Ismael García-Gomez gasteiztarrak@arqueologo_ Twitterrera ekarri du euskaraz mintzo ziren Belizeko indigenen kasu bitxia. Fikzioa da, noski, eta Martin Mystere komiki sail zaharreko Raren mendekua atalean (1982) agertzen da. Egileek, antza, indioen hizkuntza irudikatu nahi izan zuten elkarrizketa bunbuiloetan, eta, haien benetako hizkuntza erabili –edo bat asmatu— beharrean, euskara baliatu zuten.
Kike Amonarriz soziolinguistak @KikeAmonarriz erantzun dio Garcia-Gomezen txioari, eta baieztatu du italierazko bertsio jatorrizkoan, zein frantsesezkoan, euskaraz daudela elkarrizketak.
Martin Mystère Italian 1982. urtetik aurrera argitaraturiko komiki saila da. Alfredo Castelli gidoilariak sortu zuen, eta Sergio Bonelli Editore argitaletxeak argitaratu zuen.
Komiki horretan oinarritu da ETBk gaur aireratuko duen Martin Mistery marrazki bizidunen saila.