BCulinary, sukaldaritza baino gehiago

Basque Culinary Centerreko lanak bide onetik doaz, eta fakultate berrian ekingo diote urrian ikasturteari; dagoeneko ehun lagunek eman dute izena, baina 50entzat besterik ez dago lekua.

Joxe Mari Aizeaga, atzo, BCulinaryren proiektua ezagutzera joandako bisitariei azalpenak ematen. A. CANELLADA/ ARP.
xabier martin
Donostia
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zientzia gastronomikoen munduko fakultate bakanetakoa irail honetan jarriko dute martxan Euskal Herrian. Donostiako Miramonen izango da unibertsitate mailako ikasketak eta ikerketak hartuko dituen zentroa. Eraikitze lanak bide onetik doaz, epeak betez. Kanpoaldea bukatu dute, eta barrualdeko instalazioekin ari dira orain. Bost solairuko eraikina —bost platera balira bezala— irailean inauguratzeko asmoa dute arduradunek, eta seguruenera urriaren hasieran eraikin horretan hasiko da ikasturtea ikasleentzat, estreinakoa.

«Anbizioz beteriko proiektua da, ausarta eta dimentsio handikoa; horri erantzun behar diogu hilabete hauetan». Joxe Mari Aizeaga BCulinaryko zuzendaria pozik dago egitasmoak egin dituen urratsekin. «Jende asko etorri zaigu galdezka. Ehun lagunek eman dute izena jadanik». Izena emateko epea abenduan zabaldu zuten, eta orain arte ehundik gora hautagai daude unibertsitate berrian leku bat eskuratzeko. Azkenean 50 izango dira ikasleak. Otsailetik aurrera hautatze prozesua egingo dute, curriculuma eta beste aldagai batzuk aztertuz. «Hasteko ez ditugu gehiago nahi. Datozen urteetan beharbada ikasle gehiago hartuko ditugu».

Askotariko ikasgaiak —Joerak elikaduran, Heziketa eta elikadura ohiturak, Elikaduraren ardura soziala...— emango dituzten irakasleen zerrenda ere osatzeke dago. «Irakasle titularrez gain, Euskal Herrian ditugun sukaldari handiek mintegiak, tailerrak, maisu eskolak eta abar emango dituzte, pribilegioa ikasleentzat».

Titulua lortu eta gero

Basque Culinary Centerreko ikasketak —lau urte, 240 kreditu— bukatzen duten lehenengo ikasleek unibertsitate mailako titulua izango dute, Europako eremuko goi mailako heziketakoa. Mondragon Unibertsitateak emango du titulua. Sukaldari bereziak izango dira tituludun horiek inondik ere. «Gure asmoa ez da BCulinarytik sukaldari soilak ateratzea; trebakuntza zabalagoa eta sakonagoa izango dute, zientziaren alorrekoa esaterako. Elikadura eta gastronomia arloetan hainbat lanbidetan aritzeko aukera izango dute. Sukaldariburu edo ostalaritza munduko enpresari izan daitezke, baina industrian ere ari daitezke. Zabala da tituluaren helburua».

Bestalde, izena eman dutenen jatorriari erreparatuta, gehienak Euskal Herrikoak dira; asko dira Espainiakoak ere. Europako batzuk badira, baita Asiako bakan batzuk ere. Eskoletako hizkuntza nagusiak gaztelania eta ingelesa izango dira. Euskaraz ere emango dituzte ikasgai batzuk, betiere taldeak eratzeko euskaldun nahikorik bada.

BCulinaryk askotariko finantzabideak eskainiko dizkie ikasleei, eta, horrez gain, beka sistema propioa jarriko dute martxan. Ez dute nahi lekua eskuratzeko prozesua gainditzen duen inor kanpoan geratu behar izatea matrikula ezin ordainduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.