Donibane Lohizune-Ziburuko portutik urrun daude aspaldian Ternuako kanpainak. Bakailao eta baleak. Urrun, 1956ko 23 kontserbategiak eta sardinak segurtatu ehunka lanpostuak. Urrezko aro baten azken lekuko, atun arrantza kainaberekin egiteko aukera ematen duten bi bolintxero daude portuan, monumentu historiko izendatuak. Aïrosa da bakarra, oraindik arrantzarako erabilia.
Gaur egun, arraina ez da gehiago Donibane Lohizune eta Ziburuko herrien biziaren zentro-zentroan. Gehiago dena, azkenaldian, arrantza berri sailetan agertzen delarik, kasik beti arazoei lotua da. Naufrago bat dela, arrantzaleen kopurua jaitsiz ari dela, arrainak eskasten ari direla, eta, arraina badelarik ere, ez aski errentagarri, eta erregaiak, berriz, gero garestiegia. Edo kuoten kudeaketa korapilotsuak… Uda honetan berean, portuko Logicoop kooperatiba geldiaraztea erabaki dute. Lerroen arteko guztia ulertu gabe ere, argi da sektorea krisi sakonean dela. Sakona, baina ez hilgarri.
Portua eta hango arrantzontziak, turistek etxera argazki ederrak ekartzeko aitzakia soilak baino gehiago direla eta izanen direla geroan ere, horretaz konbentzituak dira Pierre Courtiau eta Marc Antoine Auffret arrantzaleak. Ordagna ontziarekin lan egiten dute. Courtiau ontziaren jabe eta nagusi da, eta Auffret, langile.
Sektorea bizi dela frogatzeko, Courtiauk segida badela azpimarratzen du. Azken bi hiru urteetan gazte batzuk arrantzaren parioa egin dutela dio, portuko ontziak berenganatuz. Gaur egun, ontzi tipi eta handiak barne, 40 eta 50 ontzi artean daude portuan, eta 150tik gora arrantzale. Lanaren zailtasunak ez dituzte ukatzen bi arrantzaleek, baina biek beren lana maite dute, eta maitasun hori partekatu nahian dabiltza. Egun bat haiekin arrantzan iragaitea proposatzen dute joan den ekainetik, Pescatourisme egitasmoaren bidez. Arrantzaren munduan murgiltzea da ideia. Xedea mundu horren irudi txarra aldaraztea dela esplikatzen du Courtiauk: «Gazte zenbait ontzira heldu zaizkit ikastaldiak egitera, eta beldurtuak dira. Alta, ez da zertan».
Hori bai, turistak hartzen badituzte ere, laneguna da ateraldia. Eta turismoari atea irekiz ez diotela arrantzari hetsi nahi segurtatzen du Courtiauk. Pertsona bat edo bi gehienez igan daitezke ontzira egun bakoitz. Bakarrak 40 euro ordaindu behar ditu, bik 60. Eta iduriz, ideiak funtzionatzen du. Bisitariak gero eta gehiago izateaz gain, Ordagna bezala, beste zazpi ontzi dira baimena eskatua dutenak gisa bereko bidaiak eskaintzeko. Ontzi bakoitzak bere errealitate propioa ukan arren, Donibane-Ziburuko portuko bizia dastatzekoa ematen du esperientziak. Ateraldiak hamaika diskurtso balio dezake.
