Udako seriea. Opor ereduak (V)

Batzuen oporrak, besteen lana

Batzuek udako oporrak hartzen dituztenean, beste batzuei lan egitea egokitzen zaie. Igerilekuen ertzetan, umeen kanpaldietan, txakurren zainketan eta ostalaritzan aritzen dira haietako batzuk.

Aranzadiko igerilekuetako sorosle bat lanean, eta ondoan bainularia, eguzkitan, 2022an. JESUS DIGES / EFE
Aranzadiko igerilekuetako sorosle bat lanean, eta ondoan bainularia, eguzkitan, 2022an. JESUS DIGES / EFE
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak 

 

Etxebeste familiako kideak ezin dira urtero bezala Marbellako (Espainia) hondartzara joan, eguzki azpian atseden hartzera. Aupa Etxebeste! (2005) pelikulako familia oporrik gabe geratzen da Patrizio Etxebeste enpresaburu eta alkategaiak zeukan diru guztia xahutu duelako, eta, herriko biztanleen zurrumurruez ihes egiteko, etxean geratzen dira, ezkutuan. Udako oporrik gabe geratzen dira, etxean sartuta. Oporrekin eta jaiegunekin lotzen da uda iruditeria kolektiboan, baina jende askorentzat lanerako sasoia izaten da. Etxebestetarrek ezin zuten oporrak egin gabeko itxurarik eman, baina beste etxe batzuetan lan egin behar da udan ere, beste batzuek oporrak egin ditzaten.

Errutina apurtu eta etxetik kanpora joatea erabakitzen dutenek ere izaten dituzte buruhauste batzuk. Batzuetan, familiako kide bat atzean uzteko erabaki zailari aurre egin behar diote: etxeko animalia non utzi. Beti ez dago beste senide bati maskota uzteko aukera, eta dilema bat sortzen da: zer egin haiekin. Maskotak zaintzeko hainbat aukera daude, eta jabe askok animalientzako hotelak aukeratzen dituzte. Ines Fernandez Altsasuko (Nafarroa) Las mascotas de Ines zentroko langilea da, eta 1995ean txakurrak zaintzen lanean hasi zenetik, urtez urte eskaria nola handitu den ikusi du.

«Ez dakit jendea konturatzen den lanean ari naizela; ezin ditut haien mezu guztiak erantzun eta aldi berean txakurrak zaindu» 

INES FERNANDEZ Txakurren zaintzailea

Uda da Fernandezentzat garairik lanpetuena. «Ez dut aurkitu nire inguruan txakurra zaintzeko prest dagoen inor» eta antzeko esaldiak askotan entzuten ditu zaintzaileak. Txakurren jabeak haien eremuan agertzen dira, kezkatuta, txakurra utzi ala ez zalantzan, baina oporretara joateko gogoz. Fernandezek 26 txakur ere izan ditu beren lurretan korrika; txakurrak taldeka banatzen ditu, eroso sentitzen diren taldeetan, eta jolasteko gogoa badute, haiekin jolasten da. 

Lanbide ikusezina

Hasi zenetik aldaketa «handia» nabaritu du txakurraren eta jabearen arteko harremanaren artean, alde batetik onera, eta bestetik txarrera: «Txakur gaixoa gosez hiltzen zuten trebatzaileetatik dena litxarreriarekin egiten dutenetara pasatu gara, eta hori ere ez da ona. Bezeroa askoz zorrotzagoa bihurtu da; batzuetan, bideragarriak eta logikoak ez diren gauzak eskatzen ditu».

«

Jendea oporretan dago, eta ez zaio okurritzen gu lanean ari garela. Horregatik, zaila izan daiteke turistekin lan egitea» 

JASONE BAYLON Zerbitzaria

Fernandezen esanetan, askok ez dute lanbidea serioski hartzen, «soilik» txakurrekin jolastea dela uste baitute. «Zeinen ongi zauden txakurrekin korrika, alde batetik bestera!», esaten diote askok; baina itxura bukolikoa da hori, zabaltzen den irudia. Bere lanean «bi sektore» elkartzen direla esan du zaintzaileak: abeltzaintza eta ostalaritza. «Animaliek egunero jaten dute, ura edaten dute, eta egunero kaka egiten dute; abeltzaintzan bezala. Gero, hotel bat garenez, ostalaritzaren alorra kontuan hartu behar dugu, bezeroaren zatia, alegia. Bi sektore okerrenen arteko hibridoa gara!».

(ID_17531097693485) Ines Fernandez txakur zaindaria
Ines Fernandez txakur zaindaria, oporretan daudenen txakurrak zaintzen. INES FERNANDEZ

Txakurrekin konexio «berezia» duela onartu du Fernandezek, badakiela animaliak nola tratatu eta trebea dela haien hizkuntzan. Beraz, abeltzaintzaren alorra ez da zailena zaintzailearentzat, ostalaritzarena baizik. Fernandezek poliki-poliki kanporatu behar ditu jabe zalantzatiak bere eremutik, eta minutu batzuk geroago mezu bat jasoko du sakelakoan: «Zer moduz dago nire txakurra?». Bazkaltzean, afaltzean eta lanean ez dagoenean jasotzen ditu horrelakoak: «Ez dago deskonexiorik. Oporretan daude, jatetxe batean esertzen dira bazkaltzera, eta orduan erabakitzen dute niri mezu bat bidaltzea. Ez dakit jendea konturatzen den lanean ari naizela; ezin ditut haien mezu guztiak erantzun eta aldi berean txakurrak zaindu». 

