BERRIAko erredakzio zuzendaritzak adimen artifizialaren erabileraren inguruko gogoeta prozesua abiatu zuen iaz. Irene Arrarats Lizeagari (Hernani, Gipuzkoa, 1967) eskatu zioten dekalogoa idazteko, eta jendaurrean ere berak aurkeztu du. Atzo egin zuten aurkezpena, Donostiako Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Beharrezkoa da adimen artifizialaren erabilera arautzea?
Argi dago komunikabide serioek estrategia bat zehaztu behar dutela jakiteko nola jokatu adimen artifizialarekin: zertan erabiliko duten, noiz, zertarako... Funtsezkoa da hori. Izan ere, adimen artifiziala hemen dago, eta, halako ariketa bat egin ezean, nolanahi erabiliko dugu. Oso-oso arriskutsua litzateke hori kazetaritza onarentzat.
Izan da alarma piztu zuen kasurik?
Kontua da hemen dela adimen artifiziala, eta, poliki-poliki, BERRIA ere erabiltzen hasia zela gauza batzuetarako. Halako aukerak eta arriskuak dakartzanez, ordena jarri behar da, irizpide batzuk zehaztu. Gainera, aurretik argi eta garbi ezarrita dauzkagu gure irizpide deontologikoak eta periodistikoak. Jakinda zein den BERRIA taldearen helburu nagusia, horren zerbitzuan daude irizpide horiek, baita adimen artifizialari dagozkionak ere.
Zer kasutan onartuko da adimen artifiziala erabiltzea?
BERRIAk oso garbi dauka kazetaritza hobea egiteko lagungarri bat izan behar duela adimen artifizialak, eta irakurleei eta entzuleei zerbitzu hobea emateko lagungarri bat, eta ez dela inondik ere tresna bat kazetaritza azkarragoa, merkeagoa eta kaskarragoa egiteko. Hor badago oinarri bat, eta, hori garbi baldin badaukagu, errazagoa izango da erabakitzea noiz erabili eta noiz ez.
Dena dela, dekalogoan jasota dago BERRIAn ez dela adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik argitaratuko, ez osorik, ez partez.
Horrek esan nahi du ez dela ezertarako erabiliko? Ez. Erredakzio zuzendaritzak baimena ematen baldin badu, esate baterako, gai jakin batean edo erreportaje jakin batean informazioren bat adimen artifizialaren bitartez jasotzeko edo datu ekonomiko batzuk analizatzeko, hori egin liteke. Baina beti izango da lagungarri bat. Orain Wikipedia kontsultatzea den bezala. Erredakzio zuzendaritzak espresuki baimentzen baldin badu, adimen artifizial sortzaileak emandako informazioa iturri moduan erabili ahalko da, beste iturriak bezalaxe gero egiaztatuta, baina ez da sekula publikatuko hark emandako testurik, nahiz eta tarte labur bat izan. Sekula ez.
«Adimen artifizial sortzaileak emandako informazioa iturri moduan erabili ahal izango da, baina ez da sekula publikatuko hark emandako testurik»
IRENE ARRARATS LIZEAGABERRIAko euskara arduraduna
Adimen artifiziala erabiltzen denean, irakurleak nola jakingo du?
Erabiltzen baldin bada, esan egin beharko da, beste iturriak aipatzen diren bezala.
Zeintzuek jardun duzue dekalogoa idazten?
Erredakzio zuzendaritzako kide batzuekin ibili naiz batez ere. Orain urtebete inguru, prozesu bat jarri zuten martxan, eta, bilera batzuk eta ez dakit zenbat bertsio egin ondoren, argitaratutako bertsio hau ondu dugu. Denon artean findu ditugu irizpideak. Dudarik ez dago aldatuz joango dela, eta, estilo liburuko gainerako atalekin egiten dugun bezala, moldatu eta eguneratu beharko dugula, premiak aldatu ahala.
Oinarririk erabili duzue?
Kontuan hartu dugu besteek zer erabaki duten eta zer irizpide finkatu dituzten. Esaterako, The Guardian-ek zer erabaki duen begiratu dugu, The New York Times-ek, AP agentziak, El País-ek... Besteek egindakoari gure esperientzia batu diogu, gure izateko modua eta gure balio editorialak, eta gure izaerarako egokitzat jotzen dugun planteamendu bat osatu dugu, oinarri sendoak dituena. Hemendik aurrera erabakiren bat hartu behar dugunean, badugu nora jo.
Adimen artifizialak asko aldatuko du BERRIAren eta antzeko hedabideen egunerokoa?
Espero dut askorik ez aldatzea. Adibidez, zehaztu ditugun irizpideak ezarri ez bagenitu, arrisku nabarmen bat genuke: posible litzateke sortutako testua ez bat etortzea gure irizpideekin, gure balio editorialarekin. Esan lezake Markina [Bizkaia] Espainia dela, adibidez; eta lerratze edo aurreiritzi sexistak edo arrazistak izan litzake, guretzat onartezinak direnak. Eta, gainera, uniformizatu egingo luke idazkera. BERRIAn beti sustatu dugu kazetari bakoitzak bere ahotsa lantzea eta hobetzea, aberastea, betiere euskara batuaren barruan. Nik uste dut ederra dela Lapurdin idatzitako testua Bizkaian irakurri ahal izatea, eta alderantziz, zeinek bere kolorea duela. Kolore guztietako euskarak agertu behar du euskarazko egunkari nazionalean.
Erlazionatuta