Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV)

Belaunaldien arteko bidaia Afrikan

Amona-bilobek duten lotura berezia da, eta harreman hori azaltzea ez da erraza sarritan. Lotura horretan sakondu eta munduan lau haizeetara zabaltzeko asmoz Afrikan elkarrekin bizitako bidaiaren kontakizuna da hau; bizipen eta bidelagun bereziz betea.

Dromedario gainean, basamortuaren bihotzera bidean. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Dromedario gainean, basamortuaren bihotzera bidean. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Inge Goenaga Gorostiaga
2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta bizkorrago doan mundu honetan, esperientzia gutxi daude belaunaldien arteko bidaia bat partekatzea bezain baliotsuak. Ohiko helmuga turistikoetatik urrun, Marokoko kultura aberatsa eta paisaia exotikoak aztertzea erabaki genueneko kontakizuna da honako hau, amonaren eta nire eskutik. Marrakexko merkatu zalapartatsuetan hasi eta Saharako basamortuko duna lasaietarainoko zeharkaldia ez zen soilik ortzi muga berrien aurkikuntza izan, elkarrekin ikasteko, oroitzapen ahaztezinak sortzeko eta gure arteko loturak estutzeko modua ere izan zen.

Saharako basamortu lehorrean dromedarioak aske. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Saharako basamortu lehorrean dromedarioak. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Iraganarekin eta orainarekin konektatzeko bidaia paregabea izan zen, kontrastez eta magiaz betetako herrialde batean. Nerabeon jakin-mina —17 urterekin egin nuen bidaia— eta maite ditugun gure adinekoek duten jakinduria nahasiz egina.

2025eko maiatzaren 18a, Loiuko aireportutik Marrakexera. Ilusioz eta gogoz gainezka ginen, bai amona, baita ni ere, jakingura handiz. Ez genekien zer espero behar genuen, denetik entzun behar izan baikenuen bidaia hau egin aurretik. Hala ere, biak ala biak abenturazale hutsak izanik, historiaz eta kulturaz beteriko paraje horietara iristeko irrikan ginen.

(ID_17659696712315) Marrakexko Zocoan, postuetan salgai dituzten bertako espeziak.
Marrakexko azokako postuetan salgai dituzten espeziak.

Iritsi bezain pronto hunkitu nintzen, hura baitzen, hain zuzen ere, Afrikara iritsi nintzen lehen aldia. Hegazkinetik jaitsi eta Marrakexek bere bero itogarriarekin eta hiriko giro aldrebesarekin egin zigun ongietorria. Amonak eta biok hilabeteetan prestatu genuen abentura hura hastear zegoen; amonari begiratu eta irribarre batekin jakin nuen, une horretan bertan, esperientzia berezi bat bizitzeko aukera bat izango zela.

Usainak eta kolorea

Lehen bi egunak Marrakexen igaro genituen, hango espezien usainez eta oihal koloretsuez inguratuta. 900.000 biztanle inguruko hiri hori Marokoko hiriburua izan zen XVI. eta XVII. mendeetan. Egun, herrialdearen sinbolotzat hartzen da oraindik ere.

«Iritsi bezain pronto hunkitu nintzen, hura baitzen, hain zuzen ere, Afrikara iritsi nintzen lehen aldia».

Gure lehen eguna Marrakexen bihotzean murgilduta igaro genuen, Medinan. Bertako labirinto itxurako kaleetan galduta ibili ginen, denetik saltzen zuten dendaz inguraturik: espeziak, alfonbrak, bitxiak, artisautza produktuak... Atzerriko hainbat tokitan bezala, Marokon ere ohitura dute salerosketa garaian prezioen tratuan akordioak egiteko erosi aurretik. Nire amona, kulturarekiko bere lilura guztiarekin, postu bakoitzean gelditzen zen. Patxadaz behatuz eta saltzaileei euren produktuei buruz galdetuz, eta, nola ez, horiek erosiz. Egun erdirako ikasia genuen: marokoarrak bezala, tratularien maisu gisa ari ginen.

Marrakexen bihotzetik hiriko arimara egin genuen bidaia, Jemma el-Fna plazara, hain zuzen ere. Kaos antolatuak hartu gintuen han, pelikuletan ikusten diren suge xarmatzaileen antzerakoez inguratuta, musikariak erritmo hipnotiko zoroak jotzen eta janari-postuz beteta. Plaza horretan ohartu nintzen etxetik ez horren urrun beste mundu bat zegoela, beste herrialde bat, beste kultura bat.

Marrakexko labirinto itxurako kaleak. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Marrakexko labirinto itxurako kaleak. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Hiri horretan bi egun igarotzeak nire barrenean gogoeta egitera bultzatu ninduen. Marrakexko intentsitateak, zalapartak eta kolore eta usain exotikoek energia bizi batez bildu ninduten. Hala ere, gehien hunkitzen ninduena une horietako bakoitza bidelagun onenarekin partekatzea zen: amonarekin, noski.

Hirugarren eguna. Orduan hasi zen egiatan gure abentura. Amona eta biok, aurrez hitzartu bezala, goizeko ordu txikietan jaiki eta Marrakextik Saharako basamorturantz abiatu ginen. Furgoneta txiki bat, gure gidaria izango zen Said, eta ezagutzen ez genituen munduko beste hainbat tokitako hamar lagun inguru geneuzkan ondoan; estatubatuar bat, bi kolonbiar, bikote argentinar bat eta hainbat euskaldun gehiago.

Bidaia luzea eta pisutsua

Basamorturainoko bidaia ez zen makala, ez; 500 kilometro inguru genituen zain. Horiek asetzeko, talde giroaz baliatu ginen. Norberaren musika jakintza kantu bitartez trukatuz, elkarrizketa amaigabeak izanez eta gure turismo gidari —baina ordurako lagun zenari— kontakizun nostalgikoak entzunez igaro genuen bidaiaren zati pisutsua.

Atlas Garaira joateko kurbaz beteriko bidea. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Atlas Garaira joateko bidea, kurbaz betea. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Merzougarako edo Erg Chebbirako zeharkaldia ez zen inola ere egun bateko kontu eskasa. Ia bi egun oso igaro behar izan genituen ordurako izerdi usain bero batez girotutako furgoneta hartan. Baina, bide amaigabeaz harago, sekula santan gure begiekin ikusi gabeak genituen paisaiez gozatu genuen, eta horietako bakoitzean geldialdi laburrak egin genituen. Esaterako, Atlas Garaiko Tizi n’ tichla portua ezagutzeko aukera izan genuen; benetan harrigarria. Alde batera begiratu eta basamortua ikus genezakeen; gu, ordea, 2.205 metroko mendi garai batean ginen, eta inguruan elur zuriaren arrastoak ikus genitzakeen.

Atlas mendikatea zeharkatu ondoren, herrixka berbereetarantz abiatu ginen. Dena zen harrigarria, baina, batez ere, toki horietako bizitza zein gogorra den ikusi genuen. Are gehiago hango gazteena. Oilo ipurdia jartzen zidan, eta jartzen dit oraindik ere, bospasei urteko haurrak errepide bazterretik eta eguzki galdatan xaboiontziekin ur bila joaten ikusteak. Hori izan zen bidaia horretan barrua gehien astindu zidaten gauzetako bat. Denak bizi gara, ni barne, etengabe kexaka, eta ez gara ohartzen gure errealitatetik at zein gogorra den askoren egunerokoa.

Bidean topatutako parajeak. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Bidean topatutako parajeak. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Astunak egin ziren azken ordu horiek. Baina, azkenerako, ailegatu ginen horrenbeste hilabetez amestu genuen toki horretara: basamortuko atera. Iritsi bezain pronto, bidelagun berri batekin egin genuen topo; oraingoan, dromedarioen jabe zen 19 urteko gaztetxo bat etorri zen guregana, Alai. Harekin eta taldearekin batera, amonak eta biok ordubeteko joana genuen dromedario gainean, basamortu sakonean barruratu eta gure loleku izango ziren haimetara iristeko.

Kosta zitzaigun etxoletara iristea, baina merezi izan zuen harea ilun batez osaturiko duna erraldoien artean eginiko bidaiak. Heldu orduko ikusi genuen paraje hura ezin sinets zitekeen; hitzez ere deskribagaitza zen. Amona eta ni basamortuko duna garaienean, eta ilunabarra. Une hori nire oroimenean iltzatuta geratuko da bizitza osorako. Une horrek bakarrik ere justifikatzen zuen haraino joan izana.

«Mila aldiz errepikatuko nuke bidaia, amona. Mila aldiz ikusi nahi nituzke izarrak zurekin. Mila aldiz esango nizuke zenbat maite zaitudan, amona».

Eguzkia sartu orduko, guztiok Marokoko ohiko askaria den tajina dastatzeko aukera izan genuen, beste zenbait jaki gozorekin batera. Afalostean, amets bat zirudien arren, sutzar baten inguruan elkartu ginen guztiok danbor joka, eta tokiko dantzak ere dantzatu genituen.

Ilundu zuen, eta taldeko gehienak lotaratu ziren; amona eta ni ez, ordea. Alairekin geratu ginen gu. Hirurok, harea gainean etzanda, zeru garbiko milioika izarrei eta izar iheskorrei erreparatu bitartean, elkarrizketa sakonetan murgildu ginen; momentu ahaztezina izan zen. Zur eta lur geratu ginen, euskaldunak ginela esan eta hauexek izan baitziren haren hitzak: «Kaixo, eskerrik asko, kalimotxo». Txunditurik, berehala galdetu nion, gaztelaniaz, ea zer dela-eta zekizkien hitz horiek. Berak honako hau esan zuen: «Turista asko etortzen da hona, eta, gaztetan ikasteko aukerarik ez nuela izan jakinik —familia nomada batean jaio nintzen, eta, horrexegatik, inoiz ez dut izan etxebizitza finkorik—, beti gustatu izan zait zuen antzeko jendearekin batzea eta haiek niri irakastea. Hori horrela, arabieraz eta amazigaz gain, gaztelania, ingelesa eta txinera apur bat ere ikasi dut».

Egunsentia basamortuan. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Egunsentia basamortuan. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Beste behin ere, harriturik utzi gintuen istorio horrek, eta, bereziki, gaztearen jakintasunak. Gauerdi pasatxora arte geratu ginen berriketan, zer desberdinak garen eta, aldi berean, zer berdinak garen ikusiz eta norberaren abenturak partekatuz.

Konturatzerako, bertan genuen bidaiaren agurra; 06:00etan jaiki eta egunsentia ikusi orduko esan genion agur milaka oroitzapen biltzen dituen basamortuari. Dromedario gainean azken itzulia eman, Merzougarainoko bidaian eginiko lagunei azken besarkadak eman, eta esker on hitzak besterik ez geneukan Alairentzat.

Amona eta biok. INGE GOENAGA GOROSTIAGA
Amona eta biok. INGE GOENAGA GOROSTIAGA

Marrakexko kale zoroetan hasi eta Saharako zeruan ageri ziren izarren azpiko hizketaldietaraino, guztia perfektua izan zen. Eta une horietako bakoitza amonarekin bizitzea are perfektuagoa izan zen. Aukera paregabea izan zen elkar hobeto ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko; eta, nola ez, betirako partekatuko ditugun oroitzapenak sortzeko.

Amona gaztea dut, eta zortekoa izan naiz bidaia hau harekin bizitzeagatik. Mila aldiz errepikatuko nuke bidaia, amona. Mila aldiz ikusi nahi nituzke izarrak zurekin. Mila aldiz esango nizuke zenbat maite zaitudan, amona.

Eskerrik asko, amona, eta mila esker, Afrika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.