Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeak izan dira gaur, eta BERRIAk hauteskunde gauean gertatzen den guztiaren berri emango du. Zenbaketa hasi ahala, BERRIAk Hego Euskal Herriko emaitza guztiak emango ditu orrialde berezi batean. Hego Euskal Herriko boto kopuru totala azalduko dute eta Espainiako Kongresuaren osaketa nola gelditu den plazaratuko dute. Mapa interaktibo bat ere osatuko dute; bertan ikusi ahalko da zein alderdik izan duen boto gehien Hego Euskal Herriko herri bakoitzean, eta alderdi bakoitzak gora edo behera egin duen kontsultatzeko modua ere egongo da. Herrialde bakoitzean emaitzak zertan diren azalduko dute, eta Espainiako Gobernuari begira egon daitezkeen itun posibleen berri emango dute. Era berean, bideo bat zabalduko dute webgunean eta sare sozialetan, gauaren laburpen gisa.
Webgunean goizetik aritu dira kazetariak, eta gauean ere hala ariko dira; egunkariko kazetariek zuzeneko kontakizuna egingo dute. Baita sare sozialetan ere: Twitterren, Facebooken eta Telegramen —dagoeneko bi mila harpidedun baino gehiago ditu BERRIAren Telegrameko profilak—. Bihar, berriz, paperezko edizio berezia argitaratuko du egunkariak; harpidedun guztiek jasoko dute kazeta postontzian, eta kioskoan ere ez da faltako.