Margolaria eta eskultorea

Jokin Arman: «Begiak ixten ditudanean, nire obrak nola geratu behar duen ikusten dut»

Inpresionismoan murgiltzen da Arman artista bere lanean, eta natura interpretatzen du: «Ikusten dudanaren marrazkiak egiten ditut, baina errealitatea interpretatzen dut».

Jokin Arman artista
IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Bera
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Izenik gabeko obrez inguratuta bizi da Jokin Arman margolari eta eskultorea (Bejar, Espainia, 1943). Normandiako lehorreratzearen egunean jaio zen, eta, ordutik, portuz portu ibili da influentzia berrien bila. Esaten du ez dela inongoa, baina Beran (Nafarroa) ditu sustrai sakonak. Izan ere, Trini Mikelarena bere emazte eta artistarekin batera, Armi arte galeria ireki du bertan. Jorge Oteizarekin eta Nestor Basterretxearekin lan egindakoa da, besteak beste, eta naturaren babesaren inguruko kezka islatu du bere eskultura eta margolanetan.

Nondik heldu zaizu pinturarekiko zaletasuna?

Familiatik jaso dudan zerbait da. Aitona mendira joaten zen egurra hartzera, eta horrekin bastoiak egiten zituen. Horiek margotu eta gero, herriko azokan saltzen zituen. Aitak beti transmititu zidan artearekiko maitasun hori, eta zazpi edo zortzi urterekin akademia batera eraman ninduen marraztera.

Margotzen nola ikasi zenuen?

Akuarelarekin marrazten ikasi nuen lehendabizi. Donostiako akuarelista batekin ikasi nuen —ipurterre hutsa zen—, eta, ikasle guztiak eskolatik ateratzen zirenean, ni nintzen geratzen zen bakarra; nik ez nuen gelatik atera behar irakasleak nola marrazten zuen jakin gabe. Teknika ikasi nuen; ez da zaila, baina arazoa da oso argi izan behar duzula zer marraztu nahi duzun, ezin baituzu zuzendu.

Zer gertatzen zen akatsen bat egiten zenuenean?

Nire lana zuzentzen nuenean, irakasleak marrazkia hartu eta apurtu egiten zuen. Etorkizunari begira, hori lagungarria izan da; begiak ixten ditudanean, nire obra nola geratuko den ikusten dut.

Jorge Oteizarekin eta Nestor Basterretxearekin hasi zinen lanean. Nolakoa izan zen esperientzia?

Mundiala. Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak Irunen [Gipuzkoa] muntatu zuten estudioan hasi nintzen lanean, 16 urte nituenean. Basterretxearen anaia arkitektoa zen, eta, ni delineatzailea nintzenez, han hasi nintzen lanean. Oteizari bere egitura handiak bultzatzen lagundu behar nion, eta Basterretxeak laguntza eskatzen zidan bere pinturen geometria zuzentzeko. Egun batzuetan, Basterretxeak esaten zidan: «Gaur kontuz ibili Jorgerekin [Oteiza], Arantzazuko eskulturak bota baitizkiote berriz eta haserre baitago». Jenio handia zuen, baina oso eskuzabala zen; ezagutu dudan pertsonarik argiena.

Arantzazun lan egin zenuen. Oroitzapen ona duzu?

Ez, oso txarra. Basterretxearen margolan guztiak ezabatu zituzten, eta Oteizak oso gaizki pasatu zuen. Basterretxeari elizako atzeko aldean kristoren irudi bat margotzeko eskatu zioten, eta berak alderantziz jarri zuen, publikoari bizkarra emanez. Apaizak asko haserretu ziren, eta margolana ezabatu egin zuten, jakina. Basterretxeak, orduan, haserre aurpegia egin zion kristoren irudiari, jendea belauniko jar zedin atetik sartzerakoan, beldurtuta. Eta hala izan zen.

Orain Arantzazu bisitatzen duzunean, zer etortzen zaizu burura?

Biek zuten indarra. Gertatu zitzaiena jasanezina izango zen askorentzat. Izaera hori jende gutxik garatzen du, suspertzeko izaera. Uste dut hori dela jaso dudan oinordetza. Oso gazte nintzenean sartu nintzen, eta jainkoak balira bezala ikusten nituen Oteiza eta Basterretxea; baina lan handia dago horren atzean.

Zer-nolako eragina izan zuten Oteizak eta Basterretxeak zure artean?

Bakoitzetik pixka bat hartu dut; ez dakit hartu dudana ona edo txarra den, baina zerbait neureganatu dut. Hurrengo belaunaldikoa naiz, eta zuhaitz handi baten itzalean hazi gara gu; une horretan oso indartsu zegoen, eta adarrak zabaldu zituen arbolaren azpian geunden. Bigarren mailan gaude, itzal horri aurre egitea ezinezkoa baita, baina asko ikasi nuen haiei esker.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Errealitatearekin jolastu nahi dut. Ikusten dudanaren marrazkiak egiten ditut, baina errealitatea interpretatzen dut; eboluzionatu egin behar da muga non dagoen ikusi arte, koadroak non gelditu esan arte. Benetako zuhaitzak egiten ditut hasieran, baina gero aurrera egiten dut guztiz desberdina den zerbait egiteko; erdi apurtuta dagoen zuhaitza, eta gero naturan suspertzen dena. Inpresionismoa da gehien erabiltzen dudan estiloa.

Natura da zure artearen oinarria?

