Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hauteskunde eguna dute gaur: Frantziako Asanbleako bozen bigarren itzulia. Gertatzen denaren berri emango dute hainbat komunikabidek. BERRIAk bere webgunean Euskal Herriko hiru barrutietako emaitzak emango ditu, grafikoen bitartez. Gainera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri guztietako datuen mapa bat kontsultatu ahalko da egunkariaren webgunean. Iparralde osoko emaitzak batuta, boz gehien bildu duen hautagaitza zein den ere jakinaraziko dute.
Euskal Irratiek emankizun berezi bat egingo dute, 18:00etan. Euskarazko lau irratietan FM bidez eta Internet bidez entzuteko aukera izateaz gain, www.berria.eus webgunean ere jarraitu ahalko da.
Sei aurkezle arituko dira hauteskundeei buruzko irratsaioan: Gure Irratiko Kristof Arotzarena eta Inar Iraizotz, Irulegiko Irratiko Marie-Agnes Gorostiaga, Bernadette Argain eta Jojo Bidart, eta Xiberoko Botzako Beñat Larrori. Hautagaien ihardukitzeak biltzen arituko dira Inexa Dekun, Artzen Letona, Estitxu Berho, Olatz Idoate, Maia Muruaga eta Ihintza Arrieta —Oihana Dagerreren gidaritzapean arituko dira—.
Interneteko sare sozialetan ere emango dute hauteskundeen berri BERRIAk eta Euskal Irratiek. Bihar goizean emaitzen azterketa egiten jarraituko dute.
Gaur gauean, bestalde, analisirako tarte bat zabalduko dute Euskal Irratien emankizunean: 21:00etatik aurrera, bozen analisia egingo dute Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak, Jenofa Berhokoirigoin Argia-ko kazetariak eta Jojo Bidart Irulegiko Irratiko esatariak.
Euskadi Irratian eta Radio Euskadin albistegietan emango dute Frantziako Asanbleako bigarren itzuliko bozen berri. ETBko albistegietan, Olatz Simon eta Nerea Olaso kazetariak arituko dira hauteskundeen berri ematen.
Frantziako telebista kate nagusiek, era berean, emankizun bereziak egingo dituzte gaur arratsalde-gau partean.
Kolonbian ere bozak dira
ETBko albistegietan Frantziako Asanblearako hauteskundeen jarraipena egiteaz gain, Kolonbiako eta Andaluziako erkidegoko (Espainia) bozak aztertuko dituzte. ETB2 katean hiru hauteskunde horien inguruko albistegi berezi bat egingo dute, 22:10ean, Teleberri amaitu bezain laster. Xabier Ormazabal kazetariak aurkeztuko du albistegi berezi hori. Kolonbiako bozen berri Arantxi Padilla berriemaileak emango du —EITBko irratietan ere mintzatuko da—. Andaluziako bozen berri emateko, Aiert Arieta-Araunabeña Sevillatik (Espainia) arituko da, eta Maider Arteaga Madrildik.
BERRIAk ere Kolonbiako hauteskundeen gaineko informazioa emango du bere webgunean, eta asteartean papereko edizioan.
BERRIAk eta Euskal Irratiek bozen berri emango dute luze eta zabal
18:00etan hasiko da Frantziako Asanbleako hauteskundeen bigarren itzuliari buruzko irratsaioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu