Sanferminak

Berri Txarrak sanferminetan ariko da uztailaren 8an

Txupinazoa botatzeko hautagaiak ere aurkeztu dituzte: 'Rastrojo' unaia, Motxila 21 taldea, Los Amigos del Arte musika elkartea eta Chrisallys Nafarroa elkartea

Iruñeko Udaletxe plaza txupinazoaren unean, 2016ko uztailaren 6an. IDOIA ZABALETA
Iker Tubia.
2018ko maiatzaren 25a
18:17
Entzun

Geroz eta gertuago dira sanferminak, eta gaur hainbat berri argitara eman ditu Iruñeko Udalak. Alde batetik, Foruen plazako kontzertuen berri eman du. Aurten ere, asteburuan baizik ez da kontzerturik izanen plaza horretan. Uztailaren 6an La Pegatina eta Los Caligaris taldeek joko dute, uztailaren 7an Iseo & Dodosound with the Mousehunters eta Nathy Peluso taldeek, uztailaren 8an Berri Txarrak eta Jupiter Jon, eta uztailaren 13an Talco eta Bad Gyal. Berri Txarrak taldeak Infrasoinuak diskoa aurkeztuko du Iruñeko kontzertuan.

Bestalde, iruindarrek sanferminetako txupinazoa nork botako duen aukeratu beharko dute heldu den hilabetean. Ekainaren 7tik 21era eginen da bozketa, eta Iruñean erroldaturik dauden 16 urtetik gorakoek izanen dute botoa emateko aukera. Profil ezberdineko hautagaiek izanen dute txupinazoa botatzeko aukera. Motxila 21 Downen sindromea duten musikariek osaturiko taldea da, Chrisallys haur eta nerabe transexualen gurasoen elkartea, Los Amigos del Arte ehun urte bete dituen musika elkartea eta Miguel Araiz Rastrojo iaz erretiratu zen unaia, 45 urtez entzierroetan lanean aritu dena.

Hautagaiak sanferminetako mahaian biltzen diren elkarteek aukeratu dituzte. Bost proposamen baino gutxiago zeudenez, lau horiek zuzenean pasatu dira azkenengo fasera. Botoa Internet bidez, Iruñeko Udaleko hiritarren arretarako zenbakira deituta edo Civivox zentruetan eman daiteke ekainaren 7tik aurrera. Ekainaren 22an jakinen da uztailaren 6ko eguerdian nor aterako den udaletxeko balkoira suziria piztu eta bestari hasiera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.