Santiago Jimenez (Villaverde del Rio, Espainia, 1965) bere jaioterriko alkatea da. 7.500 biztanle inguru dituen udalerri horretan politika marxista lantzen ari dira, eta horren berri emango du gaur, 19:30ean, Engels Ateneoan (Errementari kalea, 8), Tolosan (Gipuzkoa), honek antolaturiko Aste Iraultzailearen harira.
Hausteskundeetara aurkezterakoan, azaldu zenuten ideologia marxista iraultzailea zenutela.
Guk ez genuen ezkutatu udal hauteskundeetara aurkeztu ginenean gure programako ideologia marxista iraultzailea. Izquierda Unidan eta Alderdi Komunistan programa hori sartzen da eta guk praktikarekin defendatzen dugu. Gure eguneroko lan moduak oso hurbilekoak dira, eta herritarrek eta langileek erraz ulertzen dituztenak. M-15 mugimendua, esaterako, beste politika mota bat ari da aldarrikatzen; gure ustez, gu egiten ari garen politika mota gertuago dago herritarrek eskatzen dutenetik, orokorrean egiten den politika ofiziala baino.
Zer lanketa egiten duzue?
Zeini begira lan egiten dugun da puntu garrantzitsua. Gure lana, batez ere, langileei eta gazteei begirakoa da, hau da, egun gizarteko bi sektore babesgabeenak eta zapalduenak. Beraz, sektore horietakoak izaten diren guneetan egiten dugu lan: lantegietan, nekazaritzan, eraikuntza, eskoletan, auzoetan, kalean... Eta horretarako gure metodoa batzarrak egitea da. Arazoa dagoen eremukoekin egiten ditugu batzarrak: lantegiak, auzoak... Guretzat garrantzitsuena da herritarrak konturatzea beren arazoen konponbidean zuzenean parte har dezaketeela eta askotan erabakigarriak direla irtenbideak lortzeko. Pertsonek, antolatuta, askoz indar handiagoa dute alderdi, sindikatu edo udal batek baino.
Eta batzarretan erabakitakoa gero osoko bilkuretan onartzen da?
Hori da. Kontua ez da erabakiak bulegoetan hartzen dituen udal bat izatea, herritarrengandik aparte. Justu kontrakoa da: lehenengo benetako parte hartze baterako baliabideak jartzen ditugu, eta gero, udalean, erabaki denari forma legala ematen zaio.
Herritarrek parte hartzen dute?
Batzarren bidezko parte hartzeak ere bere arauak ditu. Zergatik dugu jendea etorriko den ziurtasuna? Arazo bat duelako. Hau da, urtero uholdeak izaten dituen auzo batean gai horri buruz batzar bat egiten baduzu, ziur etorriko dela jendea; edo lana banatzeko batzar bat egiten baduzu, ziur langabezian dagoena etorriko dela. Kritikatu izan dute esanez jendea bere interesen arabera mugitzen dela. Baina nola behar du, ba, bestela? Eta ez al da zilegi jendea bere baldintzak hobetzeko mobilizatzea?
Lan egiteko modu horren lorpenen adibide bat eman dezakezu?
Parte hartzeko metodologia hori ere borrokatzeko modu bat da. Daukaguna kendu nahi digute eta oraindik lortzeko asko dugu. Niretzat, politikak borrokatzailea izan behar du. Metodologia hau martxan jartzen ari gara eta ikusten dugu aukera bakarra dela eskubideak atxiki ahal izateko. Murrizketak hona ere iritsi dira. Zerbitzu bat dugu haur ezinduak artatzeko, hamar udalerriren artean. Diputaziotik eta Andaluziako Juntatik etorri ziren murrizketak, eta, hori ikusita, udalerri guztietako gurasoak bildu genituen eta ikusi zuten beraiek zirela protagonistak eta egoera horri erantzuna ematea bazutela. Hiru egunera murrizketak bertan behera utzi zituzten.
Santiago Jimenez. Politikaria
«Batzarrak egitea da geure metodoa, eta jendeak parte hartzen du»
Andaluziako Villaverde del Rio herriko alkate aukeratu aurretik argi esan zuen marxismo iraultzailea erabiliko zuela herriko arazoez arduratzeko orduan. Gaur, Tolosan azalduko du emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu