Dotorea da, dotorerik bada. Elegantea da, eleganterik bada. Hegazti bat liraina, lerdena eta txairoa. Begiratzekoa, eta begiratzen duena. Bata besteari so, eta bestea batari so. Halaxe egin dituzte Iñigo Zuberogoitiak eta belatz handiak 27 urte, eta ikusitakoak eta ikasitakoak, elkarri entzundakoak eta esandakoak kontatu dituzte liburu batean: El Halcón Peregrino (Tundra, 2023).
Biologian doktorea da Zuberogoitia, Icarus ingurumen aholkularitza elkarteko kidea, eta belatz handiari buruzko espezialista, dozenaka artikulu eta ikerketaren egilea: «Zientzialariok badauzkagu aldizkari eta artikulu zientifikoak, baina jende arruntagoarentzat idatzi nahi nuen. Ez nuen beste liburu zientifiko aspergarri bat idatzi nahi; adreilutzar bat. Nahi nuen dibulgazio lan bat egin, baina esentzia galdu gabe. Hari bat topatu, haren inguruan dena josteko, eta literatura ornitologiko irakurterraza egiteko. Oso liburu pertsonala da, eta agian huts egingo diet liburu zientifiko bat espero duten horiei».
27 urteko jarduna da Zuberogoitiak aipatu duen «haria». Belatz handiaren peskizan bizi izandakoak kontatu ditu, datuz, azterketaz eta informazioz mardulki hornituta. «Sare sozialetan kontatu izan ditut haiekin izandako pasadizoak, eta horiek ere kontatu ditut. Bitxikeria horiek jendearengana iristen dira, eta halakoekin osatu nahi izan dut liburua, ez izateko bakarrik datuak, ez baita liburu monografiko normala, azaltzen direnak horiek direlako: sentimenduak».
Zuberogoitiak izenez eta izanez ezagutzen ditu bere belatz handiak —argazkiko Houdini, kasurako—. Ikusi orduko daki nor den nor, eta nor falta den: «Urtarrilean gaude, eta hilabete bat baino zerbait gehiago gelditzen zait haiei bisita egitera joateko. Batzuei maitasun berezia diet, urte asko daramatzadalako haien jarraipena egiten. Irrikan nago ondo dauden jakiteko, bikoteak segitzen ote duen, aurten zer egingo duten...».

Baina non daude euskal belatzak? Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Lapurdikoak ia denak kostako itsas labarretan. «Itsaslabar bat non, belatz handi bat han». Barrurago, Araban zein Nafarroan, mendialdeko horma eta harkaizti handi ia guztietan. Bertan behera utzitako harrobietan, eta funtzionatzen ari direnetan ere bai. Ibaiertzetako hormetan ere egiten dituzte habiak. «Hogei metro baino gehiago dituen halako edozein hormatan egon liteke belatz bat».
Bikote harremana
Hegada bizi eta dotoreagatik da ezaguna belatza. Hori kontu jakina da. Baina Zuberogoitiak beste ezaugarri bat nabarmendu du: «Niretzat deigarriena da bikote gisa duten funtzionamendua. Badaude espezieak portaera berdintsuak dituztenak: albatrosak, beltxargak... bizi osorako parekatzen direnak. Baina 27 urte hauetan ikasi dudana izan da belatz handi bikoteen arteko harremana oso-oso estua dela, oso leialak direla. Hainbat ikerketa egin dituzte leialtasun horri buruzkoak, eta ez dute desleialtasun kasu bakar bat ere antzeman. Ikusi ditut belatz handien arteko harreman benetan bereziak».
Belatz handiaren inguruko iruditeria bat ere badago, falkoneriaren bidez, Erdi Arotik hona iritsi dena: nobleziaren hegaztia zela, erregeena... Gaur egun, aireportuetan erabiltzen dituzte hegazkinen hegaldiak arriskuan jar ditzaketen hegaztiak ehizatzeko. Inguru urbanoetan ere ari dira indarra hartzen, usoen, arabazozoen eta Turkiako tortolen populazioa modu naturalean kontrolatzeko. «Hiri handietako skyline hori guztia bereganatu dute. Gizakiok kaxekin egindako habiak jartzen dizkiegu, gainera, eta gustura hartzen dituzte». Zuberogoitiak dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela hirietan umatzen den belatz handirik. «Baina bai hirien periferietan. Bilbon, esaterako, bi bikote ari dira hiritik bi kilometro baino gutxiagora txitak umatzen. Hirira joaten dira ehizara, janari bila, eta Iberdrola dorrean pausatzen dira».
Belatz handia ez dago galzorian Euskal Herrian. «Egonkorra» da haren populazioa, baina Zuberogoitiak «testuingurua» azaldu nahi izan du. Atzera joanda, DDT pestizidaren garaiak aipatu ditu. Nola erabili zuten masiboki 1945ean hasita, eta nola eragin zuen mundu osoko hegaztien populazioan sekulako beherakada, baita belatz handiarenean ere: «DDT horrek arrautza oskolen ahultze bat eragiten zuen, eta inkubazio garaian arrautza horiek apurtu egiten ziren, ez zen txitarik jaiotzen. Europako hainbat herrialdetan belatz handia desagertu egin zen, Ipar Amerikan ere bai. Sekulako hondamendia izan zen». DDTa debekatu zutenean (1972), belatzaren populazioa gorantz hasi zen. Euskal Herrian, 2000. urtearen hasieran jo zuen goia.
Zein da gaur egungo egoera? «Gain behera bat izan du populazioak, beheraldian dago kurba». Noraino iritsiko den? «Ez dakigu. Dakiguna da orain testuingurua beste bat dela: muturreko baldintza meteorologikoak, klima larrialdia... Txita asko galtzen dira baldintza meteorologikoengatik. Apirilean eta maiatzean, sekulako ekaitza sortzen bada, urakan itxurako haizeekin, euriteekin, eta tenperatura hainbat gradu jaitsi... horrek txita mordo bat akabatzen du».
Ez da arrisku bakarra: «Horri gehitu behar zaio bioziden erabilera nekazaritzan. Eta horri gehitu behar zaio hegazti txikiek bizi duten gainbehera lazgarria. Txoririk gabe ari gara geratzen, eta janaririk gabe ari dira belatzak geratzen». Arrisku gehiago: hegaztien migrazioan «disfuntzio bat» ari da gertatzen. «Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean beti egon izan da hegaztien migrazio handia, udaberrian zein udazkenean. Kostaldean dauden belatz handiek migrazio hori baliatu izan dute elikatzeko, baina azken urteetan halako desfaseak ari dira gertatzen, eta datozenak ere askoz gutxiago dira». Zuberogoitiak dio belatzak «programatuta» daudela haien txitak data jakin batzuetan aurrera ateratzeko: «Garai horretan gertatzen delako hegaztien migrazioa, eta horiekin elika ditzaketelako txitak, baina justu elikagai gehien behar duten garaian, ez dute hegaztirik ehizatzeko, eta txitak hil egiten dira».

Tirokatuta hiltzen dira asko
Dena dela, gizakia da belatz handiak duen arriskurik handiena. Zuberogoitiak dio berak galdu dituen belatz handien %40 ehiztariek tirokatuta hil direla. Eta ez da ulertzen erraza. «Gurean urtero hiltzen dira belatz handiak ehiztariek tirokatuta. Zerekin nahastu daitekeen belatz handi bat? Ez dakit, egia esan. Ezin da ezerekin nahastu. Ehiztariak belatz handi bat eta uso bat nahasten baditu, ez goaz batere ongi. Tiro horiek nahita egindakoak dira», salatu du biologo bizkaitarrak.
Datuak lortzea ez da batere erraza. Hildakoak basoan bertan galtzen dira askotan, eta zaurituak basa fauna leheneratzeko Euskal Herrian dauden zentro ezberdinetan jasotzen dituzte. Tokian tokiko administrazioen mende daude zentro horiek, eta horien bidez lortu behar dira datuak, baldin eta jasoak badituzte. Eman ere, modu ezberdinean ematen ditu bakoitzak.
Araban, Martiodako basa faunaren suspertegian jaso eta zaintzen dituzte halakoak. Arabako Aldundiko Naturaguneen eta Biodibertsitatearen atalak xehetasun osoz eman ditu azken urteotako datuak. 2023an lau belatz handi artatu zituzten Martiodan. Kolpeak zituzten —ez zuten kolpe horien zergatia zehazterik izan—, eta oso larri iritsi ziren laurak: hausturekin eta hemorragiekin. Eutanasia praktikatu zieten hiruri, eta iritsi eta bi egunera hil zen laugarrena. 2022an bi belatz handi artatu zituzten, 2021ean bakarra, eta 2020an batere ez. Hegazti harrapari zaurituak jasotzea ohikoa da Martiodan. 2023an, eguneko 106 hegazti harrapari jaso zituzten: saiak (23), zapelatzak (18), belatz gorriak (23) eta miru gorriak (8). Urte berean, gaueko 42 hegazti harrapari: apo-hontzak (21), urubiak (14), hontz ertainak (4) eta hontz zuriak (3).
