Oholtza gainera igo da antzezlea, eta hasi du funtzioa. Alderik alde mugitu ditu eskuak eta besoak, keinuak egin aurpegiarekin eta gorputz enborraren mugimenduek lagunduta kontatu du ehizan dabilen munstroaren istorioa. Eskuak igota eta astinduta egin dio txalo publikoak. Modu berean eskertu die berotasuna antzezleak.
Hamaikak dira, eta dozenaka lagun bildu dira Gasteizko Aihotz plazan. Haien artean hizketan ari dira, baina ia ez da hotsik entzuten, isiltasuna da nagusi. Alabaina, han daudenak ez daude isilik, elkarren artean solas egiten ari dira; gorrak dira eta keinu hizkuntzan ari dira hizketan.
Keinu Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da ekainaren 14a, eta egun osoko egitaraua antolatu dute Euskal Gorrak Federazioak eta Arabako Gorrak elkarteak. Ospatzeko bainoago, aldarrikapenak egiteko eta badirela ikusarazteko eguna dute. «Keinu hizkuntza gure hizkuntza da, eta gizartean normalizatzea nahi dugu». Hitz egin duena Kizkitza Velasco Arabako Gorrak elkarteko presidentea da, keinu hizkuntzan mintzatu da, baina BERRIAko kazetariak Mariola Gomez interpreteari esker ulertu ahal izan dio. «Elkarrizketa hau interpreterik gabe egin ahal izatea da gure nahia; alegia, zuk eta biok keinu hizkuntzan komunikatu ahal izatea», gaineratu du.

Esan ohi da hizkuntzak sortzen duela komunitatea, eta komunitateak ematen diola izaera eta identitatea kolektiboari. Gorren kolektiboaren kasuan, keinu hizkuntza dute berezko hizkuntza, eta euren nahia da gizarte osoa gai izatea hizkuntza horretan komunikatzeko. Izan ere, keinu hizkuntza ez da ahozko hizkuntzen imitazioa, ezta mimika hutsa ere. Sistema beregaina da, sintaxia eta morfologia berezkoa duena. «Haurtzaroan irakatsi beharko litzateke, eta ez soilik gorrek edo inguruan pertsona gor bat dutenek, gizarte osoak baizik», azaldu du Aitor Bedialauneta Euskal Gorren Federazioko presidenteak.
Espazio irisgarriak
Lurrean eseri dira zenbait ume, eszenatokiaren aurrean. Alba Diaz eta Ruth Reyes ipuin kontalariak igo dira taula gainera, eta ekin diete ipuina kontatzeari, haurrak adi-adi begira dituztela. Keinu hizkuntzan antzeztu duten ipuinarekin, hezkuntza inklusiboaren garrantzia bistaratu dute. Koloretako afixekin jolasak proposatu dizkiete haurrei, eta haiek, keinu hizkuntza erabilita, asmatu dituzte koloreak: gorria, urdina, horia, beltza...
«Elkarrizketa hau interpreterik gabe egin ahal izatea da gure nahia; alegia, zuk eta biok keinu hizkuntzan komunikatu ahal izatea»
KIZKITZA VELASCOArabako Gorrak elkarteko presidentea
«Espazio eta jarduera guztiek denontzat izan behar dute irisgarri», azpimarratu du Velascok. «Baina horretarako baliabideak jarri behar dira», erantsi Bedialaunetak. Gogoratu dute aurrerapausoak eman direla, baina oraindik ere bide luzea dutela egiteko instituzioek eta gizarteak berak.
Erakundeetako ordezkariek, adibidez, eguna baliatu dute keinu hizkuntzaren garrantzia ikusarazteko. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburua keinu hizkuntzan mintzatu zaie hurbildutakoei: «Gorra izatea zer den ikasi eta ulertu behar dugu».