Basque Culinaryko menua

Basque Culinary Centerreko ikasleek prestatutako menu bat har daiteke eskolako kafetegian astelehenetik ostiralera; benetako bezeroek neurtzen dute ikasleen jarduna.

Basque Culinary Centerreko kafetegia, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ahoz ahoko kontua izan da. Basque Culinary Centerrek inoiz ez du esan ikasleek prestatutako menu bat ematen dutela zentroko kafetegian. Haatik, kafetegiko jangela lepo dago egunero; haiek egindako gutiziak dastatzeko prest dagoen bezerorik ez da falta. «Guk erabakitzen dugu zenbat bezero sartzen diren», dio Alex Beitiak, BCCko zuzendari akademikoak; «txandaka antolatzen dira ikasle taldeak; denek egon behar dute leku guztietan: sukaldean, jangelan eta barran. Lau aste egiten dituzte taldeek zeregin jakinetan. Lehenengo astean bezero gutxiago hartzen ditugu, hogei bat edo, oraindik ez direlako gai eskaera handiari erantzuteko. Kopuruak gora egiten du gero; laugarren asterako 60 bezero hartzeko gai gara».

Batetik, entsalada buffetaren edo kafetegiko plateraren artean aukera dezake bezeroak. Egunero prestatzen dute ikasleek plater bat, baina hura betegarria, zinez. Basmati arroza, patata, esne gain eta hirugihar hosto opila eta txahal haragi gisatua prestatu zuten atzo. Askotariko letxugen entsalada txiki batez laguntzen dute. Postrerako, txokolatezko mamia hur birrinduekin. Eta Errioxako urteko ardoa eta ura, baita kafea ere. Dena, zortzi eurotan.

Bestetik, hainbat aukera ematen dituen menu landu bat eskaintzen dute kafetegiko jangelaren beste aldean, karta itxurakoa. Hamasei euroren truke, goi mailako sukaldaritzaren ezaugarriak dituzten platerak jaten ditu mahaikideak giro atsegin eta dotore batean. Ogia bera eskolan egiten dutela jakiteak eman dezake mahairatzen den janariaren mailaren berri.

Benetako bezeroaren presioa

«Ikasteko eta praktikak egiteko toki bat da hau», dio Alex Beitiak; «benetako bezeroek beste balio bat ematen diete ikasleen praktikei, beste tentsio bat». Basque Culinaryra doan bezeroak badaki ikasleak ari direla sukaldean, «badaki ez datorrela ohiko jatetxe batera». Baina, aldi berean, Beitiak aitortzen du askok «zerbait berezia» espero dutela; Basque Culinary Centerrek ospe handia dauka, ez alferrik. Presio txiki horri ere aurre egin behar diote ikasle zein irakasleek.

Iazko urrian hasi ziren eskolak Miramongo unibertsitate eskolan, eta «ia lehenengo astetik» zabaldu zituzten kafetegiko ateak bezeroentzat. Orain, berriz, erritmo handia hartu dute. «Orain gutxi arte ikasle hauek ez zekiten ezertxo ere sukaldaritzaren munduaz; izugarrizko lana egin dute hilabete gutxian, eta hori eguneko menuan ikus daiteke, besteak beste».

Basque Culinary Center sukaldaritza eskola baino askoz gehiago da, baina graduko lehen urtean sukaldaritzaren eta zerbitzarien alorrean «oinarri sendoa» ipini nahi dute, datozen urteetan beste gaitasun batzuk lantzeko: kudeaketa, ikerlana, berrikuntza... «Hori dena lehenengo ikasturteko oinarriaren gainean eraiki behar da», azaldu du Alex Beitiak.

13:30erako entsalada buffeta ahitzen ari da, eta kafetegiko tabernaren aldean ez da bezero gehiagorik sartzen. Jo eta su ari dira BCCko ikasleak, bai sukaldean, bai barran, bai mahaietan zerbitzatzen ere; mahaikideen kopak husten diren begiratzen dute adi-adi, haiek betetzeko atzera. Erreserbak telefonoz hartzen dira; han bazkaltzeko bide bakarra da hori, zenbat bezero hartuko dituzten jakin behar baitute une oro.

Lehenengo ikasturtean dauden ikasleek trebakuntza handia izango dute urte eta erdi barru; ordurako jatetxe bateko jangela gisa ariko den areto bat zabalduko du BCCk. Lekua prest da jadanik. Han ere bezeroaren iritzi zorrotza beharko da, eta, hortaz, menuak eskainiko dituzte, baina are landuagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.