Euskarabenturako xerpak

Elorri Arrangoitz eta Xanti Latapy Torre: «Bereziki zaila egiten zaie Ipar Euskal Herriko gazteei harremanak sortzea»

Euskarabentura Donibane Garazira iritsiko da gaur. Aurten, lehen aldiz, xerpa lanetan arituko dira Ipar Euskal Herriko bi kide, eta nehoiz baino Iparraldeko partaide gehiago izanen dira.

Elorri Arrangoitz eta Xanti Latapy Torre, Euskarabenturako xerpak, astelehenean, Atharratzen. JOANES BASURTO
Elorri Arrangoitz eta Xanti Latapy Torre, Euskarabenturako xerpak, astelehenean, Atharratzen. JOANES BASURTO
julene muruaga
Atharra
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi zaku lodi bizkarrean, tartea hartu dute elkarrizketa egiteko. Euskarabenturaren lehen eguna da, eta jadanik unatuak dira, baina zerbait ezin zaie kendu: abentura hasteko gogoa. Lehen aldiz arituko dira xerpa lanetan Xanti Latapy Torre (Donibane Garazi, 2005) eta Elorri Arrangoitz (Baigorri, Nafarroa Beherea, 2005). Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko bi xerpa izanen direla, eta, horrekin batera, nehoiz baino Iparraldeko gazte gehiago izanen dira aurten.

Aurten, kamisetaren kolorea aldatu duzue; laranja ukaitetik, urdinera pasa zarete. Nola oroitzen duzue Euskarabentura jzioquitar zinetelarik?

ELORRI ARRANGOITZ: Biziki-biziki ontsa pasa zen. COVID garaian izan zen; beraz, normalean baino laburrago izan zen: hamar eguneko abentura. Eta ez ginen 180 gazte: erdia baizik ez ginen.

XANTI LATAPY TORRE: Bikaina izan zen.

Aurtengo esperientzia zertan izanen da desberdina, zuen ustez? 

ARRANGOITZ: Esperientzia arrunt desberdina izanen da.

LATAPY: Jzioquitar ginelarik, mendian anitz ibili ginen, tontor anitz egin genituen. Etapak luzeak eta menditsuak izan ziren. Oraingoan etapa gehiago eginen ditugu, baina bidean eta herrietatik herrietara. Ontsa izanen da! Horrez gain, ikusiko dugu ezagutu ez dugun ikuspuntu bat gazte gisa izan ginelarik.

ARRANGOITZ: Gure hamarreko taldea ukanen dugu, guhaurek kudeatu beharko duguna. Interesgarria izanen da, beste molde bat izanen da sozializatzeko.

Abiatu baino lehen kezkarik baduzue?

ARRANGOITZ: Talde oso bat kudeatu beharko dugu. Hastapenean ez dugu nehor ezagutuko, guk dugu animatu beharko taldea goxoan senti daitezen hilabetez. Bermatu behar dugu haien artean harremanak sortuko dituztela.

Eta unadurak beldurtzen zaituzte?

LATAPY: Bai! Gainera, biok hasi dugu abentura jadanik akituak; zinez akituak gara, ez dakit nola errekuperatuko garen. Zaila izanen da.

ARRANGOITZ: Ontsa esplikatu digute biziki trinkoa izanen zela eta lo guti eginen genuela.

LATAPY: Baina denborarekin automatizatuko da. Hasieran zaila da, eta gero, usaiarekin, errazago edo normalago bilakatzen da. Hogei kilometroko etapak ez ditugu gehiago sentituko.

Euskal Herriak duen muga administratiboak gazteen artean trabak sortzen ditu harremanak sortzeko?

LATAPY: Ez gara heldu ber lekuetatik, eta kasu batzuetan ez dugu ber hizketa, ez da beti erraza elkar ulertzea.

ARRANGOITZ: Eta bereziki Ipar Euskal Herriko gazteei egiten zaie zaila harremanak sortzea. Oroitzen dut, jzioquitarrak ginenean, Hego Euskal Herrikoak haien artean erlazionatu zirela, eta Iparraldekoontzat zailago izan zela, ez baitzuten baitezpada gure euskalkia ulertzen. Ez zuten usaiarik gure euskara entzuteko.

Halere, Euskarabentura tresna izan daiteke euskara sustatzeko?

ARRANGOITZ: Euskal Herriko euskara guztien nahasketa bada, kultur nahasketa, ohitura nahasketa... Eta hori, hilabete oso batez. Beraz, zinez bada denbora ongi ezagutzeko elkar, harremanak sortzeko, eta berantago, bestetan edo beste, berriz elkar ikusteko. Euskarabenturak anitz laguntzen du sustut Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen arteko harremanak sortzeko.

LATAPY: Eta abenturan zehar badiren animazioei esker, denek gauza berriak ezagutzen dituzte; batez ere, Hegoaldekoek gehiago ezagutzen dute Iparraldeko egoera, euskararen erabilera... Batzuek abentura hasieran ez dakite Nafarroa Beherea mapa batean kokatzen.

ARRANGOITZ: Horrez gain, batzuek ez dute aukerarik egunerokoan euskaraz mintzatzeko; Euskarabenturak euskaraz bizitzeko aukera ematen digu.

Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko bi xerpa ber momentuan direla. Zer erran nahi du horrek?

LATAPY: Egia errateko, ez dakit. Berdin Iparraldekoei iruditzen zaie urrunegi dela. Abentura hasiera Ipar Euskal Herrian da, baina gero urruntzen da. Berdin beldurtzen dira.

ARRANGOITZ: Nik ere ez, ez dakit... Animatzaile gehienak jzioquitar gisa parte hartu zuten, eta, Euskarabentura hasi zelarik, ez zen Iparraldeko anitzik; berdin horri lotua da baita ere.

Orain, aldiz, gero eta Ipar Euskal Herriko partaide gehiago badira. Aurten, hogei gazte jin dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurditik.

ARRANGOITZ: Biziki positiboa iruditzen zaigu. Guk parte hartu genuelarik, hamar baino gutiago ginen.

LATAPY: Garai hartan, Iparraldeko guztiak hartuak ziren gazteetan parte hartzeko: izena eman, eta zuzenean hartuak ginen; antolatzaileek pluraltasuna bermatu nahi zutelako. Orain, ez dituzte gehiago denak hartzen, eskaera gehiegi bada eta! Hori gertatu da xerpa izateko izena eman genuelarik ere; segituan hartu gintuzten. 

Animatzaile eta laguntzaileen arteko giroa nola doa oraingoz?

ARRANGOITZ: Aurkezpen asteburu moduko bat egin genuen, taldeak eta azpitaldeak ezagutzeko, esplikatzeko nola pasako den, arauak zehazteko... Bikaina izan zen! Pena genuen asteburua bukatu zelarik; asteburu bat ez zen aski.

LATAPY: Bi egun eta gero, kasik negarra begian genuen. Kristoren giroa izanen da!

ARRANGOITZ: Gainera, batzuk jadanik ezagutzen genituen; gure xerpak izan ziren edo gurekin egin zuten Euskarabentura.

LOTSABAKO

Trikuak, katalingorriak ala erbiak?
LATAPY: Erbiak. ARRANGOITZ: Erbiak, maite baitugu ibiltzea.

 

Euskarabenturara ekarri behar den objektu bat?
LATAPY: Zangoentzako krema. ARRANGOITZ: Lo egiteko kuxina!

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.