Bi minutu eta hamasei segundo. Azken entzierroa izan da azkarrena, baina segundo gutxiren aldea egon da lasterketa askoren artean. Aspaldi honetan Miura eta sanferminak elkarrekin loturik dauden bi hitz dira, Lora del Rioko (Sevilla, Espainia) ganadutegiak ez baitu huts egiten eta tradizio bihurtu baita jada.
Lasterketa elkarrekin egin dute hasieratik bururaino, eta garbia izan da. Garbia, zentzu bikoitzean. Izan ere, asteburuko jendetzaren ostean, ohi baino korrikalari gutxiago zeuden 875 metroko ibilbidean, eta horrek erraztu egin du. Era berean, garbia izan da apenas egon delako zauriturik eta zezenek ez dutelako inor adarkatu. Ez dute inorengana jotzeko imintzio bakar bat egin.
San Domingoko aldapa azkar batean osatu dute. Joaldunek ezarri dute erritmoa, eta zezenek haien babesean egin dute aurrera. Ertzetan zihoazenek begiradak zuzendu dizkiete harrizko ingurune arrotz horretan zeuden pertsonei, baina aurrera jo dute.
Aldapa amaituta, abiadura handitu egin da, eta bi zezen beltz joaldunen parera iritsi dira, eta betiko legez ezkerrerantz jo dute. Bihurgunea garbi hartu dute, estropezu egin gabe, eta hortik aurrera lasterketa buru jarri dira. Joaldun gris batekin egin dituzte Estafetako laurehun metroak, elkarrekin lehian baleude bezala. Hasierako tarte horretan, zezenetako batek eskuinerantz jo du, jende gehien zegoen ingururantz, eta adarrak nahiko gertutik ikusi ditu korrikalariren batek.
Zezen beltz bat taldearen buru zihoan, beste bat ertzetik, eta gainerako laurak atzetik. Zezen multzoa batuta joan izanak zaildu egin die lasterkariei haien aurrealdean jartzea. Tarteak bilatu behar izan dituzte horretarako. Saldoren babesean, zezen batek lepoa biratu du, baina horraino iritsi da haren mehatxua, bertan zeudenen zorionerako.
Amaiera aldera sortu da tentsiorik handiena. Telefonicako bihurgunera iritsita, ertzetik zihoan zezenetako batek bere abiaduraren indarraren poderioz harantz jo du, eta albotik pasatu zaie hainbati. Gazte batek, geldirik, beregana zetorkiola ikusi du, eta ezin izan du ezer egin, baina zezenak ez du ezer egin. Trantze zail horretatik nahiko onik atera dela ematen du.

Plazarako maldan, abiadura handitu da, zenbait erori egin dira, baina zezenek une oro egin dute aurrera. Elkarrekin iritsi dira, eta zuzenean ukuiluetara jo dute.
Gurutze Gorriak egindako lehen irakurketaren arabera, hiru korrikalarik zaintza berezia behar izan dute: bi ospitaleratu dituzte, eta hirugarren batek zezen plazako osasun zerbitzuen arreta berezia jaso du. Ez dute inor adarkatu.