Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Bat Gara

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Euskal Herrian dauden hiru txakolin sor-marketatik, Arabako Txakolina da txikiena eta gazteena. XIX. mendean mahastiak 550 hektareatan hedatuta bazeuden ere, gaur egun ehun hektarea baino ez daude mahastiz osatuak. Aiaraldera mugatuta dago jatorri izena, Arabako iparraldean: Aiara, Artziniega, Amurrio, Laudio eta Okondo herriek osatzen dute eskualdea.

Gaur ezagutuko dugun upategia, Bat Gara, Lezama herrian dago, Amurrioko udalerrian. Upategia 2014an sortu zen, baina esan daiteke bi urte lehenago abiatu zutela dena, lagun talde batek Roberto Olivan enologo eta aholkularia (Tentenublo) kontratatu zuenean, Aiara eta Arrastarian zuten mahastiak kudeatzeko, Arabako Txakolina jatorri izenaren barruan.

Olivanek, mahastiek eta mahatsek zuten kalitatea ikusirik, txakolina egiteko upategi bat sortzera animatu zituen, eta hortik sortu zen Goianea kooperatiba, Jose Cruz Guinea Amurrioko Bideko jatetxearen jabeak, Txema Gotxi abeltzain eta mahastizainak, eta Juanjo Tellaetxe apaizak osatua. Roberto Olivanek 2015ean utzi zuen, eta Arabako Errioxan Tentenublo proiektuari buru-belarri ekin; Tellaetxek, berriz, elkartea utzi, eta Tantaka Wines proiektu pertsonala abiatu zuen.

Bat Gara-k sei hektareako mahastia du Lezaman, Gorobel mendilerroaren eta Gorbeia inguruko mendien artean, klima kontinentalaren nolabaiteko eraginaren pean, baina klima atlantikoa nagusi dela. Lursail nagusi bi dituzte, biak ere pinudi eta haritzen artean.

Arrugalde bi hektareako mahastia da, 2008an landatutako hondarribi zuri, hondarribi zuri zerratia eta riesling mahatsez osatua. Urtaran lursailean dagoen mahastiak izena ematen dio upategiko ardo bati. Hondarribi zuri eta hondarribi zuri zerratia dira nagusi hor, eta bertan bizi da Txema Gotxi.

Uno da upategiko ardo nagusia. Lehen aipatutako hiru mahatsen nahastea da, eta partzela bakoitzeko mahatsak bere aldetik egiten du hartzidura, altzairuzko deposituan. Gero bere hondarrekin (legamiaren hondarrak) ontzen ematen ditu beste sei bat hilabete, azidotasuna, bolumena eta oreka lortuz. Lehen aipatutako Urtaran izen berbera duen lursailean du jatorria, baina Arrugaldeko mahats pixka bat ere badauka. Hartziduraren ostean, zortzi bat hilabetez ontzen da bere hondarrekin, gaztainondoetan eta behin edo birritan erabilitako haritz hungariarretan, zortzi hilabetez.

Bat Gara markarekin beste ardo esperimental batzuk ere botilatzen dituzte, batez ere Txema Gotxik dituen interes eta jakin-nahiei jarraituta. Aromas del Surardoak —hondarribi zuri zerratiez egina— omenaldia egin nahi die jerez ardoei; hamar hilabetez guztiz bete gabeko hirurehun litroko upeletan ondua dago, kontrolpeko oxidazioak ematen dion ukitu berezia lortuta. Bat Gara 18 Meses eta Sutsu aparduna ere egiten dituzte.

Upategi txikia da, baina berezia eta bikaina!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.