Gipuzkoan, Urnietako Basabizi zentroan jasotzen dituzte orain animalia zaurituak —Igeldoko Arrano Etxean jasotzen zituzten lehen—. 2022an ireki zuten Basabizi, eta Gipuzkoako Aldundiko Basanimalien eta Basalandereen atalak ere xehetasun osoz eman ditu datuak. 2023an, lau belatz handi artatu zituzten Basabizi zentroan. Hegoetan haustura larriak zituzten horietako bik, eta ezinezkoa izan zen osatzea; hil egin ziren. Beste bat ongi osatu zen, eta askatu egin zuten. Beste batek, itxuraz ondo omen dagoen arren, ez du ondo-ondo hegan egiten, eta Ilundaingo (Nafarroa) zentrora bidali dute, hegatoki handi bat dutelako han, eta osatzeko esperantzan. 2022an belatz handi bakarra iritsi zen Basabizira. Urrian agertu zen Usurbilen, tirokatuta. 2022ko abenduan askatu zuten, eta 2023ko abenduan agertu zen hilda, Araban.
Bizkaian, Gorlizko birgaitze zentroan jasotzen dituzte animalia zaurituak. Aldundiko Ingurumen Sailak eman ditu datuak. 2023an hiru belatz handi artatu zituzten Gorlizen. Ez dute horien jarraipenari buruzko xehetasunik eman. 2022an bost artatu zituzten, 2021ean lau, eta 2020an hiru. Gorlizen ere ohikoa da hegazti harrapari zaurituak jasotzea. 2023an, eguneko 105 hegazti harrapari jaso zituzten: saiak (18), zapelatzak (44), belatz gorriak (20), gabirai arruntak (14), aztoreak (3), zuhaitz belatzak (1), miru gorriak (1) eta miru beltzak (1). Urte berean, gaueko 36 hegazti harrapari: urubi arruntak (16), apo-hontzak (10), hontz zuriak (5), mozolo arruntak (3), hontz handiak (2).
Nafarroan, Ilundaingo basafauna berresekuratzeko zentroan dituzte datuak, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eman ditu xehatuta. 2023an: belatz handi bakarra jaso zuten Ilundainen, eta Urnietako Basabizi zentrotik bertara eramandakoa da; osatzen ari da. 2022an bost belatz handi artatu zituzten: eutanasia praktikatu zioten bati, osatu eta askatu egin zituzten hiru, eta ihes egin zuen besteak.
Ipar Euskal Herrian, Uztaritzeko (Lapurdi) Hegalaldia elkartean jasotzen dituzte animalia zaurituak. Elkarte hori da Pirinio Atlantikoetako Departamenduan zeregin horretan aritzen den bakarra. 2023an hiru belatz handi artatu zituzten bertan. Horietako bi hil egin ziren, haustura eta zauri larriak zituztelako. Hirugarrena, ongi osatu zen, eta 2023ko abuztuaren 15ean askatu zuten.
JAKINGARRIAK
- Espezieak.
Belatz handia (Falco peregrinus) hegazti harrapari bat da. Euskal Herrian bi subespezietako aleak daude: Falco peregrinus peregrinus eta Falco peregrinus brookei.
- Banaketa. Espezie kosmopolita eta sedentarioa da. Antartidan ez beste kontinente guztietan dago banatuta. Europan, txakalaldia izan zuen DDT pestizidaren ondorioz, baina gaur egun kontinente guztian dago, Islandian salbu.
- Habitata. Kostaldean eta mendigune karstiko handietan da ohikoena. Espezie harkaiztarra da, eta bere lurraldeari eusten dio umealdi bakoitzean.
- Deskribapena. Tamaina handikoa da, belearen neurrikoa. Bizkar gris urdina dauka, eta behealde zuria, orban ilunekin. Buru beltza dauka, eta mokoaren bi aldeetan bibotetzar beltz moduko bat.
- Elikadura. Dieta ornitofagoa du gehienbat —txoriak jaten ditu—, baina tarteka saguzarrak, mikrougaztunak eta untxi zein erbiak ere ehiza ditzake.
- Ugalketa. Monogamoa da.
- Abiadura. Munduko animaliarik bizkorrena da. Hegaldi normaletan, orduko 100 kilometroko abiaduran mugitzen da. Haren harrapakinaren atzetik goitik behera amiltzen denean, ordea, orduko 400 kilometroko abiadura edo handiagoa ere har dezake.