Bermeotarren Afrikako abentura

'Dakarreko kanpainak' liburuan 1956-1968 tartean Bermeotik hara arrantzan joandakoen lana omendu dute

Euskal Herriko 3.300 itsasgizon inguru egon ziren Dakarren, gehienak Bermeoko ontzietan. DAKARREKO KANPAINAK.
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Hau ez duk ezer, txo! Dakarreko kanpainak haiek bai zirela gogorrak». Horixe da Jose M. Ferariosek (Bilbo, 1962) Bermeoko arrantzaleen ahotan hainbatetan entzundakoa. Artean 15 urterekin, txo moduan zegoen Bizkaiko kostaldeko herri horretako Nuevo San Nicolas ontzian. Ordutik, 36 urte pasatu dira, eta Dakarreko Kanpainak liburuan jaso ditu «abentura» haien nondik norakoak. Lau urteko dokumentazio lanaren eta elkarrizketa askoren ostean, kronologikoki azaldu du Ferariosek 3.300 bat arrantzalek —%85 bermeotarrak—Afrikako uretan bizitakoa. 1956-1957 lehen kanpainatik, 1964-1965kora, bederatzi guztira.

Lehendabiziko aldian Bermeoko zortzi ontzi abiatu ziren Afrika mendebaldera atuna harrapatzera, Kanariako Ojeda enpresak kontratatuta. «Itsasontziak ez zeuden tropikoan arrantza egiteko prestatuta. Azpiegitura logistikoa eskasa zuten hogei metroko egurrezko ontzi haiek», azaldu du liburuaren egileak.

Etxera dirua ekartzeko

Urritik martxora Kantauri itsasoan izaten ziren denboraleek eta tarte horretako harrapatzeak ugariak ez izateak bultzatu zituen erabakia hartzera. «Zer egingo genuen bada, itsasora joan, arrantzatu eta etxera dirua ekarri», hala diote han egondakoek.

Gero eta barku gehiago

1956an Bermeoko itsasontziak joan ziren bakarrik, baina gero Lekeitioko, Elantxobeko, Ondarroako, Mutrikuko, Orioko zein Hondarribikoak ere egon ziren. Urtetik urtera ontzi gehiago zeuden bertan. Azken kanpainan, esaterako, 80 bat ontzi abiatu ziren, eta horietatik 47 bermeotarrak ziren. «Bitxia da, lehendabiziko kanpainan egondako zortziak ez ziren hurrengo urteetan Dakarrera bueltatu».

Kainaberaz arrantzatzen zuten atuna aurreneko urteetan,1964-1965 kanpainan Alacran eta Alboniga ingurusaredun atunontzi izoztaileak agertu arte. Bi horien argazkiak eta beste hainbat daude liburuan. Dokumentazioa ere bildu du, salerosketen zerrendak eta prentsako artikuluak esaterako. Makina bat ordu pasatu du artxiboak arakatzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren zein BBVAren artxiboetan eta Madrilgo liburutegian.

Aurreko asteburuan Bermeoko Arrain Azokan salgai izan zen liburua, eta orain Turismo bulegoan daude edonoren esku. Bildutako dirua apirilaren 11ko sutean kaltetutakoentzat izango da.

«Izugarria» izan zen arrantzale haiek egindakoak, eta horregatik, liburu honen bidez egindako omenaldia merezi dutela dio egileak. Izan ere, Josu Santiago AZTI-Tecnaliako Tunidoen ataleko ikerketa arduradun eta Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeko Komisio Zientifikoko presidenteak hitzaurrean dioen moduan, «euskal arrantzaren historiako atal nahiko ezezaguna berreskuratu du liburuak: Bermeoko flotaren Afrikako abentura. Sekulako garrantzia izan zuen abentura hark garai hartan, eta, batez ere, egungo atunontzi izoztaileen flotaren ernamuina izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.