Bestaren zurrunbiloan sarturik dira Arbizun (Nafarroa), ostiralean txupinazoa bota zutenez geroztik, eta ez dute deskantsatzeko tarterik. San Janak deitzen dituzte bertako bestak, txantxetan, Sakana inguruan eguna otordu artean ematen dutelako. Gaur ere ez da jatekorik faltako, baina berezitasun bat izanen da: kantatuan ariko dira.
Izan ere, eguerdian, Arbizu gora gora kantus egitasmoa izanen da herrian. Iaz abiatu zuten, hiru kantuzaleren ekimenez, eta aurten ere jende anitz batzea espero dute, nahiz eta igandea familiarekin bazkariak egiteko eguna ere izaten den. Iñaki Mendinueta da antolatzaileetako bat, eta, esan duenez, joan den urtean oso ongi atera zen, eta «giro oso polita» izan zuten. 87 lagun bildu zituzten. Bazkaldu aurretik hasiko dira kantuan, eta bazkalondoan berriz ere ekinen diote kantuari, baina, bigarren txandan, musikarien laguntzarekin. Ongi pasatzea eta kantu zaletasuna bultzatzea izanen da helburua.
Boladan daude gisa horretako egitasmoak. Hala ere, Arbizun bestetako igandean baizik ez dute egiten. Mendinuetak esan duenez, Dantxarinean (Nafarroa) egiten den kantu bazkarian parte hartu ohi dute arbizuar batzuek, eta esperientzia horrek eraman ditu antzeko egitasmo bat antolatzera. «Kantatzeko afizioa badago, baina indartu gabe dago», esan du arbizuarrak. Euskal Herriko beste toki batzuetan gehiago kantatzen dela uste du. «Hemen badago afizioa, parranda dagoenean batek kanta bat bota duela, beste batek beste bat bota duela, baina horretara ez gara biltzen, ez zen egiten horrelako festarik orain arte».
Oraingoz, egun bakarra dute, baina jakitera zer gerta litekeen etorkizunean. Mendinuetak esan duenez, neguan beste saio bat antolatzekotan ziren, baina, azkenean, ez zuten egin. Jendea «gosez» geratu omen zen, kantu gosez esan nahi baita. Hala, bigarren edizioak adieraziko die aurrerantzean zein bide hartu behar duten.
Kantuak badu jendea biltzeko eta lotzeko indarra, eta horrek erakarri egiten du. Baliteke hori izatea kantu egitasmoen arrakastaren gakoa. Mendinuetak argi du kantatzea gauza ederra dela: «Nori ez zaio gustatzen bazkaria egitea eta giro on batean denek ezagutzen ditugun kantak elkarrekin kantatzea? Iruditzen zait magia txiki bat sortzen dela horrelako gauzetan, denak lotzen gaituen zerbait berezia».
Sanjoanak. Arbizu (Nafarroa)
Bestari doinua jarrita
'Arbizu gora gora kantus' egitasmoaren bigarren aldia eginen dute gaur eguerdian. Oraindik lau egun geratzen dira Arbizuko bestetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu