Donostiako Udalak gaur aurkeztu du Aste Nagusirako aurten antolatutako egitarau osoa. Eta, horrekin batera, argitu dute nor izango den aurtengo kanoikadako protagonista: Bera Bera eskubaloi taldea arduratuko da, abuztuaren 10ean, udaletxeko balkoira igo, eta Artillero abestu ondoren jaiei hasiera emateaz.
Udalak eskubaloi taldeari aitortza egingo dio horrela, azken denboraldian egindako lan biribilagatik. Izan ere, Espainiako Liga, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi zituen taldeak. Dagoeneko hasiak dira hurrengo sasoia prestatzen, baina egindakoa ospatzeko tartea hartuko dute abuztuaren 10ean.
Guztira, 376 ekitaldi egingo dituzte hiriko 29 lekutan, eta kirol ekitaldiek ere izango dute jaian lekua: Aste Nagusia Parisko Olinpiar Jokoak amaitu bezperan hasiko denez, Donostiako Klasikoa egiteko eguna aldatu dute, eta kanoikada baino ordu batzuk lehenago egingo dute.
Urumea ibaiak ere ohi baino garrantzi handiagoa izango du jaietan: azken urteetako bideari jarraituz, lau egunetan egingo dituzte ibaiaren ingurua hobeto ezagutzeko bisita gidatuak, Arrauning elkartearen eskutik, abuztuaren 11tik 15era. Gainera, berrogei urteren ondoren, bela estropada egingo dute: Donostiako Club Nauticok antolatu du, Optimist motako estropada izango da, eta hogei parte hartzaile izango ditu.
Sagueseko kontzertuak
Udalak ekainean aurkeztu zituen Sagueseko oholtzara igoko diren musika taldeen izenak. Esne Beltza izango da horietako bat: abuztuaren 11n joko du Xabi Solano buru duen taldeak. Nogenek ere izango du kontzertua, hilaren 15ean. Chill Mafiako Kiliki Frexkok ere joko du bertan, abuztuaren 12an, Ben Yart eta Brava Showcase DJak lagunduta.