Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Aste Nagusiko lehen egunean bederatzi lagun atxilotu dituzte hirian; horietatik bat indarkeria matxistagatik, eta beste bi, ukituak egiteagatik.
Atxilotuetako lau jai eremuan atxiki dituzte: ukituak egiteagatik atxilotutako biak, lesio delitua egozten dioten pertsona bat eta sakelako bat lapurtu duen beste bat.
Jai eremutik kanpo, berriz, bost atxiloketa egin dituzte: hiru lapurretagatik, bat indarkeria matxistagatik eta beste bat ebasketagatik.
Juan Mari Aburto alkateak jakinarazi duenez, denera 61 salaketa jaso dituzte, «iaz baino gutxiago». Dena den, indarkeria matxistarekin lotutako atxiloketak hizpide hartuta, eskatu du berma dadila «Bilboko emakumeak eta Bilbora datozenak nahi duten lekuan seguru ibiltzeko eta dibertitzeko eskubidea» izatea.

