Iñaki Perurena Interneteko fenomeno bilakatu zen azaroko bigarren astean, Bilbovision katerako Manu Redondo aurkezleak egin zion elkarrizketa baten bideoarekin. «Zeure burua euskaldun-euskalduntzat daukazu, ezta?» galdetu zion Redondok. «Eduki ez, euskalduna naiz», erantzun zion Perurenak. Hitz haiek gogoratuz eta Perurenak sorbalda gainean irrati bat duela, Izan zaitez halabelarri! No es que me sienta, lo soy lelopeko bazkide kanpaina prestatu du Gasteizko Hala Bedi irratiak.
Uda bitartean iraungo du kanpainak, halabelarri berriak lortzearen aldeko apustua pisuzko apustua baita irrati librearentzat. «Halabelarriei esker iraun du irrati honek 28 urtean zehar bere lekuan, beraiei esker dago oraindagoen lekuan. Gure izaeraren definizio garbiena halabelarriak dira eta izango dira aurrerantzean», diote Hala Bediko kideek.
Horregatik, «irrati hau beraiena sentitzen dutenak irrati hau izatera pasatzea» nahi dute kanpainako sustatzaileek. «Bakoitza ahal duena emanez harria mugitzea errazagoa baita beti».
Uda iritsi bitarteko hilabeteak «mugituak» izango direla aurreikusi dute. Baita irratiaren etorkizunari dagokionean ere.
Irratiko bazkide egiteko Hala Bedi tabernara gerturatu eta han dauden postaletako bat betetzea nahikoa da. www.halabedi.org webgunean ere eskura daiteke.
Komunikazioa
Bazkide kanpaina berri bat jarri du martxan Gasteizko Hala Bedi irratiak
Aurrera egiteko halabelarri berriak behar dituztela adierazi dute irrati libreko kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu