Behinolako hitzen alfabetoa

Jesus Alegriak Artazuko 1.581 hitz jaso ditu liburu batean, tartean leku izenak eta galzorian dauden esamoldeak. Oskar Alegria zine zuzendariak bere aitak egin duen memoria ariketa goratu du: «Herrixkako Larousse bat da».

Jesus Alegria, haren ama eta aita sortu ziren etxeen artean, Artazun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jesus Alegria, haren ama eta aita sortu ziren etxeen artean, Artazun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Artazu
2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negu gorriko egun hotzak «aspel» edo «ospel» dira Artazun. Ilbeltzeko goiza halakoxea da, baina laiotzean dagoen kalexkan, une batez, eguzki printzak sartu dira. Jesus Alegria Armendariz (Artazu, Nafarroa, 1938) bi etxe artean dagoen kale estuan paratu da argazkirako. «Artazuko nire hitz kuttunena ermiñeta da. Hau maitasunaren etxartea da niretzako. Aita, Francisco Alegria, Burriña etxekoa zen —argazkiaren ezkerrean dagoen etxekoa—, eta, ama, Ines Armendariz, Migeltxo etxekoa. Pareta batetik bestera 1,32 metro baino ez daude».

Diccionario de términos y expresiones populares de Artazu-Navarra (Artazu-Nafarroako toki izenen eta esamolde herrikoien hiztegia) liburuan jaso dituen 1.581 hitzetako bat da ermiñeta, behinolako hitzen afabetoan bere kuttunena, baina, hitzez hitz, berbaz berba, elez ele, biografia moduko bat ere aletu du Alegriak. Aita umezurtza zuen, eta amaren gurasoen etxean aritu zen morroi. «Migeltxo etxea herriko etxe oparoenetakoa zen, eta bertakoek ez zuten maitasun hori begi onez ikusten. Kontua da belenari begira, etxe bietan, leihotxo bana zegoela, parez pare, eta bertan elkartzen zirela gauetan, ezkutuan». 

Oskar Alegriak (Iruñea, 1973) ermiñetari amonaren izena jarri, eta plaka oparitu zion aitari liburua aurkeztu zuten egunean. Zine zuzendariak maitasun istorio horren berri eman zuen emanaldi hartan ere: «Ines Armendariz da gure heroia. Romeo eta Julietaren antzeko istorio bat bizi izan zuen. Etxean mehatxatu egin zuten, eta beste herri batera bidali zuten bolada batez, baina aitona bizikletaz joaten zen. Azkenean maitasuna gailendu zen. Haren familiako inor ez zen joan ezkontzara. Dotea ere kendu zioten, nahiz eta gerora sendiak adiskidetu egin ziren».

Aita-semeek Txikito etxeko upategi ederrean aurkeztu zuten liburua, abenduaren 21ean. «Artazuko etxe guztiek dituzte upategiak lurrazpian», azaldu du aitak. «Katedralen modukoak dira», erantsi du semeak, eta bat egin dute esatean herrian denak direla ezagun sortu ziren etxearen izenagatik. 

Alegria aita-semeak, liburuaren aurkezpenean. MANEL SENERO
Alegria aita-semeak, Txikito etxeko upategian, liburuaren aurkezpenean. MANEL SENERO

Bada, herri osoa elkartu zen egun hartan upategi zaharrean: senideak, lagunak, musikariak eta poetak. Aita-semeak solasean aritu ziren —semeak aitari berorika, garai batean nola—, hitzekin eta memoriarekin jolasean, apeperrepe, tarantantan, pinpi panpa, birrin barrau, kirris karras, galzorian dauden esamoldeak aipatuz, toponimoak izendatuz, onomatopeiak antzeratuz, aditzak errezitatuz; azken batean, desagertzen ari den mundu bati hitzak jarriz.

Zine zuzendariak dioenez, aurreneko aldiz jaso dira hitz batzuk idatziz, eta, haren ustetan, «herriaren ahotsa» dago liburuan: «Hau ez da gizon baten ahotsa, pertsona bakar batena; herri baten ahotsa da, eta hori da ederra. Herrixkako Larousse bat da, lurraren eta soroen Diderot bat. Hiztegi bat baino, entziklopedia bat da». A-tik Z-ra, hitz bakoitzak bere esanahia dauka, eta jarraian, letra etzanez, esaldi bat, hitz bakoitzaren adiera adibide batekin azaltzeko. «Hor dago edertasuna, lirismoa, eleberri biografiko bat ere badelako, haurtzaroko eguneroko bat».

