Donostiako Aste Nagusia

Beldurra eta maitasuna bide beretik

Urtero eta egunero erraldoien eta buruhandien kalejirek kaleak alaitzen dituzte Donostiako Aste Nagusian. Zezensuzkoen entzierroek, berriz, txinpartaz eta korrikalariz betetzen dituzte kaleak, Miramar kaletik hasita Bulebarreraino.

Jabier Gonzalez, Irati Zubeldia eta Gorka Sagastume zezensuzkoekin, Donostian. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Jabier Gonzalez, Irati Zubeldia eta Gorka Sagastume zezensuzkoekin, Donostian. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Aste Nagusiko edozein egun, 18:00etatik 20:30era bitarte. Buruhandi batek korrikaldi luzea egin du, maskuria eskuan, hamaika haurren atzetik. Orain, tarte batez atsedena hartzeko gelditu da, eta ohartzerako, haurrez eta gurasoz osatutako ilara bat du aurrean. Guztiek nahi dute urketariarekin argazki bat atera. Askotariko emozioak nabari daitezke txikien begietan: neskato batek liluratuta begiratzen dio, eta eskuan buruhandi horren miniatura bat du. Ilararen atzealdean mutiko bat dago, pauso bat aurrera, pauso bat atzera, ez da beste haurrengana gerturatzen ausartzen; haren bisaiak ikararen kolorea du, eta begiak blaitzen hasiak zaizkio. Buruhandia mutikoarengana joan da; besarkatu egin du. Istantean, baretu egin da. Buruhandi horren atzean pertsona bat dago, emakume bat: Irati Zubeldia da.

Zubeldiarengandik metro batzuetara dago Jabier Gonzalez. Begi hutsez ezinezkoa da bera ikustea; izan ere, Nafarroako Blankaren eskeletoaren parte da, hots, erraldoiaren barnean dago. Haize bolada batek koreografia amaitzea zaildu badio ere, orekari eustea lortu du, segur aski, aurreko urteetako eskarmentuari esker. Jarraian, haur bat hurbildu zaio haren erraldoiaren marrazki batekin, eta hatzarekin adierazi dio, hitzen beharrik gabe, Nafarroako Blankaren barnera sartzeko grina. Gonzalezek badaki egitera doana ez dela guztiz egokia, baina hunkituta dago; haurra besoetan hartu eta biak erraldoiaren jantzien artean murgildu dira.

23:28. Gutxi falta da zezensuzkoen entzierroa hasteko. Gorka Sagastume konpartsako arduradunak dena kontrolpean du jada, eta urduritasunak zirrarari pasatu dio lekukoa. Dagoeneko sorbalda gainean du hamahiru kiloko zezena; kanpoko zaparradak nekez itzaliko ditu zezen piztu berri horren txinpartak. Haurrez osatutako «tsunamia» ere zezenen garren beldur da, eta, ziztu bizian, Miramar kaletik Bulebarreraino iritsi da zuntzezko animalien aurretik. Sagastumek eta bere kideek ez diete erraz jarri: benetako zezenen antzera, ibilbidetik irten eta jendea zirikatu dute. Horietako asko arduradunaren judoko ikasleak dira, eta haren izena oihukatzen dute. Jendeak gehiago nahi du, eta alegiazko abereek, haien nahiari men eginez, berriz egin dute ibilbidea, kontrako noranzkoan; dagoeneko zezenak itzalita badaude ere, jendeak oldarkor egiten du korri. Halako batean, heldu dira zezensuzkoak gordetzen dituzten lekura, eta Sagastumek karga gainetik kentzerako, emakume batek zera galdetu dio: «Irtengo zarete berriz?».

(ID_15212559) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-08-09, Donostia. Zezensuzkoa
Zezensuzkoen entzierroa, Donostiako Aste Nagusian. JON URBE / FOKU

Hiru hasiera

Zubeldia hirugarren urtez izan da buruhandi Donostiako Aste Nagusian, eta, aurten, lehenengo aldiz, erraldoia eta zezensuzkoa ere eraman ditu. Gonzalez 2004an izan zen erraldoi, estreinakoz, eta oraindik horretan dihardu. 

Sagastumek, berriz, adierazi du zezensuzkoa 25. urtez eraman eta gero, «zenbatzeari utzi» ziola. Gainera, «kasualitate hutsez» hasi zen: Sagastume judo irakaslea da, eta garai hartako zezensuzkoen konpartsako arduradunak ere judo egiten zuen. Egun batean, arduradunak galdetu zion ea animatuko zen zezensuzkoa eramatera, eta hark, «asko pentsatu gabe», baiezkoa eman zion. Egun, bera da konpartsako arduraduna. Lehenengo aldia «oso esperientzia bitxia» izan zen Sagastumerentzat: «Ez nekien zer zen, eta zintzo-zintzo joan nintzen zezena bizkarrean hartuta. Urteak joan ahala, bihurrikeriak egiten hasi nintzen». 

Zubeldiari hasieran ikara ematen zioten buruhandiek; aitzitik, urte batean buruhandi bat jantzi, eta haiei beldurra galtzen hasi zen. Azkenik, bera bihurtu zen buruhandi, eta orain, hark ematen die eskua eta besarkada beldurtuta negarrez hasten diren haurrei. Lehenengoz, 13 urte zituela izan zen buruhandi Donostia inguruko herri batean.

Jabier Gonzalez, berriz, Kresala dantza taldeko dantzaria zen, eta kide batek esan zion jendea falta zela Donostiako erraldoietan. Justuki, dantza taldea uztear zegoen, eta erraldoi egin zen. Bitxikeria gisa, lehenengo urtean, erraldoia lurrera bota zuen; koxka batean trabatu, eta aurreraka jausi zen. Erraldoia apurtu egin zen: «Hortik aurrera dena hobetu zitekeen».

Sagastumeren arabera, Aste Nagusiko egitarauan «helduentzako proposamen pila bat daude, eta, haurrentzako ez horrenbeste». Gaineratu du haurrek zezensuzkoei «amodio-gorrotoa» dietela, eta haien erreakzioak ikusteak «betetzen» dutela. Izan ere, «zezensuzkoa eramateaz ez dira aberastuko».

Gonzalezen ustez, «pertsona bakoitzak norbere figurari [erraldoiari] zerbait desberdina ematen dio». Batez ere, denbora askoz erraldoi berbera eramaten dutenek. Horren harira, jakinarazi du konpartsan urte asko daramatzatenek «haien figurak» izaten dituztela. Horren adierazle da erraldoien konpartsako arduradunak, urteak joan urteak etorri, Nafarroako Blanka eraman izan ohi duela. Bestalde, Zubeldiak urketari buruhandiaren rola bete izan du. Halaber, aurten zortzi egunetatik hirutan erraldoia eramango du; hain zuzen, Gonzalezekin tartekatuko du Nafarroako Blanka.

Erraldoien eta buruhandien kalejira, Donostiako Aste Nagusian.
Erraldoien eta buruhandien kalejira, Donostiako Aste Nagusian. JON URBE / FOKU

Guztira, hamalau buruhandi eta zortzi erraldoi daude. Buruhandi bakoitza bi pertsonaren artean txandakatzen dute, hau da, bakoitzak ibilbide erdia egiten du. Erraldoia, berriz, hiru pertsonaren artean eramaten dute. Kide horiez gain, hainbat antolatzaile daude; izan ere, erraldoien eta buruhandien kalejirek kale osoa hartzen dute, eta horrek zenbait gunetan trafikoa moztea eragiten du. Haiekin ibiltzen dira dultzaineroen hiru banda, baita txistulariak ere. Gonzalezek jakinarazi du Donostiako buruhandiak eta erraldoiak 1982an Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari eginiko opari bat direla. Hasiera batean, haiek inauterietan ateratzea zen asmoa, eta, hortaz, buruhandiek neguko jantziak zituzten. Gerora aldatu ziren, eta Donostiako hainbat jai irudikatu zituzten: kaldereroak, danborrada, inauteriak, San Tomas, artzainak eta inudeak, eta Aste Nagusia.  

Zezenak, berriz, sei dira, eta konpartsako kide guztiek, egunero txandakatuz, zezen guztiak eramaten dituzte. Nahiz eta denek pisu antzekoa izan —pisutsuenak hamahiru kilo ditu, eta 3,5 kiloko karga—, zezen bakoitzak bere ezaugarriak ditu; esaterako, ez dute oreka bera. «Horregatik, nahiago dugu partaide oro ohitzea zezen denak eramaten», esan du Sagastumek. Haiekin sei «unai» joaten dira; zezenen aurretik joaten dira bidea irekitzen eta haiek babesten. Aurtengoa 41. entzierroa da, eta urte horietan guztietan zezensuzkoak asko aldatu dira. Hasieran, harri kartoiarekin egiten zituzten; gaur egungoak zuntzezkoak dira, eta benetako adarrak dituzte. 

Hamaika arrisku

Erraldoiek, buruhandiek nahiz zezensuzkoek kontuz ibiltzeko hamaika arrazoi dituzte. Besteak beste, Zubeldiari gertatu izan zaio korrika zebilela haur txikiren bat ez ikustea, eta hura aurretik eramatea. Erraldoientzat arriskutsuak dira aldapak eta koskak, eta, bereziki, haur kotxeak. Horiek denek behin baino gehiagotan erorarazi dituzte lurrera erraldoiak. Zenbait faktore meteorologiko ere oztopo dira haien kalejiran: erraldoiei haizeak putz egiten dienean, oreka galtzen dute, eta euria hasten bada, ikuskizuna istantean gelditu behar izaten dute. Zezensuzkoekin ez da gauza bera gertatzen: kristoren zaparrada botaz gero ere, ez dute entzierroa bertan behera uzten. 

Bestalde, Sagastumek argi dauka gurasoen erreakzioak seme-alabenak baino «dezente okerragoak» izaten direla. Esaterako, helduak zezensuzkoaren aurretik korrika hasi, eta «ume gaixoak» arrastaka eramaten dituzte. Haurrak, ostera, orokorrean «oso ondo» portatzen direla azpimarratu du.

Hirurek azaldu dituzte eskuekin zenbatu ezin diren hainbat bizipen. Behin atzerritar batek buruhandi batek jo izana salatu zuen; behin baino gehiagotan, jendeak jasotako kolpeagatik haserretu, eta buruhandiak bueltan jo izan dituzte; iaz, Sagastume bi aldiz bota zuten lurrera haren zezenari joka eta bultzaka; ez dago erraldoia lurrera bota ez duen erraldoirik…

Lehenengo emakumea

«Mundu honetan ez daude emakume asko. Erraldoiaren barrutik atera, eta emakumea naizela ikustean, jendea poztu egiten da», adierazi du Zubeldiak. Urte asko daramatza erraldoiaren atzetik irten nahian; dagoeneko, saiakera asko egin ditu. Baina altueraz txikia da, eta aldapak eta koskak igotzeko zailtasunak izaten ditu. Gainera, aurten zezensuzkoa eramango duen lehenengo neska izango da. Duela hiru urte, horretarako titulua ateratzera joan zenean, lehenengoa izan zela esan zioten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.