Aitor Garciaren (Iruñea, 1996) aitaren etxeko lorategian hasi ziren barazkiak landatzen. Hasieran, Eider Etxeberria (Iruñea, 1996) eta Garcia bera bakarrik ziren, baina segituan batu zitzaizkien lagun gehiago. Bost kide dira orain, eta @lamutilhuerta Instagram kanalean ortuaren inguruko aholkuak eta bitxikeriak kontatzen dituzte. 10.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte.
Instagrameko kontuko azken bideoan hainbat berrikuntza iragarri dituzue. Zer kontatu dezakezue horren inguruan?
EIDER ETXEBERRIA: Aitorrek [Garcia] ardiekin lan egiten duten lagun batzuk ezagutu zituen.
AITOR GARCIA: Zorokiainen [Nafarroa] bizi dira, eta bertako abeltzainen ardietatik artilea eskuratzen dute.
ETXEBERRIA: Artilearekin arazo bat dago, asko dagoelako, baina ez duelako erabilera askorik. Zorokiainen manta moduko bat sortu dute artilearekin, baratzean jartzeko. Normalean plastikoa erabiltzen da, belar txarrak ez hazteko eta hezetasunari eusteko. Probak egiten ari dira hainbat lekutan, eta guri manta bat utzi ziguten, guk ere nola funtzionatzen duen ikusteko.
Zer landatu duzue bertan?
ETXEBERRIA: Piperrak, eta letxuga batzuk ere bai.
GARCIA: Azken finean, erabilerarik ez duen hondakin bat da artilea, eta modu honetan irtenbide bat ematen zaio. Gainera, lurzoruarekin nahasten bada, lurzorua ongarritzen du, eta plastikoa baino askoz hobea da. Bi errenkada egin ditugu: batean artilez egindako manta erabili dugu, eta bestean artilerik ez. Ikusiko dugu ea zerbait sumatzen dugun.
Zuen ikasketak baliagarriak izan al zaizkizue baratzeko lanetarako jakintza izateko?
GARCIA: Biok Ingurumen Zientziak ikasi ditugu, baina baratzean aritzeko jakintza, batez ere, sare sozialetatik lortu dugu. Instagramen kontu askori jarraitzen diegu, eta hor ikasten dugu gehienbat. Plagei aurre egiteko moduak agertzen dira, adibidez, eta hori kopiatzen dugu askotan.
ETXEBERRIA: Nik Biologia ere ikasi dut, eta, agian, laguntzen dit ulertzeko landareek nola funtzionatzen duten. Baina, praktikan, jendearekin hitz egin behar da, Interneten bilatu...
Zenbatek osatzen duzue La Mutilhuerta proiektua?
ETXEBERRIA: Ofizialki, bost kidek osatzen dugu; lursaila ordaintzen dugunak bost gara. Baina egia da egunerokoan batzuk beste batzuk baino gehiago etortzen garela.
GARCIA: Egun garrantzitsuetan, uzta landatzeko adibidez, lagunak etortzen dira laguntzera.
Erabakiak hartzeko, erraza izaten da guztien artean ados jartzea? Edo tirabirak izaten dituzue?
ETXEBERRIA: Erraza izaten da. Whatsapp talde bat dugu, eta elkarri gure ideiak kontatzen dizkiogu bertan. Ez dugu tirabira askorik izaten. Aurrekoan, lagun batekin liskar apur bat izan nuen, nik artoa jarri nahi nuelako eta berari ez zaiolako gustatzen [barrez]. Halako tontakeriak izaten dira.
Gogoan duzue proiektuaren lehen hazia?
GARCIA: Hau guztia duela sei urte hasi zen. Nire aitak baratzea zeukan etxean, eta ni txikitatik aritu izan naiz bertan, aitarekin. Baratzeko lanari utzi zionean, Eiderrek [Etxeberria] eta biok erabaki genuen lursail hori guk erabiltzea. Mintegi batera joan ginen landareak erostera, eta horrela hasi ginen.
Instagrameko kontua erein zenuten gero...
ETXEBERRIA: Pote batzuk hartzen ari ginela izan genuen ideia hori. Uste dut landatzen hasi ginela lehenengo, eta gero bururatu zitzaigula Instagrameko kanal bat sortzea.
GARCIA: Landareak nola hazten ziren kontatzen hasi ginen, zer arazo sortzen ziren... Baina hori beti izan da bigarren mailako zerbait. Kontua ez dugu sortu kontua bera edukiekin elikatzeko. Natural suertatu zen, bioi gustatzen zaigulako bideoak grabatzea. Lehen, dibulgazio lana egiten genuen gehiago, eta orain sinpleagoa izaten da edukia. Baina aldatu egin nahi dugu hori. Uste dugu tresna bat izan daitekeela jendeak gurekin ikas dezan. Gehiago interesatzen zaigu ingurumenarekin lotura daukan alde tekniko hori. Hala ere, oreka bat bilatuko dugu dibulgazioaren eta txantxaren artean.
Kanala sortu zenutenean espero al zenuten 10.000 jarraitzaile lortzea?
ETXEBERRIA: Egia esan, ez. Oso bat-batekoa izan zen dena. Iazko udan bideo bat biral bihurtu zen, milioika ikustaldi izan zituen, eta jende askok jarraitu zigun orduan.
«Baratze bat izatea izan daiteke gauza oso sinple bat, baina bada naturarekin harremanetan jartzeko aukera bat ere»
Hasieran Mutiloabeitin zeundeten, baina orain Ollokira joan zarete. Zergatik?
GARCIA: Instagramen hazten hasi ginenean, Ollokiko lur eremuen berri izan genuen, eta aldatzea erabaki genuen. Azken finean, toki ireki bat da, apur bat handiagoa, eta jende gehiagok parte har dezake.
#izanHORTELANA traola duzue zuen Instagrameko biografian. Baratzearekiko lotura hori nabarmentzea gustatzen zaizue?
ETXEBERRIA: Bai. Niretzat, sare sozialetan edukia publikatzearen helburu nagusia da jendeak zerbait landatzeko nahia izatea, edo horri buruz ikasi nahi izatea. Nahi hori sortu nahi dugu jendearengan, eta, batez ere, gazteengan.
Gazteek galdu egin dute lurretik gertu egote hori?
GARCIA: Landako bizitza eta hirikoa oso desberdinak dira. Hirietan bizi garenok uste dut geroz eta urrunago gaudela naturatik. Baratze bat izatea izan daiteke gauza oso sinple bat, baina bada naturarekin harremanetan jartzeko aukera bat ere: naturak dituen sasoiekin bat egiteko, urtaro bakoitzean zer kontsumitzen den jakiteko, janaria produzitzea zenbat kostatzen den jakiteko... Horretarako guztirako balio du baratzeko lanak. Gainera, naturan egotea oso onuragarria da. Baratzera etortzen diren lagun guztiek bueltatzeko gogoa izaten dute.
LOTSABAKO
Barazkirik gustukoena?
GARCIA: Tomatea.ETXEBERRIA: Orburua.
Urtarorik gustukoena?
ETXEBERRIA: Udaberria.GARCIA: Uda.
Zuentzat inspirazio den Instagrameko beste kontu bat?
BIEK:La huertina de Toni.