Plaza giro

Bertakoa, bertakoentzat

Herritar ugari biltzen da ostegun eta larunbatero Gasteizko Santa Barbara plazako azokara eskulangileen produktuak erostera.

Elurpean egin behar izan dute azken egunotan Santa Barbarako azoka. E. BEGIRISTAIN.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Babatxoak, lekak, patatak, piperrak, gazta, hestebetak, perretxikoak, ogia, opilak, sagardoa eta ardoa. Barazki, fruta eta eskuz eginiko janaria nonahi. Den-denak arabarrak. Kalitate eta prezio onean. Akaso, horregatik ez da galdu erosteko ohitura. Gasteiztarrek urtetako tradizioari eutsi diote, eta ostegun eta larunbatetan Santa Barbara plazako azokara joan ohi dira baserriko produktuak erostera. Etengabea izaten da jendearen joan-etorria egun horietan, areago eguraldia lagun dutenean. Euria edo elurra ari duenean, berriz, jende gutxiago biltzen da erostera.

Gasteizen jakiak kalean saltzeko azoka paratzea Erdi Aroko ohitura da. Ordutik, modu batean ala bestean, eutsi egin zaio tradizioari, eta garai berrietara egokituz joan dira kaleko merkatuak. Plaza Berrian jarri zen aurreneko merkatua, eta 1982. urtean Santa Barbara plazara aldatu zen. Gerora, salmenta ibilitari bihurtu zen azoka: lehenik, Mendizabalako aparkalekuan jarri zuten; handik gutxira, zezen plazaren ondoko aparkalekura aldatu, eta Simon Bolibar plazara mugitu zuten ondoren. Azken urteotan, Santa Barbara plazan aurkitu du kokalekua.

Antonia Requejok urteak daramatza Santa Barbarako merkatuan erosten. Gustuko ditu saltzen dituzten produktuak. Bereziki jakien «kalitateagatik» erosten du azokan. Ez du hutsik egiten, eta ostegun eta larunbatero joaten da bertara: «Beti erosten dut zerbait, bereziki gazta, hestebeak eta fruta».

Maria Angeles Garciak saltzen dituen hestebeteak izugarri gustuko dituela dio. Arbulon duen zerri etxaldean ekoitzitako jakiak dira, eta ontzutuak saltzen ditu. Garciak hamar urte daramatza azokako salmenta postuan. Azken urteotan salmentak izugarri jaitsi direla dio, eta horren errua saltokien baldintza kaskarrei egozten die: «Eguraldi txarra dagoenean ezinezkoa da hemen egotea. Irrist egiten dugu, euria eta haizea estalkien zuloetatik sartzen da... Udalak dio ez duela aurrekonturik hau egokitzeko, baina egunen batean konpondu beharko dute, ezta?».

Gazta eta ogia erostera joaten da ostegunero azokara Elena Martinez gasteiztarra. Ernestok Albeizko labean egiten duen ogi ekologikoa erosten du, batez ere. «Nire senarrak gustuko du baserriko ogia, eta ohiko okindegietan ez dutenez saltzen... Haurrek ere gustura jaten dute».

Santa Barbarako azokako salmentekin pozik dagoela aitortu du Ernestok: «Bezero fidelak ditut; gehienbat larunbatetan etortzen zait jendea erostera». Hala ere, uste du Gasteizko Udalak gehiago sustatu beharko lukeela ekoizle txikien salerosketa, hori ere ingurumenari bultzada ematea delako: «Benetan Hiriburu Berdea izan nahi badu, halako azokak bultzatu beharko lituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.