Berriro gerta ez dadin

Naziengandik ezkutatua zegoela, holokaustoaren bizipenak jaso zituen Anne Frankek egunkari batean. Haren memoria gordetzearren, erakusketa bat ireki dute Donostian.

Holokaustoaren zergatiak azaltzen ditu Anne Franken erakusketak. GARI GARAIALDE/ ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Egunkari batean barruko kontuak idatzi ohi dira, beste inork irakurriko ez dituelakoan. Modu pertsonal horretan, zintzotasun osoz kontatu zituen Anne Frankek ezkutatuta egon zeneko beldur, itxaropen eta bestelako bizipenak. Hamahiru urteko neskatila hark jasotako testigantzak munduari buelta eman, eta holokaustoari buruzko literatura lanetan gehien irakurrienetakoa bilakatu da.

Donostiako Aiete Jauregiko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean inauguratu dute Anne Frank. Gaurko historia bat erakusketa. Hitlerrek Alemanian boterea eskuratu ostean, jaioterritik ihes egin eta Amsterdamgo (Herbehereak) atzeko etxean ezkutatu ziren Anne Frank eta haren familia. Gerra bukatzear zegoela, baina, naziek babeslekuaaurkitu zuten, eta kontzentrazio esparru batean hil zen neskatila.

Anne Frank Fundazioaren eta Donostiako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da erakusketa. Anne Franken bizitzari buruzko xehetasunak eta juduen kontrako jazarpena bultzatu zuten faktoreak era grafiko batean erakusten dira. Ibileraren amaierarako, 25 minutuko bideo bat prestatu dute. Halaber, II. Mundu Gerra, nazismoa eta holokaustoa ardatz duten liburuen zein filmen zerrenda kontsultatu daiteke. Bisitariek, artikulu horiek maileguan hartu ahal izango dituzte.

Erakusketa beste ekitaldi osagarri batzuekin osatuko dutela iragarri dute, hala nola hitzaldi, tailer eta dokumentalen emanaldiekin.

Gaztainondo aldaxka

Anne Frankek atzeko etxea deitzen zion ezkutalekutik gaztainondo bat ikusten zuela irakur daiteke haren egunkarian. Gaztainondo hori gogora ekarri nahi izan dute, eta gaztainondo aldaxka bat landatu zuten Odon Elorza Donostiako alkateak, Anne Frank Fundazioko zuzendari Kleis Broekhuizenek eta Juan Parra erakusketaren komisarioak. Haren ondoan 36ko gerrako eta diktadura frankistako biktimak omenduko dituen eskultura altxatuko dutela iragarri zuen Elorza alkateak. Askatasuna eta elkarbizitzarako sinboloek apainduko dute behinola Franko diktadorearen udako jauregia izan zena.

Gipuzkoako ikastetxeak gonbidatu zituzten erakusketa ikustera joan daitezen. «Ikasle guztiek Anne Franken historia ezagutzea nahi dugu, arrazakeria, nazismoa eta balio demokratikoen inguruan eztabaidatu dezaten», azaldu du Kleus Broekhuizenek.

Asmo pedagogikoko erakusketa dela jakinarazi zuten. «Norberak bere buruari holokaustoa zergatik gertatu zen galdetzea da gure helburua», aitortu zuen Juan Parrak.

Giza eskubideen alde borrokatu duten pertsonaia historikoen erakusketa monografikoaren barruan dago Anne Franken bizitzari buruzkoa. Hurrengo urteetan Mahatma Gandhi, Wangari Maathai, Rene Cassin eta Martin Luther Kingen bizitzari eta ekarpenei buruzko erakusketak ikusi ahalko dira.

Izan ere, indarkeria eta gatazkak saihesteko gakoa hezkuntzan dagoela aldarrikatu zuten antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.