«Baleontziaren kopia ikusi duenean emozioz bete da, eta ezin zuen hitzik egin», esan zuen atzo Jon Maia Albaolak, Itsas Kultur Erakundeko komunikazio arduradunak. Robert Grenier (Trois-Rivieres, Quebec, 1938) itsaspeko arkeologoaz ari zen Maia. 1978. urtean, San Juan galeoiaren aztarnak topatu zituen Grenierrek Red Bayko ur hotzetan, Kanadan. Ontzia egiteko lanak ikustera eta hitzaldiak ematera etorri da Euskal Herrira.
Zure bizitza aldatu zuen 1978ko iraileko egun hartan, nolakoa izan zen San Juan euskal baleontzia aurkitu zenueneko unea?
Bagenekien han zer edo zer egongo zela, kostan, lumera —balea koipea— egosteko euskaldunen labeen arrastoak zeudelako. Oñatin [Gipuzkoa] topatutako agiriek ez zuten lekurik zehazten, baina ontzi honetan, euskaldunen historia eder honetan, dena ondo atera zen, erraz. Astelehena zen, lankide batek hondakin batzuk ikus zituen goizean. Eguerdian neu jaitsi nintzen, eskua mugitu nuen mago batek bezala, hondarra kentzeko: barrika pusketak agertzen hasi ziren. Eskularrua kendu nuen, ura zero graduan egon arren, eta koipe antzeko bat sumatu nuen barriketan.
Zer izan zinen lehenago, urpekari edo arkeologo?
Arkeologo. Louisbourgeko gotorlekuan ari nintzen lanean, Eskozia Berrian. Kanadaren historiaren laburpena da Louisbourg, euskaldun asko pasatu da handik, arrain asko egon delako. Urrez eta zilarrez beteta 1725ean hondoraturiko Le Chameau ontzian ari zen altxor bilatzaile bat ezagutu nuen. Oso kirolzalea nintzen betidanik, etxeko bost anaiak bezala. Baina neure buruari esana nion bazirela bi kirol inoiz egingo ez nituzkeenak: paraxutean bota eta itsas azpian sartu.
Zergatik?
Oso arretagabea naizelako, oraindik ere banaiz, eta uste nuen ur azpira sartuz gero gazte hilko nintzela. Laguntzeko esaten zidan altxor bilatzaileak, baina ezetz esan nion luzaroan. Halako batean, ontziko agiri bat erakutsi zidan: esaten zuenez, ontzian nire jaioterriko gobernadore izateko aukeratutakoa zegoen. Orduan, ur azpian sartzearena, famili kontua bihurtu zen. Ez nekien baietz horrek Euskal Herrira ekarriko ninduela, egitasmo ikaragarri honetara.
Zero graduan dauden uretan murgildu zara 50 urtez.
Urpekaritza kirolik errazena da: ez duzu orekarik, indarrik edo teknikarik behar. Arnasa hartu eta lasai egon, ez duzu besterik behar. Ni lehenengo aldian ongi sentitu nintzen, klaustrofobiarik gabe. Hotza? Euskaldunek hotzarekin nabigatzen zuten, eta hotzarekin arrantzatzen zuten. Euskaldunak janzten ziren hobekien arrantzarako, bretoiak edo eskandinaviarrak baino hobeto; ondo egiten zituzten oinarrizko gauzak. Horri esker, goizean ateratzen ziren bakailaoa arrantzatzera; besteak, eguerdian. Euskaldunek ontzia beteta zeukaten besteek erdia betetzen zutenerako.
Ontzia eta haren kopia egiteko egitasmoa Euskal Herriaren historiaren metafora gisa ikusi nahi dute batzuek. Zuzen dabiltza?
Bai. Ontziak une zailak izan zituen, hondoratu egin zen. Baina une zail eta ezbehar hari esker, gehiago eman du. San Juan itzuli izan balitz, bere zamarekin, ez genuen haren berririk izango. Hondamendiari esker, ontzia Red Bayn geratu zen, euskal teknologiaren historiaren berri guri emateko. Batzuetan, tragediak onerako izaten dira. Euskaldunek ontzi berria amortizatzen zuten lehen bidaiarekin, eta, ondoren, Sevillan [Espainia] saltzen zuten. Horregatik, Kariben topatzen dituzten galeoi gehienak euskal ontziak dira, aurretik balearen arrantzan ibilitakoak. Lehen, galeoi espainiarrak esaten genien ontzioi; orain, San Juan-i esker, euskal galeoiak esaten diegu.
Parcs Canada urpeko arkeologia taldea zuzendu zenuen 1979tik 2010era, eta Unescoren alor horretako nazioarteko zientzia batzordeko lehendakaria izan zara hamar urtez. Erretiroa hartu zenuen aspaldi. Ibiltzen zara urpean?
Bai. Jamaikan izan nintzen duela hiru urte, Port Royal tsunami batek urperaturiko hiria Unescorentzat ikertzen. Kaleak han daude; etxeen hormak, zutik... Liluragarria da. Pirateriaren munduko hiriburua izan zen. Tintinen Le Trésor de Rackham Le Rouge komikiko hiria da.
San Juan aurkitu, eta 30 urtez ikertu ondoren, haren kopiaren sabelean zaude. Zer sentitzen duzu?
Gogoratzen dut Euskal Herrian ere batzuek esaten zigutela hura ezin zela izan euskal galeoia, ontzi ingelesen forma zuelako. Ez ziren konturatzen ingelesek euskaldunen eraikuntza teknikak kopiatu zituztela. Euskaldunek sekulako gauza ederrak egin dituzte munduan, baina inoiz ez dizkiete aintzat hartu. Baina igartzen da: San Juan ontzi honek karma ona dauka, garaile karma.
ATZEKOZ AURRERA. Robert Grenier. Itsaspeko arkeologoa
«Batzuetan, tragediak onerako izaten dira»
Urpekari arkeologo quebectarrak topatu zuen 'San Juan' baleontzia, 1978. urtean, Kanadan. Galeoiaren kopiaren barruan mintzatu da urpeko arkeologiaren ikur bihurtu zen aurkikuntzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu