Basapiztia erraldoien itzulera

Godzilla eta King Kong unibertso berean elkartzen dituen frankiziako telesail berria da 'Monarch: Legacy of Monsters'. Kurt Russell aktore ezaguna da lan berriko izar seinalatuetako bat.

MONARCH: LEGACY OF MONTERS FILMA
APPLE TV PLUS
Mikel Yarza Artola.
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

1933. urtekoa da King Kongen inguruan sekula egindako lehen filma, eta 1954koa Godzillari buruzkoa. Ordutik, bi munstro horiek hamaika aldaera izan dituzte pantaila handian zein txikian, AEBetako eta Japoniako historiaren lekuko eta sinbolo kultural bilakatzeraino.

Azken hamarkadan, AEBetako MonsterVerse izeneko frankiziari eman diote hauspoa, eta unibertso berean elkartu dituzte Godzilla eta King Kong, oraingoz, bost film eta bi telesailetan. Horien artean berriena da Monarch: Legacy of Monsters eta ardatz nagusia honako hau da: Monarch erakunde sekretuko kideek mende erdiko denbora tartean egindako munstroen ezkutuko bilaketa lana.

Bigarren Mundu Gerra, Pearl Harbor... gertakari historikoak funtsezko dira argumentuaren atze-oihal modura. USS Lawton ontzi militarra oihan erdian hondoratuta ageri da lehen ataletan eta gerrako hondamenditik bizirik irten den lagun bakarra kamerari itsatsita mugitzen da toki batetik bestera, begi aurrean duen oro erregistratu nahian.

Telesailak misterioz beteriko unibertso bat aurkezten du eta egungoa bideozaintza masiboaren garaia dela gogorarazi. Gidoigileek istorioa bi denbora lerro ezberdinetan jorratu dute. Iraganari dagozkio gerraosteko oihaneko pasarteak eta Jurassic Park edota Lost ekar litzakete gogora. Thriller konbentzional baten itxura dute, aldiz, egungo Japonian filmaturiko eszenek.

Irudietan ez da sumatzen zinemagintzarako asmorik; argazki lana eta muntaketaren erritmoa pantaila txikiko kodeen zerbitzura daude. Hori bai, munstroen presentzia ikaragarria da. Godzilla eta gainerako basapiztiak pantailan agertzean, jarraitzaileak aho bete hortz geldituko dira. Plano zenital ikusgarriak, jazarpen eta kamera mugimendu bortitzak... abentura oso entretenigarria da.

Ikusle batzuentzat telesailaren interesak behera egin lezake munstroak pantailatik desagertzean, baina sortzaileek gihar narratiboa erakutsi dute familia drama zukutzerako garaian. Musika elektronikoaren taupada biziekin, gainera, thriller eta akzio pasarte jantziak erantsi dizkiote.

Tokioko kale seinaleak Godzillari buruzko ohartarazpenez beteta daude, munstro ezagunak beste behin ere Japoniako hiriburua har lezakeen beldurraren adierazle. Bada, izu kolektibo horri aurre egiteko, heroi tankerako figura da Kurt Russell aktore ezaguna. Escape from New York eta The Thing filmetako izar beteranoak John Carpenterren kultuko bi lan horietan hezurmamitu zituen protagonista ausart, errebelde eta oinazetuen espiritua berreskuratu du egitasmo honetarako, beteranotasuna erantsita.

Monarch: Legacy of Monsters ez da urteko telesailik onenen zerrendetan agertuko, baina haren erritmo biziko hamar atalek gozamena eragingo die milioika ikus-entzuleri. Izan Godzilla eta King Kongen zale sutsu, edo, oro har, munstroen abentura izugarriak etxetik bertatik, zinema aretora joan beharrik gabe, gozatu nahi dituen ikuslea.

'Monarch: legacy of monsters'

Sortzailea. Chris Black.

Aktoreak. Kurt Russell, Wyat Russell, Anna Sawai, Ren Watabe eta Mari Yamamoto.

Kanada. Kanada.

Urtea. 2023.

Non ikusi. Apple TV Plus.

Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.

Generoa. Akzioa. Abentura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.