«Bi kafe, faborez, bat niretzat eta bestea gerorako». Esaldi hori ezohikoa da oraindik Euskal Herrian, baina Europan zabalduz doa. Ekinbide solidario bati dagokio. Zure kafea ordaintzeaz gainera behar duenarentzat beste bat —edo nahi beste— ordaintzean datza. Dena den, oraingoz jendea uzkur ageri da ekinbide berri horren aurrean.
Euskal Herrian bi tabernak eskaintzen dute gerorako kafea. Bilboko Jai Alai Miribilla eta Atarrabiako (Nafarroa) Bikintza tabernek, hain zuzen ere. Nafarroan apiriletik eska daiteke behar dutenentzako kafea, eta maiatzean abiatu ziren Bilbon. Dena den, jendeak oraindik ez du erabat barneratu ideia berria. Adibidez, ekinbidea bertan behera utzi dute Lizarran (Nafarroa). Frantzisko Xabierkoaren kaleko Tahona okindegian begi onez ikusi zuten gerorako kafea ekinbidea, baina, azaldu dutenez, ez zuen arrakastarik izan, eta azkenean «aspertu» egin ziren.
Napolin abiatu zen ekinbide solidario hori, eta Italian nahiko zabaldua da jadanik. Han ohikoa dena arrotz izan liteke euskal herritarrentzat, edo baliteke horren berri ez izatea. Biak izan litezke ekinbidea oraindik arrakastatsua ez izatearen arrazoia. Zabalpen nabarmenagoa izan du Madril, Bartzelona eta halako hiriburuetan. Gonzalo Sapiña Bartzelonako gazteak behar dutenei kafea eskaintzeko tabernak bildu ditu Cafespendientes.es webgunean, eta handik hartu dute ideia Euskal Herriko negozioek. Gainera, gerorako kafea Internet bidez eskatzeko aukera ere ematen du webguneak. Bertan bildutakoa ekinbidearekin bat egin duten tabernen artean banatuko dute.
Dena dela, ideia erakargarria izan da tabernen negoziotik kanpo ere. Hala, Euskal Herrian badago beste bati hanburger bat edota igerilekurako sarrera bat ordaintzeko aukera. Bilboko Rodo harategiak gerorako hanburgerrak asmatu ditu. Erriberako merkatuan salgunea du Rodo Crespok, eta lehenbizi irrati bidez eta gero telebistan jaso zuen ekinbide solidarioaren berri. Gerorako kafea bere eremura eramatea bururatu zitzaion horrela.
Eskatzea zaila da
Merkatuan erosketak egiten dituztenek aukera dute behar dutenentzako hanburgerrak erosteko. Ordaindutakoak, normalean, haiek berek eskaintzen dizkiete beharra dutenei. Izan ere, ez baita erraza eskean aritzea. Dena den, hanburger anitz dituztenean gizarte jangelara eramaten dituztela argitu du. Horretaz gain, Besarkatuz elkartekoak joan izan dira noiz edo noiz ordaindutako hanburgerren eske, baita hiesaren aurkako T4 elkartea ere. «Pixkanaka-pixkanaka ordainduta utzitako hanburgerrak banatu egiten ditugu, elkarteen bidez batez ere, edota merkatuan ibiltzen diren eta behar duten horiei emanez», esan du.
Hala ere, ez dira asko jendeak ordaindurik uzten dituen hanburgerrak. «Nire aurreikuspenak ez dira bete; jendeak asko galdetzen du ez duelako ekinbidea ezagutzen, eta ez da konturatzen zer den». Hala ere, bada ohitura hartu duenik eta astero hanburger bat ordaintzen duenik. Bestalde, ekinbidearen berri izatean parte hartzen dutenak ere badira, baina harakinak dio horietako askok ahantzi egiten dutela eta ez dutela ohiturarik hartzen. «Jendeak ez du inertziaz ordaintzen», azaldu du. Haren aburuz, informazio faltagatik izan daiteke.
Eskatzea ere kostatu egiten dela aitortu du Crespok. Izan ere, arazo ekonomikoak onartzea ez da hain erraza. «Salmahaiaren beste aldekoak herabetsuak dira hanburgerrak eskatzeko tenorean», azaldu du. Hala ere, arazoak dituztenei ekinbidearen berri eman ohi diete harategiko langileek, eta beldurrik gabe eskatzeko aholkatzen diete.
Antzeko egoera antzeman du Jorge Vaquero Kanpondoa kirol guneko kudeatzaileak, Agoitzen (Nafarroa) abiatutako ekinbideaz mintzatzean. Aurtengo udan lehenbiziko aldiz behar duenari igerilekuan sartzeko sarrera ordaintzeko aukera eman dute. Sarean taldearekin elkarlanean egin dute. Elkarte hori duela bi urte sortu zen, arazo ekonomikoak dituen jendea laguntzeko helburuarekin. Vaquerok aitortu du eskatzea ez dela erraza. «Hasieran sarrerak hartzea kostatu zitzaien, egoera ez baita inoren atseginekoa», dio. Horregatik, eta behar zuenarentzako «ahalik eta errazen» izan zedin, eskaera egiten zutenei ez zieten daturik eskatu.
Uda bukatuta, balorazio ona egin du kirol guneko kudeatzaileak. Gerorako sarrerak ordaintzeko prest azaldu da jendea hasiera-hasieratik. Hala, besterentzako 35 eta 40 sarrera artean saldu dira Agoitzen. Horietarik hamarrek ez dute jaberik topatu; beraz, heldu den urtean horiek jasotzeko parada izanen dute gehien behar dutenek.
Haurren mesederako
Vaquerok azaldu duenez, haien helburua sarrerak haurrek erabiltzea izan da. «Haiek ez dute ezeren errurik, eta, gainera, haiek dira igerilekuarekin gehien gozatuko dutenak», azaldu du. Helburua bete dute, sarreren hiru laurdenak haurrek erabili baitituzte. Gainera, haurrak igerilekura joateko beste ekinbide bat ere jarri zuten martxan: 9 urtetik beherakoekin joaten zen arduradunak sarrera doan zuen.
Beste helburu bat ere azaldu du Vaquerok: «Garrantzitsuena herrian eztabaida sortzea da, eta Agoitzen elkartasuna badela erakustea». Erantzuna ikusirik, heldu den urtean «hobeki» joanen delako esperantzarekin errepikatuko dute. Neguan ere zer edo zer egitea pentsatzen ari dira, baina oraindik ez dakite nola. Izan ere, sarrera garestiagoa da, eta beste batena ordaintzea, zailagoa. Krisi ekonomikoari buelta emateko ideiarik ez da falta. Ez eta elkartasun keinurik ere.
Beste bat behar duenarentzat
'Gerorako kafea' ekinbide solidarioa Euskal Herrira heldu da. Nork bere kafea ez ezik behar duenarena ere ordaintzean datza. Tabernetan ez ezik, harategi eta igerilekuetan ere antzera egin dute Nafarroan eta Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu