Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak ehun urte baino gehiago daramatza Andre Maria Zuriaren jaietan kaleak alaitzen. Urteetan egindako lana eskertzeko, Gasteizko Udalak Joseba Perea, konpartsako antolatzailea, hautatu du aurtengo txupinazoa jaurtitzeko arduradun gisa. Harekin batera aritu dira Blanca Aguillo, Joseba Fiestras, Satur Garcia eta Begoña Divar.
EGITARAUA
Normalean, jaien lehen egunean, konpartsako kideek ez dute txupinazoa ikusteko aukerarik izaten, 17:00ak aldera dantzariak lehen ikuskizuna prestatzen hasten baitira. Aurten, ordea, jaiei hasiera emateko arduradunak izan dira, eta hori «ohore handia» dela esan du Pereak: «Jaien hasiera barrutik bizitzea berezia da edozein gasteiztarrentzat».
Egungo kideek bota zuten suziria, baina sustatzaileak gogoan dituzte; ehun urte baino gehiago baititu elkarteak. 1916. urtean, konpartsa sortu baino urtebete lehenago, Gasteizera etorri ziren Iruñeko erraldoiak eta kilikiak. Gasteizen erraldoiak eta buruhandiak falta zirela ikusita, dirua biltzeko kanpaina batzuk abian jarri zituzten hirian, eta, lortutako diruari esker, 1917an Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa sortu zuten; lau erraldoi —Arabako mendialdeko bikotea eta Aramaioko baserritarren bikotea— eta lau buruhandi: Escachapobres, Zeledon, Katxan eta Gasteizko margolaria.

Urte hauetan guztietan, beste pertsonaia batzuk asmatu dituzte: Gargantua (1923); Los Regueveros (1929); La Señorita, Calva Seca, Ilehoria, Ojo Biriki, Negartia eta Atsoa buruhandiak (1930); karta sortako erregeak (1943); eta txotak eta zaldiak (2001). Horiekin batera, taldera jende gehiago sartuz joan da. Gaur egun, konpartsak gero eta ume, gazte eta nagusi gehiagoren ilusioa pizten duela adierazi du Pereak. «Ez da erraza umeak erakartzen dituen ehun urte baino gehiagoko zerbait aurkitzea».
Ehungarren urteurrena, konpartsaren mugarri
Jaiak girotzen dituzten pertsonaia mitikoak baino gehiago dira erraldoiak, buruhandiak, zezensuzkoak, Gargantua, txotak eta zaldi figurak. Gasteiztarrek hala ulertzen dute; izan ere, 1917tik gaur egunera arte, hiriaren historiaren eta nortasunaren erreferente bilakatu dira. Horiek kalera ateratzen dituzten 38 dantzarik osatzen dute gaur egun konpartsa. Pereak dantzariak zerrendatu ditu: «21 dantzari erraldoiekin, sei buruhandiekin, lau txotekin, beste lau zaldiekin eta hiru Gargantuarekin; zezensuzkoan dantzari horietako bostek hartzen dute parte».
«Ez da erraza umeak erakartzen dituen ehun urte baino gehiagoko zerbait aurkitzea»
JOSEBA PEREA Erraldoi eta buruhandien konpartsako antolatzailea
Haurra zenetik erraldoiak eta buruhandiak izan dira Natxo Gaton kazetari gasteiztarraren bi pasioak. Gaur egun, ametsa bete du, eta konpartsa biziberritzeko prozesuan murgilduta dabil. Gatonek dioenez, erraldoien eta buruhandien konpartsa «birsortze garaian» dago: «Konpartsara sartzen den jende berriak gogo eta indar handiz egiten du. Dantzariek ahal den guztia egiten dute kalera irteteko eta tradizio hori kontatzeko».
Konpartsan aldaketa nabarmenak izan ziren mendeurrenaren harira. 2017an «mugarri bat» ezarri zela nabarmendu du Pereak: jantziak berritu zituzten, dantza berriak sortu, eta lan egiteko modua ere eraldatu zuten. «Aste Santua amaitzean hasten gara entseatzen, eta 2017. urtearen aurretik zortzi bat entsegu egiten genituen; gaur egun, ordea, urtean berrogei entsegu inguru egiten ditugu», azaldu du.

Ordutik egon diren aldaketetatik, konpartsako antolatzaileak dio «gero eta jende gehiago» joaten dela konpartsako ikuskizunetara. Horrekin batera, dantzarien artean adin askotako jendea sartzen hasi zen konpartsara, eta, horri esker, «oso talde plurala» osatu dute. Hori «oso onuragarria» da, Perearen arabera: «Orain dela hamabost urte, konpartsan hasi nintzenean, guztiok geneuzkan 16 eta 25 urte inguru. Gaztetxoak ginen».
Azken urteotan, berriz, ume txikiak dituzten gurasoak ere sartu dira taldean, «seme-alabei irribarre eginarazteko»: 16 urtetik 48 urtera arteko kideek osatzen dute konpartsa gaur egun. «Gazteen eta nagusien artean entzuten diren elkarrizketak desberdinak dira, eta hori oso interesgarria da. Giro polita sortzen du horrek», zehaztu du Pereak.
Gomazko erraldoiak eta buruhandiak
Erraldoi eta buruhandien istorioa ezagutzeaz eta kontatzeaz arduratu da Gaton. «Gasteizko historia kontatuko duen marka bat sortzeko helburuarekin», Gasteizko erraldoien webgunea sortu du, baita gomazko erraldoi eta buruhandiak ere. Kazetari gasteiztarrak azaldu duenez, «orain arte ez da interes handirik egon antzinako gauzak kontatzeko. Historia erakargarria da, eta badugu zer kontatua».

Tradizioa bizirik mantentzeko, Gatonek ezinbestekotzat jotzen du erraldoien eta buruhandien jatorria ezagutaraztea. Hori dela eta, haurrentzat erakargarriagoak diren formatuetara egokitu ditu pertsonaia hauek: gomazko erraldoi eta buruhandi bihurtu ditu, bakoitza bere istorioarekin batera aurkeztuta. Hiru erraldoi eta buruhandi bat merkaturatu ditu; bakoitza kaxa batean dator, jatorriaren azalpen batekin lagunduta.
Tradizioak indarra hartu du Gasteizen. Konpartsa sortu eta berehala, kalera irteten ziren erraldoi eta buruhandiek herritarren miresmena piztu zuten. Ordutik, konpartsak gero eta presentzia handiagoa lortu du hirian. Pertsonaia bakoitzaren jatorria modu dibertigarri eta didaktikoan kontatzeak interesa eta maitasuna areagotu du gasteiztarren artean. Baina Gaton ziur da erraldoien eta buruhandien inguruko «istorio asko» daudela kontatzeko. Istorio horiek berreskuratu eta zabaltzen diren bitartean, erraldoiek indar handiagoz jarraituko dute Gasteizko kaleak girotzen.