«

Bazkide batzuek zure lana baloratzen dute, baina beste batzuek gutxiago izango bazina bezala tratatzen zaituzte

» 

GORKA BELASKOOberenako mantentze langilea

Oporretan joan diren horietako batzuen mahaiak prestatzen ditu Jasone Baylon zerbitzariak. Udan Elizondoko (Nafarroa) Mendia ostatuan lan egiten du, eta terraza pixkanaka-pixkanaka turistaz nola betetzen den behatu du: «Nire lanean, turismoa handitu dela nabaritzen dut gehienbat ni gehiago estresatzen naizelako, eta lan gehiago dagoelako». Mahaiak jendez betetzen direnean bezeroez arduratzea «zailena» dela azaldu du Baylonek; batzuen pazientzia urria agortu egiten da, eta, horren ondorioz, komentario desatseginak jasotzen ditu langileak. 

(ID_17531560965555) Elizondoko Mendia taberna
Jasone Baylon zerbitzariak lan egiten duen Elizondoko Mendia taberna.

Tratatzeko moduan desberdintasunak sumatu ditu, helduagoak diren lankideekin hitz egin izan duenean: bezero batzuek gazteei errespetu «gutxiago» erakusten dietela ikusi du. Hala ere, ostalaritzan udan lanean aritu eta gero, Baylonek gehiago baloratu du ostalaritzaren garrantzia; lagunekin afaltzera joaten denean, barraren atzean dagoen langilearen egoera ulertzen du: «Jendea oporretan dago, eta ez zaio okurritzen gu lanean ari garela. Horregatik, zaila izan daiteke turistekin lan egitea».

Aisialdiaren atzean

Lorategiak konpondu, ezer hautsi ez dela egiaztatu, eta igerilekuko ura aztertu, ateak ireki aurretik. Horiek dira Gorka Belasko Iruñeko Oberena klubeko mantentze lanetako langileak egin behar dituen eginkizun batzuk. Sorosle gisa hasi zen aspaldi, eta, teoria eta urpekaritza klaseak uztartzen zituen ikastaro intentsibo bat egin ondoren, igerilekuaren ertzak zaintzen hasi zen, betiere inork «txorakeriarik» egiten ez zuela kontrolatuz: «Udako garaia negukoa baino askoz gogorragoa da; igerilekuan askoz lan gehiago dago».

Orain, mantentze lanetako langile gisa, goizeko txandan 06:00etatik 14:00etara aritzen da lanean, edo, bestela, arratsaldeko txandan 14:00etatik 22:00etara; azaldu duenez, klubeko bainularien iruzkin positibo handirik ez du jasotzen normalean: «Bazkide batzuek zure lana baloratzen dute, baina beste batzuek gutxiago izango bazina bezala tratatzen zaituzte».

«Haurrentzako kanpaldietako begiraleak hoberenak gara, benetako erreferenteak. Eskolarekin konparatuta, hor libre ibiltzen dira» 

TERESA UNZUE Begiralea

Igerilekuetan ez, baina lakuetatik gertu lan egitea egokitu zaio Teresa Unzue kanpaldietako begiraleari. Dindaia fundazioan egiten du lan, eta hainbat kanpalditan egon da umeak zaintzen: Zuhatzako kanpaldian (Araba), Hondarribikoan (Gipuzkoa) eta beste hainbat herritan. Ibilbide luzea duenez, kanpaldietako arduraduna izan ohi da normalean, eta uda osoan antolatzen diren ekintzez arduratzen da. «Arazoren bat badago, nik konpondu behar dut, eta gurasoekin hitz egiteko ardura nirea da», argitu du.

(ID_17531098082535) Teresa Unzue kanpaldietako langilea
Teresa Unzue kanpaldietako begiralea, umeekin lanean eta jolasean. TERESA UNZUE

Gurasoak oraindik lanean daudenean, ekainean eta irailean batez ere, kanpaldiak «oso lagungarriak» direla azaldu du Unzuek: «Askotan ez dakite zer egin umeekin. Haiek oraindik lanean daude, baina eskola amaitu da». Umeak «gogotsu» iristen dira kanpaldietara, ongi pasatzeko irrikan; eskolako arau zurrunetatik askatzeko aukera dute kanpaldietan, eta begiraleak miresten dituztela aipatu du: «Haurrentzako kanpaldietako begiraleak hoberenak gara, benetako erreferenteak. Eskolarekin konparatuta, hor libre ibiltzen dira».

Gurasoen konfiantza lortzea da zailena Unzuerentzat. Begiralea gaztea denez, mesfidantzaz begiratzen dutela sumatzen du, lana serioski hartuko ez balu bezala. Hala ere, udako kanpaldien garrantzia azpimarratu nahi du: «Nahiz eta gizartean ez egon ongi baloratua, uste dut kanpaldiak oso garrantzitsuak direla haurrentzat. Eskola oso inportantea da, baina aisialdia haurren parte ere bada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.