BERRIAren estilo liburuaren sakelako telefonoetarako bertsioa martxan dago asteazkenetik. Erabiltzailea estilo liburuan gailu mugikor batetik sartzen denean, hasierako orrialdera edo esteka baten bidez beste edozein orrialdetara, automatikoki bertsio mugikorra ikusiko du, pantailaren neurrira egokituta.
Kontuan izan behar da estilo liburuaren testuen egitura konplexua dela. Mahaiko ordenagailuan erabiltzaile ugari ditu estilo liburu digitalak —2013ko ekainean estreinatu zuten Interneteko bertsioa—. Hilean 2.000 erabiltzaile baino gehiago ditu bertsio digitalak. Orain, sakelako telefonoetan ere modu errazean erabili ahalko da. Testuen egitura konplexua egokitu egin da horretarako, pantaila txikian modu egokian erakusteko. Atalen indizeak ere egokitu egin dituzte, eta azpimenuak jarri dituzte errazago nabigatzeko. Munduko herrialdeetako fitxak ere eskuragarri daude sakelakoetarako bertsioan.
Bertsio berrian, hasierako orrialdea ere egokitu egin dute. Atal guztietara iristeko, menu tolesgarri bat izateaz gain, bistaratze bisual bat landu da, kolore bidezko blokeekin. Bilatzaileak, bestetik, lehentasunezko tokia du, eta beti dago ikusgai.
Galderak eta iradokizunak
Estilo liburuaren blokeen artean, nola erabili jakiteko aholkuak daude, azkeneko aldaketak, galde-erantzunak, hiztegiak —tartean, gaikakoak—, Euskal Herriko eta munduko izendegiak, BERRIAk bete beharreko deontologia oinarriak, idazkuntzari lotutako irizpideak, Interneteko idazkeraren berezitasunak, ortotipografia, onomastika eta bibliografia. Era berean, iradokizunak egiteko toki bat ere badago. Herritarren ekarpenarekin aberasten baita estilo liburua. Galdera-erantzunen zerbitzuari dagokionez, BERRIAren Euskara saileko arduradunak berehala ahalegintzen dira herritarrei egindako galderei erantzuten. Galderetako batzuk Twitter sare sozialaren bidez egiten dituzte erabiltzaileek, eta orain, sakelako bertsioari esker, adibideak eta argibideak errazago partekatzeko aukera izango da. Estilo liburuaren adibideak sare sozialen bidez partekatzeko aukera praktikoagoa edukiko dute erabiltzaileek aurrerantzean.
Estilo liburua telefonotik errazago erabili ahal izateko, sarbide zuzena sortzea gomendagarria da. Horretarako, telefonoaren nabigatzailearen bidez estilo liburuaren hasierako orrialdean (www.berria.eus/estiloliburua) sartzean, Hasierako pantailara gehitu funtzioa aktibatu behar da. Ikono bat agertuko da orduan sakelakoaren pantailan, bertatik estilo liburura zuzenean sartzea ahalbidetuko duena.
Berrikuntzen gurpilean aurrera jarraitzen du BERRIAk.