Titulu hau ez du adimen artifizialak idatzi

BERRIAk adimen artifizialaren erabilera arautu du. Arduradunekin hala erabakitakoan baliatu ahalko da, baina betiere egunkariaren irizpideen eta kode deontologikoen barruan, eta ez du giza jarduna ordezkatuko. Estilo liburuan txertatu dute dekalogoa.

Kerman Garralda
2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adimen artifiziala sektore ugari eraldatzen ari da mundu osoan. Medikuntzatik eta industriatik hasi eta merkataritzarekin eta hezkuntzarekin bukatu, haren eragina ukaezina da, eta bilakaera, berriz, etengabea. Kazetaritza ere ez dago aldaketa bizkor horietatik aparte. Izan ere, adimen artifizialaren eztandak eztabaida etiko eta praktiko erabakigarria piztu du albisteak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko prozesuen inguruan, eta komunikabideek ahalik eta seriotasun eta ardura handienaz jorratu behar dute. Gogoeta eta egokitzapen garaiotan, BERRIAk, komunikabideen panoraman erreferente gisa duen zereginaz jabetuta, funtsezko urrats bat egin du: adimen artifiziala erabiltzeko berariazko irizpide deontologikoen dekalogo bat sortu eta formalizatu du.

Irizpide horien lanketa ez da prozesu inprobisatu bat izan, antolakuntzaren barruan egindako gogoeta sakon eta iraunkor baten emaitza baizik. Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordeak nabarmendu du jarraibide horiek ez zituztela «egun batetik bestera» zehaztu. Egitasmoa duela urtebete inguru sortu zen, BERRIAren barruan diziplina anitzeko lantalde bat osatu zutenean, egunkariko hainbat arlotako arduradunekin. Talde horren eginkizuna argia zen: adimen artifizialaren erabilera arautzea. «Zer egin daitekeen, zer ez...». Lankidetza sare hori, hainbat ikuspegi eta sail biltzen dituena, funtsezkoa da zehaztutako irizpideak BERRIAko arlo guztietara zabaltzeko eta eguneroko lan erritmoaren konplexutasunera egokitzeko.

Goenagak gogorarazi du, halaber, badirela hilabete batzuk BERRIAk adimen artifiziala erabiltzen duela, modu esperimentalean eta kontrolatuan, «barne eragiketa batzuetarako». Horren adibide da edukiak etiketatzeko sistema. Azaldu duenez, testuetan identifikatzaile batzuk jartzen ditu adimen artifizialak, eta, gero, bilaketa egin daiteke etiketa horien bidez. «Lan hori iaz lortu genuen adimen artifizialarekin egitea; makinak egiten du». Aurretiko esperientzia horri esker, BERRIAk adimen artifizialaren ahalmenen berri izan du, eta, aldi berean, identifikatu du zer erronka etiko dauden tartean eta zein diren araudi zorrotzagoa eskatzen duten arloak. Lehen gizakien esku hartzea eskatzen zuten zenbait zeregin makinak automatikoki egin ahal izateak galderak sortzen ditu egiletzari, zehaztasunari eta egiaztapenari buruz.

Hala ere, adimen artifizialak kazetaritzan duen egitekoa zabalagoa da prozesuen automatizazio hutsa baino. «Ikusi genuen badagoela argitu beharreko korapilo bat», adierazi du Goenagak. Adimen artifizialak hankaz gora jar ditzake kazetaritza egiteko eta kontsumitzeko moduak, eta aurrea hartu behar zaio horri. «Zera esan genion geure buruari: 'BERRIAn etikoki kokatu behar dugu'». Adimen artifizialaren mugen eta aukeren inguruko gogoeta sakona eragin du horrek. Hala, helburutzat hartu zuten argitzea kazetaritza arloko ekoizpenetan zer egin daitekeen eta zer ez den egin behar adimen artifizialarekin. Gogoeta etiko horren pisua agerian uzten duen adibide bat jarri zuten mahai gainean, Goenagak gogoratu duenez: «Adibidez: giza sormena ordezka dezake adimen artifizialak? Egin dezagun gogoeta horren inguruan». Galdera hori funtsezkoa da, kazetaritza ez baita prozesu tekniko bat bakarrik: sorkuntza, interpretazio eta narrazio ekintza bat ere bada».

Ideiatik estilo liburura

Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunari eman zitzaion dekalogo proposamena lantzeko ardura. Oinarri sendo bat eraikitzeko, Arraratsek ikerketa konparatibo sakona egin zuen, adimen artifizialak sortzen dituen erronkei aurre egiten hasiak ziren beste komunikabide batzuen estilo liburuak eta kode etikoak aztertuz. Azterketa horri esker, BERRIAren testuinguru espezifikoan kontuan izan beharreko jardunbide egokiak eta puntu kritikoak bildu ahal izan zituen. Hasierako proposamena landu ondoren, erredakzio zuzendaritzaren esku uztea izan zen lehen urratsa, ziurtatzeko irizpideak koherenteak zirela ildo editorialarekin eta komunikabidearen kazetaritza estandarrarekin. Horrez gain, adimen artifizialari buruzko lantaldeak ekarpenak egin zituen, eta, hala, lehenengo idatzia askotariko sailen ikuspegiekin aberastu. «Horrela erabaki dugu zein izango diren gure irizpideak adimen artifizialari dagokionez», azaldu du Goenagak. Lankidetza eta gogoeta prozesu horren emaitza da estilo liburuan txertatutako azken atala.

BERRIAk garatutako irizpideak ez dagozkio soilik kazetarien lanari edo erredakzioari. Goenagak azpimarratu du «etxe barruko funtzionamendua» arautzen dutela, «ez bakarrik erredakzioarena». Horrek esan nahi du dekalogoak ondorioak dituela sormena darabilten edo edukiak ekoizten dituzten enpresaren arlo guztietan. Adibidez, publizitatearen arloan, non adimen artifizialak lagunduta egindako irudi edo testu edukiak erabiltzeak galderak sor ditzakeen originaltasunari eta egiletzari buruz. Gauza bera gertatzen da argazkilariekin eta ikus-entzunezkoen alorrean, adimen artifizialak modua ematen baitu irudiak manipulatzeko eta bideoak sortzeko ere. Dekalogoak jarraibide argiak ematen ditu benetakotasuna eta egiazkotasuna zaintzeko. Laburbilduz, adimen artifizialak BERRIAn duen eragina holistikoa da, eta eragiketa guztiei eragiten die.

Barne funtzionamendua arautzeko tresna bat ez ezik, BERRIAk «gizartearekin duen konpromisoari erantzuteko modu bat» ere bada dekalogoa. Noiz-eta arriskua dagoen honetan desinformazioak eta adimen artifizialaren bidez egindako edukiek informazioaren egiazkotasunari buruzko zalantzak sortzeko, BERRIAk «konfiantzazko gotorleku» izan nahi du. Helburua da konpromiso horren bidez «gardentasun osoa» izatea irakurleen komunitatearekin. «BERRIAren komunitateak, BERRIAlagunek eta irakurleek jakingo dute testuak nola eginak dauden, eta jakingo dute nola ez dauden landuak». Horrek esan nahi du irakurleek erraztasunak izango dituztela jakiteko edukiren bat adimen artifizialak sortua, moldatua edo aldatua den, eta, horrela, informazioaren egiazkotasuna bermatuko da, baita konfiantzazko harreman bat sustatu ere hedabidearen eta irakurleen artean.

BERRIAko zuzendariordeak adierazi du dekalogoa, egunkariaren estilo liburuaren beste atalak bezala, «moldakorra» dela etorkizunera begira. Adimen artifiziala etengabe garatzen ari da, eta horrek esan nahi du arriskua dagoela egungo irizpideak azkar zaharkituta geratzeko baldin eta aldian-aldian berrikusten ez badira. «Beharra dagoen neurrian, berrituz joango gara», adierazi du Goenagak. Garrantzitsua izan nahi duen edozein komunikabiderentzat, teknologia aldatzen ari den ingurune batean funtsezkoa da etengabeko ikaskuntza eta egokitzapen mentalitate hori. izatea «Posible da urtebete barru gauza batzuk gehitu behar izatea». Horretarako, gertutik erreparatuko diote adimen artifizialak kazetaritzaren eta komunikazioaren esparruan duen garapenari, nabarmendu duenez. «Erreferentziazko beste komunikabide batzuei begiratuko diegu ikusteko zertan ari diren gai horretan». Kontuan hartuta adimen artifizialaren arloa «hain berritzailea eta desafioz betetakoa» dela, garrantzitsutzat jo ditu lankidetza eta ezagutza trukea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.