Jesus Alegriaren eskua ageri da azalean, arbela beltz batean klarion zuriz margotuta, eta behatz bakoitzean izen bat idatzita: txorro, piko, tallo, madera, piki. Haurtzaroko jolas baten izena da, baina ez da liburuan ageri den bakarra: bolinban ere aritzen ziren, eta errekan harriekin txipi-txapetan. «Hiru lagun ginen, eta hiru mosketariak deitzen ziguten. Elizako paretan txiza zeinek egiten zuen gorago, horretara jolasten ginen, eta ezkutaketan, esku pilotan, kupelen uztai bat burdin hari batekin ibiltzen ginen ere, galtzada harrizko zolan, eta gero habiak botatzen genituen, erlauntzak lapurtzen genituen, txakurren buztanetan pertzak lotzen genituen, eta elurra edo izotza zegoenean zaku bat hartu eta aldapatik behera botatzen ginen». Artazun teilatu hegalei rafe deitzen zaie, eta hantxe, habietan, txorikumeak ez ezik pistolak egoten ziren. 

«Galtzen ari diren hitzak dira, eta orain liburu batean jasota geratuko dira behintzat»

JESUS ALEGRIALiburuaren egilea

36ko gerra bete-betean, herrian urte hartan jaio zen ume bakarra izan zen Alegria. Eta gerrek beti zeharkatzen dute jendearen bizitza: «Etxean behiak genituen, eta ez zitzaigun esnea falta izan. Ogia ere egiten genuen, beraz, eltzean esnea berotu eta hortxe sartzen genuen ogia, esnea xurgatu arte». Kandelagilearen etxean aritu zen lanean gerora: «Ez ziguten jornala ematen, bazkaria baino ez. San Jose egunez etxe dirudunetan bazkaltzera gonbidatzen zituzten etxe xumeetako mutikoak. Amek beti galdetzen ziguten ea zer jarri ziguten jateko, bereziki postrerako; natillak, bizkotxadak...».

Eskolatik ateratzen zuten garia jotzeko. Angelusaren orduan, hamabietan puntu-puntuan, etenaldi bat egiten zuten. Otamenaren ordua zen. Oroitzapenak etengabeak dira, latzak zein samurragoak: «Lehengusuek goizaldean esnatzen ninduten eta katazulotik sartzen ninduten, ukuiluko atalaga irekitzeko, inor esna ez zedin. Txikia nintzen, Txinurri deitzen zidaten. Amonarekin egin nuen lo 14 urte izan arte». Semeak lilura sortzen dion beste pasadizo bat kontatu du: «Gizon honek ukuiluan egiten zuen lo txerriak erditu behar zuenean. Txerrikume guztiak titiari lotuta zeudenean, txerri emeak soinu berezi bat egiten zuen, kantu moduko bat». Aitak zehatz-mehatz egin du soinua: raaan raaan raaan. Hontzaren soinuarekin ere akordatzen da. Damaso etxera esnea eramaten zuenean erantzuten zion hontzak, beti ozenago.

Herrietan naturarekin eta animaliekin hitz egiten zen garaiaz ari da liburua, gauzei behatzeko tartea zegoen garaiaz, idien erritmoan bizi ziren garaiaz. Oskar Alegriak liburuaren hitzaurrean idatzi duen bezala, landa eremuaren poetika da hori: «Mendibeliara doan bidearen harri bakoitza ezagutzen du aitak, baita landare bakoitzaren izena». Semeak aitortu du berak «belarra» ikusten duen tokian aitak «alkarakatza, anea, kamamila, atxitxarrea, garikota eta millua» ikusten dituela. Eta ez hori bakarrik, landare bakoitzak zertarako balio duen ere badaki: «Gardanbera esnearekin kendu dut eskuan nuen garitxea —Artazun horrela esaten diote garatxoari—».

Jarraian, banan-banan, semeak animalia bat aipatu, eta aitak, banan-banan, animalia bakoitzari zer soinuren bidez deitzen zioten esan dio: txakurrari, kus kus; katuari, mis mis; usoari, tobias tobias; ardiei, priska priska. Txorien izenak ere zerrendatu ditu —alpitxuri, kalforro, kostalangorri, sugarima, pikalanposta, belatxa, txantxangorria— eta, nola ez, lanabesen izenak: atxurra, sardea, laia, orkate, txarrantxa, lera, maldagantxa... Jesus Alegria, beste ezer baino gehiagori, lanari egon da lotuta, eta, hortaz, alfabetoan, erruz daude gerundioak, aditzak eta inperatiboak. 

«Hau ez da gizon baten ahotsa, pertsona bakar batena: herri baten ahotsa da»

OSKAR ALEGRIAZine zuzendaria

Artazuko leku izenak ere aipatzen dira liburuan, eta toponimiak ageri-agerian utzi du garai batean herrian denak zirela euskaldunak: Azkarate, Txapargain, Sarakandia, Basakaitz, Malakate... Jesus Alegria penatuta dago euskara galdu zelako, baina harrotasunez entzuten du orain semea herrikideekin euskaraz mintzatzen: «Nire amona 1866an jaio zen, eta euskarazko hitz asko zekizkien. Catalina Gamboa Azanza izan zen herriko azken hiztuna, eta hura 1857an jaio zen». Duela hirurehun urte denak euskaldun elebakarrak ziren Artazun.

Liburua, berez, gazteleraz dago idatzita, baina euskarazko hitz mordo bat dauka. Idazleak argi du liburuan jaso dituen 1.581 hitzak «ondare» bat direla: «Galtzen ari diren hitzak dira, gazteenek ez dituztenak ezagutzen, eta orain liburu batean jasota geratuko dira behintzat. Artazu asko maite dut, eta herriari egin nahi nion oparia da. Ale guztiak oparitu ditut». 

Jesus Alegriaren hirugarren liburua da hiztegia. Aurretik beste hiztegi bat idatzi zuen, 434 hitzekin, eta baita historia liburutxo bat ere, baina oraingoan, graparekin beharrean, txukun eta sendo koadernatuta du.

Jesus Alegria, liburua eskuetan duela, Artazun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jesus Alegria, liburua eskuetan duela, Artazun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Oskar Alegriak aitarengandik jaso du mundu ikuskera hori, geldotasunari eta memoriari erreparatzeko modu propio hori. Haren hitzetan, keinu bat da. «Artazutik Iruñera joan zenean, aita herriko hitzak idazten hasi zen, memoria hori gordetze aldera, eta nik zinean egin ditudan gauzetako askok keinu hori bera dute».

Zinemagilearen ustez, hitz baten bidez gogoratzen ditugu pertsonak, eta ama ekarri du gogora, amari entzun zizkiolako aitari sekula entzun ez zizkion hitz batzuk; adibidez, gosio, goxo esateko. Biak ala biak, aita eta ama, artazuarrak ditu: «Aitona-amonen etxeak baino pixka bat urrunago zeuden ama eta aita jaio ziren etxeak; hirurehun metro daude bata eta bestearen artean; Pilar Sueskun eguzkia ematen duen kalekoa da, eta, Jesus Alegria, itzalean dagoen kalekoa». Aita bat dator semearekin: «Emaztearen etxean nire etxean erabiltzen ez ziren hitz batzuk zituzten. Amaginarrebari nire amari entzuten ez nizkion hitzak entzuten nizkion, eguzkiaren eta itzalaren kaleetan bi hizkuntza ezberdin hitz egingo balira bezala».

Semeak hiztegiko bere hitz kuttuna aukeratu du: zumiriki. «Ibaian dagoen uhartea da. Niretzat paradisu bat da. Z eta U letrekin hasten da, eta alfabetoko azkenetakoa da. Hori gustatzen zait, azken hitz bat behintzat salbatu daitekeelako». Aitak zumirikira eramaten zituen behiak udaran, bazkatzera, eta semeak gogoratu dio han bakarrik aurkitzen zuela animaliei asko gustatzen zitzaien belarra. «Llollo [iraka]», erantzun dio aitak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.