Komunikazioa

BBCko zuzendariak dimititu ostean, bi albistegi buruek kargua utzi dute

BBCko presidente Chris Pattenek dio jendearen konfiantza berreskuratu behar dutela; «bestela, katearenak egin du»

urtzi urkizu
Donostia
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Crisis at the BBC (Krisia BBCn). Izenburu horrekin Erresuma Batuko irrati-telebista publikoaren webguneak atal bat sortu du. Hau da, bere barneko krisiaren berri ematen ari da, gardentasunez. Esparru ugaritan goraipatua izan da maiz BBCren eredua. Baina egunotan eskandalu iturri bilakatu da BBC bera.

Larunbatean BBCko zuzendari nagusi George Entwistlek dimititu zuen, karguan bi hilabete baino gutxiago egin eta gero. Arrazoia: azaroaren 2an Newsnight saioan eman zuten erreportaje bat. Saio horretan, Galesko iparraldean harrera etxe batean neska-mutiko adingabeek jasandako erasoez hitz egiten zuten. Eta Margaret Thatcherren gobernuko politikari kontserbadore bat jartzen zuen jomugan. Sare sozialetan, berehala, Alistair McAlpinen izena agertu zen, Thatcherren diruzain ohia. Akusazioa faltsua zen, eta McAlpinek gogor salatu zuen BBCren saioa, «difamazioagatik» auzitara eramango zuela adieraztearekin batera. Kritika zaparrada heldu zen, eta BBCko zuzendariak, azkenean, kargua uztea erabaki zuen. Erreportajearen emisioaren «azken erantzulea» bera zela adierazi zuen, nahiz eta elkarrizketa batean aitortu ez zekiela erreportaje hura eman behar zutenik.

Entwistle 1989. urtean sartu zen BBCn, bekadun. Vision ekoizpen saileko arduraduna izan zen. Newsnight programa izarreko zuzendaria ere izan zen, eta hainbat sari jaso zituen—hain zuzen ere dimisioa ekarri dio saio horrek—. BBCko zuzendari kargua irailaren 17an hartu zuen, Mark Thompson ordezkatuta. Une gozoagoa du Thompsonek, atzotik bera baita New York Times egunkariko zuzendari exekutiboa.

Thompsonek urteko 804.000 euroko soldata zuen. Txikiagoa jarri zioten Entwistleri, 558.000 eurokoa. Baina dimititu arren, dirutza hori jasoko du. Erresuma Batuko hainbat diputatuk kritikatu egin dute Entwistlek 558.000 euro horiek jasotzea. David Cameron lehen ministroak ere ordainketa kritikatu du, «justifikatzeko zaila» dela esanez.

Behin-behinean BBCko zuzendari kargua Tim Daviek beteko du, BBCko musika eta audio zuzendaria zena. «Kontrola berreskuratu beharra» aipatu zuen atzo Daviek.

'Savile aferaren' ondorioak

BBCko zuzendariaren dimisioaren aurretik, irrati-telebista britainiarrean beste eskandalu batek harrotu zituen hautsak: Jimmy Savile aurkezle zenaren ustezko abusu sexualak. 40 urtean 300 nerabez baino gehiagoz abusatu zuela argitaratu zuen prentsa britainiarrak. Newsnight saioak Savileren aurkako ikerketa bat artxibatu zuen, eta horren arduradun nagusiak Helen Boaden albistegietako zuzendaria eta Steve Mitchell zuzendariordea ziren. Bodenek eta Mitchellek dimititu egin zuten atzo, Savileren afera eta barne erreklamazioak konpontzen diren bitartean.

Nick Pollard Sky Newseko buru ohia ari da Savileren inguruko ikerketa independente bat egiten. Eta ikerketa hori amaitu bitartean, Boadenek onartu du ez dagoela ardurazko lanak betetzeko moduan. Fran Unsworthek eta Ceri Thomasek hartu dituzte albistegietako arduradun karguak, behin-behinean.

Krisiaren erdian, Chris Patten BBC fundazioko presidenteak adierazi du jendearen konfiantza berehala berreskuratu behar dutela. «Bestela, katearenak egin du». Halaber, iragarri du berrantolaketa «zorrotz eta erradikal» bat egingo dutela. Ikerketa kazetaritza egiten jarraitzearen alde azaldu da, «baina kontrola berreskuratu behar da lanketan, eta lanak ondo gainbegiratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.