Besaiden, mugen gainetik

Besaidera heldu dira Urmugako ibiltariak, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko muga historikora. Musikak eta mendiak bat egin dute, mendizaletasunaren eta memoria kolektiboaren bihotzean, eta elkartasun eta sentimendu sakonak piztu dituzte.

Gaurko ibiltarien argazkia, Yoshin Ogataren eskulturaren parean, Besaiden. UNAI ETXENAUSIA
Gaurko ibiltarien argazkia, Yoshin Ogataren eskulturaren parean, Besaiden. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
Besaide
2025eko uztailaren 16a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Besaide, 564 metroko gailur apala, baina esanahiz betea. Bertan elkartzen dira Bizkaia, Araba, eta Gipuzkoa, muga ez den muga baten gainean. Anbotoren itzala eta Udalatxen handitasuna paisaia berean nahasten dira, baso sakonen lasaitasunarekin batera. Haizeak iraganaren arrastoa xuxurlatzen du, eta harri isilek arbasoen oihartzunak gordetzen dituzte. Herrialdeen arteko elkargune geografikoa izateaz gain, Besaide memoria kolektiboaren eta mendizaletasunaren sinbolo bihurtu da.

Urmugako ibilaldiaren seigarren etapa osatuko dute gaur ibiltariek, Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen 21 etapako ibilbide luzean. Urmuga ez da soilik geografiaren eta paisaiaren gaineko erronka: musika emanaldiak eta kultur ekitaldiak ere txertatzen dira bertan, mendiaren isiltasunari soinuzko ukitu biziak emanez. Gorobel mendilerrotik abiatu ziren, Arabako mugetatik, eta helmuga Urdatx-Dorrepea izango dute, Zuberoako bihotzean.

Egunsentiaren kolore goxoekin hasi dute mendizaleek eguna, Durango (Bizkaia) atzean utzi eta Urkiolako parajeetara sartzean. Txorien kantua eta haizearen dantza leuna lagun, Zabalandi, Ipiztekoarriaga, Tellamendi eta Lurgorri bailarak zeharkatu dituzte. Natura beti aurrez aurre, baina ez arerio: bidaide bihurtuta.

«Ederra da eskultura eta lekua», esan du ibiltari batek arnasa baretu bitartean. 19,5 kilometroko bidea eginda, eguerdiko ordu biak aldera iritsi dira Besaidera, ingurune hunkigarri eta sakratura. Hiru herrialdeen arteko batasunaren ikur diren bi monumentuak miresten geratu dira ibiltariak: 1955ean Luis Pueyo arkitektoaren gidaritzapean eraikitako Mendizale desagertua monumentua, 1953an Mont Blancen eroritako lau mendizaleen omenez. 1991n, Yoshin Ogatak beste eskultura bat eraiki zuen behean. Leku berezi hori mendizaleen eta bisitarien elkargunea da, euskal nortasuna eta elkartasuna gogora ekartzen dituena. «Leku eta ibilbide ederra iruditu zaigu, eta merezi du», miretsi dute lekua Cristina Ventosak eta Gemma Roldanek.

Lehen ibiltariak Besaidera iritsi diren unea. UNAI ETXENAUSIA
Lehen ibiltariak Besaidera iritsi diren unea. UNAI ETXENAUSIA

Biak Gijondik (Espainia) datoz, eta, gaur azken etapa duten arren, orain arteko seiak egin dituzte. «Parte hartzera animatu gintuzten, eta esperientzia zoragarria izan da orain arte», azaldu du Ventosak. Hark konbentzitu zuen Roldan: «Cristinak esan zidanean, animatu egin nintzen. Uste baino hobeto eutsi diegu etapei, eta musikaz gozatzea ere ikaragarria izan da». Gosetuta iritsi dira geldialdira, eta, hitz gehiagorik esan gabe, lurrean eseri eta jaten hasi dira biak.

Ibiltari gehienak gaurko etapan parte hartzeko batu dira Urmugara, Maitane Mugarza ermuarra (Bizkaia) kasurako. «Goizean animatu gara lagunak, eguraldi ona ikusita. Ibilbideaz izugarri gozatu dugu, nahiz eta aurretik ezagutzen genuen. Gero, asmoa dugu musika entzutera ere joateko», adierazi du. Goizean, ibilbidea hasi aurretik eman dieten Urmugaren inguruko azalpena gustatu zaiola erantsi du.

PXL 20250716 121639617
Bazkaltzen eseri diren unea. UNAI ETXENAUSIA

Musikak berebiziko garrantzia du Urmugan: ez da kirol jarduera bat bakarrik, eta ez du izaera lehiakorrik. Kontrara, euskal musikak eta kulturak pisu handia dute. Egunero izango dira kontzertuak, eta asko, doakoak. Are, naturaguneetan eta herri txikietan izango dira. Gaur, Arrasateko (Gipuzkoa) udaletxe aurrean amaituko dute eguna Urmugako mendizaleek; hain zuzen, 19:00etan hasiko da Chruinne talde galiziarraren kontzertua. Mendizaleek eta bisitariek naturaren eta kulturaren arteko lotura sendoa ospatzeko aukera izango dute, musikaren erritmoan atseden hartuz eta egindako bidea elkarri kontatuz. Bihar, Getariatik Adunara joango dira —29,5 kilometro ditu ibilbideak—; eta, eguna amaitzeko, berriz ere Chruinne izango da oholtzan, oraingoan Adunan, 19:00etan.

Urmuga, mendia eta musika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.