoa da»

Agirrek nazioarteko tomateen kategoriako lehen saria eskuratu du brandy boy barietatearekin.

Agirre, berak ekoiztutako tomateekin. BERRIA
Agirre, berak ekoiztutako tomateekin. BERRIA
unai etxenausia
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

David Agirrek (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1964) tomate batzuk landu zituen Aretxabaletako Larrino auzoko bere baserriko baratzean. Tomate horiek zenbait sari jaso dituzte zenbait lehiaketatan. Tomate mota bat baino gehiago landatzen du baratzean, baina bereziki Aretxabaletako tomatea nabarmentzen da. Agirrek berak dioenez, urtez urte «lurra sakonki ezagutzean eta uzta bakoitzetik ikastean datza» bere bikaintasunaren sekretua.

Azken urteotan, Agirrek Aretxabaletako tomatearen aleak aurkeztu ditu Kantabriako (Espainia) hainbat azokatan. Aurretik ere zenbait sari irabazi baditu ere, nazioarteko tomateen kategoriako lehen saria eskuratu berri du Polanco herrian. Bertako beste ekoizle batzuekin egindako trukeei esker, baratzea mota eta jatorri desberdinetako tomate ugariz betetzea lortu du. 

Abuztuaren 24an, Kantabriako Polanco herrian, VI. Feria ospatu zen. Bertan, nazioarteko tomateen kategoriako lehen saria eskuratu zenuen, brandy boy barietatearekin; epaimahaiak aho batez aukeratu zintuen.

Lehiaketa honetan ehun bat ale aurkeztu ziren, eta brandy boy ananas noire eta berkeley tie dye barietateak gailendu ziren finalean. Aurten, lehen aldiz, tomate barietate desberdinak aurkeztu ditugu, eta guretzat pozgarria da lehen saria eskuratzea nazioarteko jatorria duten tomate barietateen artean; ez genuen espero. Baina, batez ere, beste ekoizle batzuekin egoteko joaten gara: gure jakintza eta tomateak partekatzen ditugu. Hori da politena.

Ez da urte erraza izan, ezta?

Uzta zaila izan da aurtengoa, eguraldiaren ondorioz. Gorrina eta bestelakoak agertu dira, baina lortu dugu zerbait ateratzea.

Zein da tomaterik onenak ekoizteko sekretua?

Lurra sakonki ezagutzea eta uzta bakoitzetik ikastea, urtez urte hobetuz. Tomateentzat itzal sarea jartzea gomendagarria da, euritik babesten baitu, eta asko laguntzen dio tomateari. Baina norbera joan behar da ikasten, horrela ikasten baita gehien.

Tomate mota ezberdinak. DAVID AGIRRE
Tomate mota ezberdinak. DAVID AGIRRE
Nondik datorkizu tomateak ekoizteko zaletasuna?

Beti egin izan dugu tomatearen azoka Aretxabaletan [irailaren 15ean izango da], baina, duela lau urte, nazioarteko beste azoka batzuetara joatea erabaki genuen. Nazioarteko bi sari irabazi genituen Aretxabaletakobarietatearekin, eta tomateak partekatu genituen beste ekoizleekin. Harrezkero ez naiz gelditu, eta Aretxabaletako azokan ere aurkeztuko ditut nire tomateak.

Brandy boy tomatearekin irabazi duzu azken lehiaketa. Zer berezitasun ditu?

Brandy boy tomatea amerikarra da, jatorriz Estatu Batuetakoa. Tomate gorria da, eta Aretxabaletakoa baino handiagoa izan ohi da. Tomate mota samurra da, zapore handikoa.

Agirreren Brandy Boy tomatea. DAVID AGIRRE
Agirreren brandy boy tomatea. DAVID AGIRRE
Aretxabaletako barietatea ere ospetsua da.

40 urte baino gehiago dituen barietatea da, eta oso ondo moldatzen da lur honetara. Tomate mota hori hainbat lekutan ekoizten da, gustagarria delako eta zapore ederra daukalako.

Zaporearen intentsitatea saritzen da lehiaketetan?

Intentsitatea ez, atsegina izatea saritzen da. Hainbat mota eta koloretako tomateak daude. Gorriek, adibidez, zapore biziagoa izaten dute; horiak, berriz, gozoagoak dira. Baratzean, bizitzan bezala, aniztasuna beharrezkoa da; horregatik dira hain bereziak tomateak, askotarikoak direlako.

Zer tomate aurkeztuko duzu hurrengo lehiaketan?

Hurrengo lehiaketetara Aretxabaletako barietatea eramango dugu. Lehiaketa guztietara tomate hori eramaten dugu, eta, batzuetan, beste barietate batzuk ere bai.

lotsabako

Tomate bat?
Aretxabaletakoa.

Zer behar dute ekoizteko?
Ura eta eguzkia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.