Baskoiekin zuten zorra kitatu dute

Patxi Aldunate eskultorearen 'Populus Baskonia' monumentua inauguratuko dute igandean Luzaiden. Orreagako gudua gogoratzen du eskulturak. 778. urteko gertakariak gogoratzeko ekitaldiak eginen dituzte etzi hasi eta abuztuaren 15era bitarte.

Patxi Aldunatek sortutako Populus Baskonia monumentuaren zati bat, Luzaiden. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Historia garaileek kontatzen dutela esan ohi da; bertsio ofizialetan ez dagoela galtzaileentzako lekurik. Baina batzuetan paradoxak izaten dira, eta bada halakorik Nafarroan; bada galtzailea garaile izan den gertakari historiko bat. Galtzailea ohoratu da mendez mende, eta garailea ahantzi: 778. urteko Orreagako gudua (Nafarroa), hain zuzen ere. Baskoiek Karlomagnoren gudarosteari eraso egin zioten, baita irabazi ere. Errolanen heriotzaren oroimenezko monumentu bat dago Ibañetan, baina baskoien erreferentziarik ez inguruetan. Orain arte. Luzaiden (Nafarroa)paratu duten Populus Baskonia (Baskoniako jendea) monumentuak gogoratzen ditu bataila hartako garaileak. Patxi Aldunatek sortu du, eta igandean eginen dute inaugurazio ekitaldia.

«Oso inportantea da. Erreparazioa lortu dugu gure antzinako arbasoentzat», adierazi du Koldo Amatria Orreaga fundazioko presidenteak. Haren fundazioak sustatu du monumentuaren afera, eta haiek jo zuten Aldunaterengana. «Gure menderatzaile izan zenaren eskultura bat izatea, eta gure arbasoen eskultura bat ez izatea erru bat zen, konpondu beharrekoa. Orain gutxienez badago gertatu zenaren lekukotza bat», gaineratu du eskultoreak.

Aldunatek eskulturaren nondik norakoak kontatu ditu. Enkargua gogo onez hartu zuen: «Edozein euskal artistarentzat opari bat da enkargu hau», kontatu du artistak. «Hasieran Ibañetan kokatu behar zen, baina gero Luzaidera eraman zuten. Azkenean kontent gelditu nintzen emaitzarekin».

Eskultura Corten altzairuz egindako xafla bat da; sei metro garai da, eta bi zentimetro zabal. Nahita bilatu zuen bolumenik ez izatea: «Bataila hori irudikatzen nuen zuhaitzen artean, itzalak balira bezala. Horregatik da laua eskultura. Karlomagnoren armadak itzalak besterik ez zituela ikusiko uste dut». Hiru pieza ditu eskulturak: «Lehenbizikoak, bailarako jendea irudikatzen du; bigarrenak, inguruko jendea; eta hirugarrenak, Euskal Herriko jendea». Albo batean inskripzio bat ageri da, Eginhardo Karlomagnoren kronikagileak Vita Karoli Magni-n (Karlomagnoren bizitza) idatzitako esaldi bat: Vascones in summit montis vertice surgentes (Baskoiak mendien goialdetik irteten).

Ongi begiratuz gero, erdian aurpegi bat ikusi daiteke zizelkaturik. Haur baten aurpegia da, buruan gandorra duela. «Ume bat da, eta buruan eguzkiaren sinboloa du», azaldu du eskultoreak. «Garai hartan Iruñeko erresuma sortzen ari zen, eta hori da umearen esanahia. Eguzkiak esanahi erlijiosoa du, euskaldunak beti ekiari begira izan direlako».

Eskultura paratuta dago iazko irailaz geroztik, eta herritar gehienak «pozik» daudela esan du Orreaga fundazioko presidenteak. Bitxikeria bat ere kontatu du: «Handik pasatzen den jendea gelditzen da monumentua ikustera. Batzuek uste zuten Donejakue bideari lotutako zerbait zela, beraz, testuak jarri genituen Orreagako guduari lotua zela kontatzeko; baita QR kode bat ere, guduaren informazioa eskuratzeko».

Inaugurazio ekitaldia

Eskultura paratu bai, baina oraindik ez dute inaugurazio ofizialik egin. Orreagako gudua abuztu erdialdean izan zen, eta horregatik nahi zuten egun horietan egiten diren ekitaldietako bat inaugurazioa izatea. Ekitaldi «xumea» izanen dela esan du Amatriak, baina jende askok parte hartuko du: Luzaideko bolantak, Sagarra txalapartariak, Baigorriko gaitariak, Mikel Alzuart eta Bittor Elizagoien bertsolariak, Orreaga abesbatza eta Kantuz egitasmoko partaideak. Ondotik, herri bazkaria eginen dute.

Ekitaldi nagusia bi egun geroago eginen dute, Ibañetan. Han dago Errolanen omenezko oroitarria. Amatria zuzen mintzatu da: «Hurrengo helburua Ibañetakoa kentzea izanen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.