Natura dena da niretzat. Larria da gertatzen ari dena: suteekin, berotze globalarekin eta ehizarekin, planeta suntsitzen ari gara. Horrek asko kezkatzen nau. Greziako mitologian oinarritzen naiz naturaz hitz egiteko; ezinezkoa da eragin horretatik ihes egitea. Eskultura batean lurretik ateratzen den sumendi gorri bat egin nuen, zehazki Jerusalemetik ateratzen dena, eta gerraren jainkosa irudikatzen du; hainbeste gerra eta suntsipen izan dira munduko eremu horretan...

Zer kolore du Malerrekak?

Udazkenarekin batera iristen dira maite ditudan tonuak. Larunbat eta igandean mendira igotzen nintzen, eta, astoez inguraturik, orduak ematen nituen margotzen.

Modu desberdinean hitz egiten duzu eskulturaren eta pinturaren bitartez?

Diziplina desberdinak dira, baina konexio hari bat dago. Eskulturak lan handia ematen du; eskuak puztu egiten zaizkizu materiala leuntzerakoan, nahiz eta pieza oso txikia izan. Baina, batez ere, margoa harriaren azalean irristatzen dudanean disfrutatzen dut. Harria margotzeko, aldi berean egindako pinturaren koloreak erabiltzen ditut; beraz, hor badago lotura bat. Amatasun lotura bat dago pinturarekin.

Nola dakizu eskultura amaituta dagoela?

Harriak harrobian ikusten ditudanean, badakit zein aukeratu behar dudan, harriak berak esaten didalako: «Ni hau naiz». Harria aukeratzen dudanean, begi batzuk ikusten dizkiot. Egin nahi dudanaren marrazki bat egiten dut, baina, material bizia denez, nahi duen tokitik eramaten nau. 

Zure obrak ez dituzu izendatzen. Zergatik?

Obra guztiei zenbaki bat jartzen diet. Nola jarriko diot izena obrari gero galeriara pertsona bat iristen bada eta margolana beste era batera interpretatzen badu? Lana sortzen dudanean, helburu jakin bat dut, islatu nahi dudan zerbait, jakina, bizirik dagoen zerbait. Izenek lana mugatzen dute. Obra bati txori izena jartzen badiot, galeria bisitatzen duenak badaki txori bat ikusi behar duela.

Margotzeari utzi zenion urte luzez. Zergatik?

Etxera dirua ekarri behar nuelako. Dirua irabazteko, mundu osoan beste artisten obrak eramaten nituen, eta eraikuntza lanetan ere aritu nintzen.

Bisitatu zenituen lekuen artean, zein da kutunena zuretzat?

Sahara. Ez zegoen aireporturik, eta hondarretan lurreratu ginen. Gure eraikuntza materialak ontzi batean zeuden, eta itsasontziaren parean sahararrak zeuden, itxoiten. Ez nekien zeren zain zeuden; tea egiteko ura itsasontzian zegoen. Kapitainak ez zuen ura ontzitik deskargatu nahi, eta nik, aldamioak nituenez, atera nuen. Harrezkero, euriaren jainkotzat ninduten. Behin, ikusi genuen saharar pila bat zetorrela gameluekin, korrika: Ibilaldi Berdearen inbasiotik ihesean zihoazen. 

Noiz hartu zenuen pintzela berriz?

Umeak hazi zirenean. Indartsu hasi nintzen: ez nuen ahaztua. Hanka apurtuta, Bidasoa errekara joan nintzen margotzera. Leku askotan egona nintzenez, ideiak pilatu nituen, eta ez zitzaidan asko kostatu berriz margotzen hastea. 

Inspirazioa landu beharreko zerbait da?

Bai. Margolan bat egiteko, ezinbestekoa da oinarri sendo bat izatea: egitura geometrikoa zein den jakin behar da, ihes puntua zer den eta proportzioak zein diren. Oinarri hori gabe, inspirazioa ez da agertuko; Oteiza ez zen eskuaira eta kartaboitik aldentzen. Artistak duen gauza ona da burmuinak ez duela atsedenik hartzen, eta gauean, atseden hartzen duzunean, zure obraren arazoa konpontzeko ideia etortzen zaizu. Beti izaten dut libreta bat ohearen ondoan, sortzen zaizkidan ideiak marrazteko. Baina azkenaldian ez zait ideia askorik sortzen.

Nola lortu ideia horiek berriz sortzea?

Itxoitea da aukera bakarra. COVID-19tik, pixka bat geldirik nago. Burmuinak ezagutzen ez dituen obrak sortzen baititu; barne borroka bat dut horrekin. Blokeo horretatik ateratzeko, irakastea proposatu didate. Baina ez dut eskolarik eman nahi, nahikoa borroka baitut margotzeko.

Armi galeria ireki zenuen Trini Mikelarena artista eta emaztearekin batera. Zein da helburua?

Armi galerian, gure lanak erakusteaz gain, beste artista batzuen lanak ere ekartzen ditugu. Oso garrantzitsua da artisten arteko harreman sendo bat sortzea, normalean bakoitza bere kobazuloan egoten baita, margotzen, eta ez ditugu loturak sortzen gure artean; oso aberasgarriak izan daitezke, ordea. Nik hori egin dut urte luzez, eta pena da.

Aurten, eskultoreak atera dira kobazulotik; laurogei eskultore elkartu zarete lanbidearen inguruan hitz egiteko. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Ez dut etorkizun argirik ikusten. Jendeak ez du arteaz deus ere jakin nahi, eta gazteek ezin dute artea egin; ia ezin dute etxerik ere izan. Eskulturan, hori apurtu nahi dugu, baina ez diot irtenbiderik ikusten epe laburrean. Zuhaitz lepatuak bezalakoak gara; enbor lehorretik adar berriak sortuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.