Peter Shafferren antzezlan txalotuan oinarrituta —eta izen bereko kultuzko filmean, Milos Formanek moldatutakoan—, Julian Farinok eta Joe Bartonek bost ataleko telesail labur gisa egituratuko dute Amadeus. Kontakizunak 1781era eramango du ikuslea, Amadeus hil baino hamar urte lehenagora. 25 urte baino ez dituela eta aita hil ondoren, Wolfgang Amadeus Mozart —The White lotus telesailari esker ezagun egin den Will Sharpe aktoreak jokatuko du protagonistaren rola— Vienara iritsiko da, lanik eta babesik gabe, baina bere baitan daraman su sortzailearekin. Constanze Weber (Gabrielle Creevy) abeslariarekin lotura estua sortuko du, eta, haren bidez, Antonio Salieri (Paul Bettany) gorteko konpositorearen orbitan sartuko da. Salieriren eta bien arteko harremanak —miresmenak eta gorrotoak elikatutako lehia horrek— markatuko du Mozarten legatu musikalaren norabidea.
Julian Farinok eta Joe Bartonek Amadeusen bizitzako funtsezko uneak marraztuko dituzte, ez kronika zehatz baten modura, baizik eta barneko erretratu baten gisan, emozioek eta kontraesanek gidatutako ibilbide batean.
Zuzendaritzak soiltasuna eta dotorezia lortzea du xede, gehiegikeria bisualetik urrun. Erritmo pausatuak eta pertsonaiak inguratzen dituen atmosfera itogarri eta bereziak isiltasunez eraikitzen dute tentsioa. Musikak, berriz, ez du laguntzaile hutsaren rola beteko: elementu narratibo eta emozional nagusi bihurtuko da, eta, hala, artea Mozarten benetako hizkuntza dela azpimarratu, gizartearen arau moral eta politikoetara egokitzeko duen ezintasunarekin kontrastean.
1984ko filmaren itzal luzea
Lana zaindua da, eta antzezpenek pisu handia izango dute kontakizunean. Hala ere, aurreko bertsioen itzalak —bereziki 1984ko film ospetsuarenak— etengabe jarraituko dio, eta telesailak nekez lortuko du itzal horretatik askatzea. Indar dramatikoa apalagoa da, eta sakontasun emozionala ez da beti behar adinakoa. Lehen bi atalak sendoak eta erritmo bizikoak badira ere, kontakizunak aurrera egin ahala, telesaila lausotuz joango da, atal batzuk irregularrak baitira.
1984ko Amadeus filma, Milos Formanek zuzendua, ez da soilik Mozarten bizitzaren kronika; giza jenialtasunaren distira, inbidiak eta tragediaren min sakona batzen dituen kontakizun bizi eta liluragarria da. Telesaila ikustean, ikusleak ezinbestean alderatuko ditu Will Sharpe eta Tom Hulce, eta baita Paul Bettanyk Salieriren rolean egindako interpretazioa F. Murray Abrahamen intentsitatearekin ere. Formanek 1984an sortutako filmak ia gainditu ezinezko langa ezarri zuen: historiaren zehaztasuna, emozioen intentsitatea eta drama landuaren nahasketa memoria kolektiboan finkatuta geratu dira.
Axolagabe uzten ez duen telesaila da, eta horrek badu bere balioa. Haatik, dituen muga narratiboek ez diote uzten potentzial osoa erabat garatzen.
fitxa
- Sortzailea. Julian Farino eta Joe Barton.Â
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Will Sharpe, Paul Bettany, Lucy Cohu eta Jonathan Ari.
- Non ikusi: Sky Showtime.
Iraupena: 50 minutu.Â
Generoa: Drama.Â
Â