Itsasoa maitatuz geroz
Ordagna-ri dagokionez, 12 metroko itsasontzia da. Itsas hondoak hunkitzen dituen sareekin ari dira lanean arrantzaleak, egun guztiz joan eta etorriak eginez. «Dela besta egun edo igande...». Bakantzak? Batzuetan ez dira itsasora ateratzen... baina eguna «ontzia berriz tindatzeko erabiltzen ditugu!», dio irri ironikoarekin Auffret-ek. Eta hori, Auffret-i dagokionez, hilabete bakoitz 1.200 euroren truke. Courtiauk, berriz, ez du erran nahi izan zenbat irabazten duen, baina ongi bizi dela aitortu du. Biek, hasteko, itsasoarekin duten harremana ez lukete trukatuko: «Bai, egia da arrantza mundua mundu berezia dela eta itsasoa maitatu behar dela. Baina ez gaude hemen behartu gaituztelako». Goizean goiz portura iritsi, begi kuriosak oraindik lo daudela, itsasontzian sartu eta beren jestu guztiak automatikoki egiten dituzte, egun guztietako erritualak. Batzuk lanera joateko autoa pizten duten bezala, ontziko motorra abiarazten dute, gaueko ilunak bazterrak gordetzen dituela. Baina behin abiatu eta, hemen mundruna edo auto ilarak kresalak ditu ordezkatzen. Eguna iratzartzearekin, itsas zabala agertzen zaie, baita lehorra ere, Angelutik Donostiaraino. Larrun enblematikoa ere hortxe dago. Aldi honetan doi bat lausoa da, beltz aire. Aroa txartuko dela iragarria dute. Itsasoa bera ere ez dabil izugarri lasai. Sagailoa indartsua da. Arrantzaleen lehen zeregina, arrantzatzeko leku egokia aurkitzea da. Radarra eta GPSarekin aritu arren, esperientziari esker ezagutzen dituzte bereziki toki egokienak. Gune horietan sareak jarri eta, ondotik, bezperan utzi arrain sareak errekuperatu, eta azkenik goizeko arrain sareak berriz bildu. Eta horra hor, 05:30etik 14:00ak arte gelditu gabeko lana.
Sareak jartzeko edo errekuperatzeko makinak hor dituzte lagun, baina eskuak ez dira sobera. Lan errepikakorra eta fisikoa da, ingurumen paregabean, aldiz. Duten bista, egun guztiz ezberdina eta ordezkaezina da, erran du temati Auffret-ek.
Sareak berriz igotzearekin, arrainak saretik kendu behar. Sareak egokituak dituzte arrain motetara. Aldi honetan, bereziki barbarinak dituzte arrantzatzen. Barbarinak eta berdelak. Ez berdel guztiak, ordea. Mota batzuk ez dira ongi saltzen, eta tipiegiak dira. Alta, sareak harrapatzen ditu horiek ere; eta parrasta bat,gainera. Horiek saretik kendu eta berriz ere itsasora botatzen dituzte, hilik. Antxeten zorionerako: «Elikadura katea hornitzen dugu», dio antxeten oihuen artetik Auffret-ek.
Badira sorpresa onak ere, misera bezala. 30 eurotan kiloa. Harrapatu horrek kilo bat eta berrehun bat gramo egiten dituela aurreikusten du Courtiauk. Beste arrainen prezioak ez badira hain gora ere, aski onak dira. Barbarina, adibidez, 17 eurotan da kiloa. Hortaz, udan ez bada arrain sasoi oparoena, dauden arrainguti horiek ongi saltzen dira, eskaera handia baita, udatiarrei esker.
Arrainak kaxetan bildu eta, Ziburuko arrain merkatuan gelditzen dute ontzia. Arrainen zati bat biharamun goizean salduko dute arrain merkatuan berean eta beste bat, merkatuaren ondoan estreinatu berri duten salmenta zuzeneko saltokian. Behin arrainak deskargatu eta, ontzia hutsik Donibane Lohizuneko portura heltzen dira. Orduan bai, trumilka begi kurios daude ontziaren dantzari so eta arrantzaleei so, argazki tresnak hurbil. So horien artean, arrantzaleek ontzia uzten dute bizi lurtarrari ekiteko, biharamuna arte.
Ezarian. Euskal Herriko portuak (V). Donibane-Ziburu
Barbarinak, berdelak eta misera
Arrantzaleak nola lanean ari diren jakin nahi dutenei egun-pasak proposatzen dizkie 'Ordagna' itsasontziak Donibane Lohizune eta Ziburuko portuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu