Rihanna abeslariaren Fenty Beauty markak harridura sortu zuen duela gutxi, bere makillaje baseen 40 tonu ezberdin kaleratu zituenean. Azal zurientzako tonuak beste marken antzerakoak ziren, baina bereziki atentzioa eman zuen azal ilunagoentzako zekarren aukera zabalak. Ceylon kosmetiko marka ere sortu berri da, gizon beltzentzako kosmetikoetan zegoen hutsunea betetzeko asmoz. Hainbat galdera sortu dira azkenaldian sektorean: orain arte ez al da beltzentzako produkturik izan? Egon bada, nahikoa izan al da?
Makillajean ez ezik, beste produktu batzuetan ere badago arazoa. Atika Laaouad estilista da, eta black beauty beltzentzako edertasunean espezializatuta dago. Arlo askotan nabaritzen du ezberdintasuna: «Ileko produkturik eta arroparik ere ez dago. Emakume beltzek kurba gehiago dauzkate, eta ez dute beraientzako arropa egokirik aurkitzen. Kanpora joan behar dute produktuon bila». Hark ere kanpoan erosi behar izaten ditu ile-apaindegiko produktu asko: Frantzian edo Ingalaterran, besteak beste. Izan ere, bere ustez beste herrialde batzuetan arraza «dibertsitate» gehiago daukate, eta eskaintza askoz zabalagoa da: «Hemen ere badago aniztasun hori, baina oso pentsaera itxia daukagu, eta hori produktuetan islatzen da. Ni jendeak modu arraroan begiratzen nau oraindik. Estatus bat ez badaukazu, eta beste arraza batekoa bazara, gaizki begiratuko zaituzte. Arrazista eta klasista da». Seghor Manga eibartarrak ere sentitzen du arrazakeria hori: «Pentsatzen dute beltzok ez dugula kontsumitzen. Azal perfektua dugula ere esan izan dute, eta, horregatik, ez dugula makillajerik behar, edo baita ere, azal iluna daukagunez, makillajea ez zela igarriko, eta, beraz, ez dela beharrezkoa. Orain ikusi da ez dugula erosten orain arte egon ez delako, ez edonolako arrazoi horiengatik».
Tutty Manga Seghorren lehengusina da, durangarra eta azal beltzekoa. Makillajea aurkitzeko zailtasunak dauzka: «Edozein supermerkatutara joaten bazara, ezinezkoa da nire azalarentzako makillajea erostea. Internetetik erosi behar duzu, edo Bilboraino joan...». Durangon (Bizkaia) beretzako makillaje baseak aurkitzea ezinezkotzat jo du jada. Seghorrek azaldu duenez, Eibarren (Gipuzkoa) ere egoera antzekoa da: «Duela lau urte ingurura arte, ez nuen bat bera ere aurkitzen. Azken urteetan, ordea, Rihannak bere makillaje bilduma atera zuenetik, errazagoa da. Hala ere, oraindik zailtasunak dauzkat. Dendetara joaten naizenean, agian marka batzuek badaukate nire tonua, baina ez dituzte dendara ekartzen, pentsatzen dutelako ez dituztela salduko. Aurrez eskatu behar izaten dute».

Â
Interes ugari jokoan
Desiree Bela-Lobedde aktibista estetikoa eta komunikatzailea da, eta bi liburu kaleratu ditu: Ser mujer negra en España (Emakume beltza izatea Espainian) eta Minorias (Gutxiengoak). Hark ere zailtasunak izan ditu makillajea aurkitzeko orduan, baina beste aldagai bat ere azpimarratu du: dirua. «Makillajea erabiltzen dugun emakume beltzok tonu gehiago behar ditugu. Egia da azken urteetan gehiago daudela, baina ez da nahikoa. Gainera, tonu gehiago dauzkan marka bat aurkitzen baduzu, normalean makillaje profesionala izaten da, eta poto batek 40 euro inguru balio du». Laaouadek ez dauka argi benetan Rihannak kaleratutako makillajeak berritasunik ekarri duen: «Rihanna, emakume arrazializatu gisa, marketin produktu bat baino ez da; erabili egin dute. Beltzentzako makillajea ez du berak asmatu, duela urte asko sortu baitzen. Gaur egun, bera da diva beltza, baina bere aurretik beste asko egon dira: Tina Turner, Nina Simone... Horiek jada makillajea erabiltzen zuten. Gaur egun, berrerabiltze estrategia bat erabiltzen ari dira».
Belak ere zalantzan jartzen du ekimen berri horien zintzotasuna: «Batzuetan, gezurrezko aniztasun bat da. Agian marka batek emakume beltzentzako hiru tonu ateratzen ditu, baina sektoreko edozein profesionalek ondo daki tonuaz gain subtonua ere kontuan eduki behar dela, eta, beraz, hiru tonu ez direla nahikoa. Askok produktu bat baino gehiago erosi behar izaten dute, eta gero nahastu. Ez daukat batere argi zer intentzio daukan marka bakoitzak: publiko afrikarra kontuan izatea edo aurpegi zuriketa hutsa».

Â
Makillajearen ezaugarriei dagokienez, pertsona beltzen kasuan zurientzako makillajeak baino pigmentu gehiago dauka. Bestelako kosmetikoei dagokienez, berriz, azal beltzek behar propio batzuk izaten dituzte askotan. Behar horiek betetzeko kaleratu zuten duela gutxi Ceylon gizon beltzentzako kosmetikoen marka. Patrick Boateng markaren sortzailea bera, aknearekin eta beste azaleko arazo batzuekin izandako joan-etorriak zirela eta, konturatu zen ez zegoela melanina maila altuagoa zeukan gizonentzako produktu espezifikorik, eta orduantxe erabaki zuen proiektuarekin hastea.
Jeffrey Nku 23 urteko durangarra da, eta hark ere nabaritu izan du bere azal beltzak bestelako produktuak behar dituela: «Azala hidratatzeko kremak erabiltzen dituzte beltz gehienek, oso azal lehorra daukagulako. Ni Ghanakoa naiz, eta han guretzako krema espezifikoak egon ohi dira». Hala ere, hemen ez dituzte horrelako produktuak aurkitzen. «Afrikako denda txikietan» aurkitu ohi dituzte noizbehinka, Afrikatik denda horietara zuzenean inportatzen baitituzte. Supermerkatuetan aurkitzen dituen kosmetikoak erabili ohi ditu batzuetan, baina horiek ez ditu hain gustuko: «Ez dakit zergatik ez dituzten beltzentzako produktuak ekartzen. Agian ez dakitelako existitzen direla, edo agian badakite baina ez zaie interesatzen». Atika Laaouadek nazioarteko estilista onenaren saria jaso zuen 2018. urtean, Black Beauty International Hair Awards lehiaketan, Londresen, baina argi dauka hemen ez lukeela aukerarik izango halakorik lortzeko: «Sariak eman dizkidate, eta eskertzen dut kanpoan nire lana baloratu izana. Izan ere, Espainian ez nindukete baloratuko. Argi ikusi nuen nire ile-apaindegia jarri nuenean: jendeak zioen beltzarantxoentzako leku bat ireki zutela».

Â
Desiree Bela-Lobeddek, aktibismo estetikoaren bidez, emakume beltzek beraien azala eta ilea diren bezala ulertu eta onartzeko lan egiten du. Ilea eta azala «eraldatzearen» aurka dago. Haren esanetan, estetikaren alorrean izugarrizko presioa jasaten dute, eta azkenean azala argitzeko edo ilea lisatzeko tratamenduak egiten dituzte emakume beltz askok. Hala ere, bere ustez, estetika gainazaleko irudi bat baino gehiago da: «Estetika, pertsona beltzen kasuan, oso lotuta dago identitatearekin. Askotan entzun behar izan dugu gure ilearekin ezin dela ezer egin, edo ezpain handi horiek gorriz ez margotzeko...Txikitatik jasaten dugun presioak eragin nabarmena dauka gure identitatea eta autoestimua eraikitzeko orduan».
Ile- apaintzaileak ere lotura nabarmena aurkitzen du estetikaren eta autoestimuaren artean. «Arraza beltza markatuta dator jada. Txikitatik ez dute beraien burua onartzen, eta nerabezaroan larriagotu egiten da arazoa. Normalean nerabeek dituzten oztopoei beltza izateak esan nahi duena gehitu behar diozu». Bela-Lobeddek ere islatuta ikusten du diskriminazio hori bere alaba nerabearengan: «Negatiboki eragiten du. Bere lagun gehienak zuriak dira, eta lagunek egiten duten berbera egin nahi du berak ere, adin horretan oso garrantzitsua baita taldearen parte izatearen sentimendua. Baina, adibidez, guztiak beraien aurrezki txikiekin ohiko dendetara makillajea erostera joaten direnean, konturatzen da berarentzat ez dagoela, edo, baldin badago, garestiegia dela. Eta kanpoan geratzearen sentsazio horrek eragina dauka azkenean». Laaouad bere bezeroen autoestimuari laguntzen saiatzen da txikiak direnetik. Beltzen edertasuna «polita eta ederra» dela erakutsi nahi die: «Erakutsi behar zaie beste mota bateko trataera behar dutela beraien ileak eta azalak, baina politak direla berdin berdin».
Ilean ere, kalteak
Izan ere, azalean ez ezik, ilean ere kalte nabarmenak eragiten ditu gaztetatik pairatzen duten bazterkeriak: «Ezagutu ditudan pertsona beltz gehienek buruko larruazala kaltetuta daukate, merkatuan ez dutelako beraientzako produkturik aurkitzen, eta beraiek kabuz produktuak egiten dituztelako askok etxean, oso kaltegarriak direnak. Ilea lisatu nahi izaten dute askok, emakume zuri baten antza izateko, eta, azkenean, ilea hondatu baino ez dute egiten». Beharrezkotzat ikusten du nork bere burua «onartzea eta maitatzea», eta baita «guztien edertasunaz» jabetzea ere, ez baitago, bere aburuz, «edertasun jakin bat bakarrik».