Hirugarren urtez, Ipar Ameriketako euskal diasporako zenbait gazte Goierrin daude. Ateak Ireki programaren bitartez, 31 estatubatuar eta quebectar bat Goierriko familietako kide izan dira hiru astez. Quebectar hori Armand Aube da: 20 urte dituela etorri da Euskal Herrira. Oihane Escoz, berriz, Seattlekoa da, estatubatuarra, eta 16 urte ditu. Lazkaoko Maizpide barnetegia izan dute bigarren etxe, eta euskararekin zuten harremana sendotu dute bertan.
Zer moduzko harrera egin dizuete Euskal Herrian?
ARMAND AUBE: Kanadarrok jator ospea badaukagu ere, euskaldunena beste maila batekoa da; beti daude laguntzeko prest. Euskal lurretara heldu berri, treneko ordutegiari begira nengoela, ibilgailu bateko gidaria gerturatu zitzaidan, nik eskatu gabe, laguntzeko prest. Jarraian, trenera igo, eta emakume batek bere aldamenean jartzeko keinua egin zidan.
OIHANE ESCOZ: Euskaldunek besoak zabalik hartu gintuzten. Hemen oso erraza da jendea ezagutzea.
Euskaldunak hotzak direla diote bada...
ESCOZ: Nire aita Besaidekoa da, eta txikitatik kontatu izan dizkit Euskal Herriko istorio politak, baita euskaldunenak ere. Agian horregatik ez dut inoiz aurreiritzi hori izan.
AUBE: Nire ustez, herrialde bakoitzeko jendearen izaerak zerikusi handia du bertako hizkuntzarekin. Hemen frogatu dut jendeari euskaraz hitz eginez gero gehiago irekitzen dela. Ez daude ohituta atzerritar batek beraien hizkuntza ikasi duela ikustera. Hortaz, iruditzen zait euskaldunak ez direla hotzak, baizik eta nekatuta daudela jendeak ez duelako euskaraz hitz egiteko saiakerarik egiten.
Zergatik etorri zarete Euskal Herrira?
ESCOZ: Euskal Herriko arbasoak ditut; nire aitak euskaraz daki, baina nik hitz solte batzuk besterik ez. Gehiago ikasi nahi dut, eta, gainera, asko gustatzen zait bidaiatzea.
AUBE: Arrazoi linguistikoek ekarri ninduten; ez naiz diasporakoa.
Euskaraz oso ondo hitz egiten duzu.
AUBE: Azaroan hasi nintzen. Liburuetatik ikasi dut eta, batik bat, Arian metodologiari esker.
Nor-nori-nork sailak amesgaiztorik eragin dizue?
AUBE: Ez, guztiz aurkakoa, maite dut ergatibo sistema hori. Oso berezi egiten du hizkuntza.
Euskal Herrian, zerk eman dizue atentzioa gehien?
ESCOZ: Kalean Palestinako eta LGTBI kolektiboaren horrenbeste bandera ikusteak. Funtsean, adierazpen askatasunak.
Zuen jaioterrian oso desberdina da errealitatea?
AUBE: Bai. Politikari dagokionez, eta, batik bat, estetikoki. Euskal Herrian, herri txikietan gehienbat, politika eta estetika oso lotuta daude. Jendearen ilea mozteko moduan eta janzkeran igar daiteke hori. Quebecen politika ezin da islatuta ikusi pertsonen itxuran.
Familia euskaldunen etxeetan zaudete...
ESCOZ: Nire harrera familia Ordizian [Gipuzkoa] bizi da, eta nire ahizparena ere bai. Bi familiak lagunak dira eta gauza mordoa egiten ditugu denok batera. Gainera, nire hemengo etxean bi haur bizi dira; batek 9 urte ditu, eta egunero kalera bakarrik irteten da, motxila jantzita, lagunekin kirola egitera. Asko harritzen nau horrek. Nik 16 urte ditut, eta Seattlen ez nintzateke sekula kalera bakarrik irtengo. Euskal Herria seguruagoa da, eta horrek askatasun handiagoa ematen du.
AUBE: Hemen haurrek askoz ere denbora gehiago igarotzen dute gurasoekin, eta, hortaz, haiekin duten harremana ere estuagoa da.
Zer iruditu zaizue hemengo gastronomia?
AUBE: Atzo afaltzeko patata frijituak jan nituen: inoiz horrelako patatarik jan gabea nintzen. Hemen jendeak ez ditu espezieak erabiltzen, eta, hortaz, kozinatzeko beste teknika batzuk erabiltzen dituzte. Bestalde, jakien kalitatea ezin hobea da.
ESCOZ: Nire aitak euskal janaria prestatzen du Ameriketan. Hala ere, duela egun batzuk sagardotegi batean izan ginen, eta jan genuen oro izugarria zegoen.
Eta festa?
ESCOZ: Hemen, hiru asteotan, nire bizitza osoan baino parranda gehiago egin dut. Seattlen gauerdirako hiria lo egoten da, baina Euskal Herrian kaleak bizirik daude. Badirudi jendeak beti duela ospatzeko zerbait. Hori oso dibertigarria da! Aitzitik, euskaldunek zer musika entzuten zuten jakiteko irrikan etorri nintzen, baina hemen kanta amerikar pila bat entzun ditut.
Euskara ikasten jarraitzeko asmorik bai?
ESCOZ: Egunen batean jariakortasunez hitz egin nahi dut. Hortaz, nahitaez ikasten jarraitu beharko dut.
AUBE: Masterra Gasteizen egitea gustatuko litzaidake eta horren arrazoietako bat euskara da. Gainera, hizkuntza ikasteko liburuak erosi ditut, eta, epe muga dutenez, horiek egiten hasi beharko dut lehenbailehen.
Euskal Herriko zerbaitek zeharkatuko du itsasoa maletan?
ESCOZ: Balio emozional handia duen zerbait eraman nahi dut. Esate baterako, hondartzako txirlaren bat.
AUBE: Euskaraz idatzitako zerbait eramatea gustatuko litzaidake, nire hirian jendeari erakusteko. Euskara ezingo dut maletan sartu, baina nirekin daramat.
LOTSABAKO
Hitz gustukoena euskaraz?
AUBE:Eskuzabal.ESCOZ: Nekatuta.
Euskal Herriko txoko bat?
ESCOZ: Gaztelugatxe.
AUBE: Urdaibaiko Biosfera Erreserba.