Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Orein bilakatu neska izeneko euskal balada Piarres Lafitte Iparraldeko hizkuntzalariak jaso zuen 1965ean. Labur kontatuta, Pazko arratsean neska bat orein bihurtzen da. Gauez Maddi da; egunez, ordea, orein handia. Jakes anaia ehiztaria da, eta, amari ez entzunarena eginda, hausnarkaria ehizatu egiten du zakurrek heldura eginda. Eta gero jan. Amak, gertatutakoa ikusita, mingarriki bere buruaz beste egiten du.

Joseba Lakarraren ustez, Nafarroa Behereko euskalkiaren aldaeraz idatzia da Lafitteren aurkikuntza. Gure Herria astekarian agertu zen aurreneko aldiz, baina informatzailerik eta testuingururik eman gabe. Ordea, egundoko oihartzuna izan zuen balada horrek, eta, xumea izanagatik ere, hizkuntzalari askoren barrena mugiarazi zuen. Hori dela eta, horietako batzuek baladen inguruan esaten dutenari erreparatzea komeni da. Ezaguna denez, Erdi Aroko euskal gizakien jokabideak eta tragediak erakusten dizkigute baladek, eta, Juaristiri jarraiki, «balada bat poema narratibo bat da, autore bakarrak sortua eta autore samalda batek errepikatua». Izan ere, baladen ezaugarri nagusia horixe da: kontakizuna. Edo Kontapoesia, Juan Kruz Igerabidek Ahozko euskal literatura: antologia bat liburuan azaltzen duen moduan. Baladek formulak erabili ohi dituzte, eta formulok ahozko tradiziorako ezinbesteko baliabideak dira. Esaldiok baladaz balada ibili ohi dira, firin-faran etengabeko dantzan, ostertz poetikoan barna. Errimak baladaren mezua finkatzen laguntzen du. Alta, testuak norberaren gogoan bermaturik jarraituko du. Akaso, herriaren baitan sosegu handiz, menderik mende.
Txomin Peillen Karrikaburu euskal idazle eta euskaltzain osoak oreinekiko miresmenean jarri zuen arreta, eta Lafitteren balada euskaldunek orein-gizonengan izan ohi duten sinesmenarekin lotu. Jesus Antonio Cid baladen adituak, haatik, frantses testuetan iltzatu zuen begirada: Lafitteren kantak antza handia zuen Frantzia zabalean oihartzun handikoa zen La blanche biche baladarekin. Jon Juaristiren arabera, Orein bilakatu neska oso daitekeena da Euskal Herrian barrena zebiltzan poeta herrikoien ekarpena izatea. Edota, akaso, hasierako ekoizpen baten ekarpena. Finean, ahozko literaturaren ohiko ezaugarria kate poetikoa da, baladaren aldaera segida bat.
Musikaren eskutik
Zuberoan eta Ipar Euskal Herriko beste zenbait lekutan garatu den tradizio liriko berezia da maitasunezko balada. Genero oso definitua du, amodiozko gaiak nagusi dituela. Horren inguruan sentipen eta oinaze durduzagarriak agertuko dira. Haizea musika taldeak Lafitteren testua landu eta ezagutaraztera eman zuen 1978an. Ura isuririk izenburua hautatu zen. Urte batzuk geroago, besteak beste, Benito Lertxundik eta Jean Mixel Bedaxagarrek beren moldaketak egin zituzten. Urdiñarbetarrak estilo soil eta apaindurarik gabea baliatu zuen. Berez, maite balada ez izan arren, Ura isuririk Europan zehar hedaturiko ipuin harrigarri baten baladazko bertsioa da, kanibalismoaren zantzuak gordetzen dituen pieza kitzikagarria. XXI. mendean, Mariasun Landa idazleak horren bertsio egokitu bat ezagutaraztera eman zuen, haur eta gaztetxoei zuzendutako Azken balada liburu zainduan. Literatur tailer bat ere proposatzen du Lafitteren balada ikasgelara eroateko. Zehaztasun guztiak Txikiaren handitasuna literaturan liburuan jaso zituen Landak.

Piarres Lafitte (1901-1985) hizkuntzalari, kritikari eta historialariaren lanak arrasto sakona utzi zuen euskal hizkuntzaren eta kulturaren zaintzan. Ipar Euskal Herriko Luhuso herrian jaio eta euskarari eskaini zion bere bizitzaren zati handi bat, baita herri honetako tradizioak eta ohiturak ikertzeari ere. Orein bilakatu neska balada ezagutzera eman zuen gertaeraren leku zehatza aipatu gabe. Iratiko basoa hautatu da oraingoan Erdi Aroko balada ezagunari eszenatoki aproposa ematearen kariaz.
Eskaletako gailurrak Zuberoako herrialdearen eta gertu dagoen Nafarroa Beherearen ikuspegi panoramiko liluragarria eskaintzen du. Talaiaraino igotzea besterik ez da behar behatoki aparta dela egiaztatzeko. Besteak beste, Iratiko basoa, Orhiko piramide malkartsua eta Pirinioetako hainbat eta hainbat tontor harrapatuko ditu ibiltariak ikusi-pasada arin batez. Hegoaldeko mazela atsegina eta umila izanagatik ere, iparraldekoak, haatik, magnetismoa darion aurpegi tentagarria erakusten du: harkaitzezko zirku handi bat bezala agertzen da orduan, korridore eta mendi mazela malkartsuek hartuta. Arbasoak parajeotan ibili ohi ziren beren artaldeekin, bazterrotan topatutako zorroztarriak erakusten duen bezala.
Eskaleta eta Arthanolatze
Ibilbide honen abiapuntua Bargagoetako lepoa da (Iratiko txaletak, Zuberoa). Larraine herrian errepide estua bezain bihurgunetsua hartu, eta Uhaitza ibaiak hondeatutako ibarrean gora egingo du ibiltariak. Bakantzetako etxolak ezkutatzen dituen lepora iritsiko da magalean gora sugetzen duen errepideari segika. Hala ere, batzarri gunea Hegixuriko lepoan egokitu dute, eta, bertan, aparkaleku zabala dago. Xenda batek gidatuko du ibiltaria Bargagietaraino. Harsudürra edo Eskaleta mendira doan bide seinaleari jarraituko dio txaleten aparkalekutik. Bide zabala gidari, pagadian barrena egingo ditu lehen metroak. Muinoa inguratzen joango da, eta, behin pagaditik irtenda, Schroth 4 dioen seinaleari men egingo dio. Gero, Iratzabaletako leporako urratsak egiten jarraituko du. Begirada atzera bidalita, Orhi mendiko puntak atentzio osoa erakarriko dio. Aurrez aurre, ordea, belazez jantzitako Eskaleta gaina. Azken etxolatik behera egingo du bide harritsutik eta, pagadian barrena sartu-irtena egin ostean, Eskaleta mendiaren oinaldean zabaltzen den lepora iritsiko da.
Tontorrera doan bidexkak ez du galbiderik. Hasieran bidexkak lubaki baten antzera gidatuko du txangozalea. Tontorretik hurbil, zidorra bitan banatzen delarik, GR zidorrak Eskaletako mendebaldeko lepora joko du zuzen-zuzen. Mendizaleak, ordea, arrasto horiak lagun, malda pikoari aurre egingo dio. Hala, lastoz, otakaz eta txilarrez jantzitako aldats gora egingo du. Astiro hartuko du igoera eta, laster, tontorrean izango da.

Hegoaldean Millagarateko gainak altxatzen dira, eta, horien ondo-ondoan, Orhiko gain ezaguna. Iparraldean, ordea, Arbailetako mendigunea harrapatuko du bidazti zoliak, han Ahüzkiko parajea nabarmentzen delarik. Pirinioetako eta Zuberoako tontor ugari antzemango ditu Eskaletatik. Sekulako ikuspegia zabalduko da Larraine eta Altzai, Altzabeheti eta Zunharreta mugak dituen Eskaleta tontorretik.
Mendebaldean Arthanolatze gaina gailentzen da, eta hara bideratuko ditu bere pausoak. Behin tontorreko paisaiaz bapo gozatu ondoren, jaitsiera bizia egingo du mendebalderantz, eta Lepotxipira helduko da. GR-10 zidorraren arrastoak ikusiko ditu han. Berez, Ahüzki aldera egingo dute bide seinale horiek, Eskaletako iparraldeko mazela zeharkatuta. Ibiltariak, aldiz, lepotik gora egingo du, eta eginahalaren eginahal Arthanolatzeko tontorrera igoko da. Hegoaldera begiratuta, Iratiko erreka gainetik, Hegixuri muinoaren ekialdean Iratiko batzarri gunea ikusiko du.
Tontorretik hego-ekialdera jaisten hasiko da, bizkarretik aldendu gabe. Jaitsiera bizia egingo du Murrolatzeko etxolaraino. Kaiolarrera iristen den basabidetik segituko du. Pagadian sartu-irtena egin ostean, basabidea laga eta ezkerretik doan zidorrari oratuko zaio. Goratasuna galtzen arituko da pagadiaren aleak han eta hemen dituela. Basoa soiltzen denean, zidor estu batek maldan behera bideratuko du txangozalea, Zihigolatzeko bortu bidera helduta; ezkerretik segituko du, eta, Artekillarerreka zeharkatuta, Iratzabaletako lepoan izango da berriz. Iratiko etxoletara joanean egindako bidetik edo lepora iristen den basabidetik itzuliko da.