Beste bizialdi bat elkartasunari

Hamar urte bete ditu Azpeitiko Elkarguneak. Bigarren eskuko produktuak saltzen dituzte bertan, kontsumo arduratsua sustatzeko eta gizarteko injustiziei aurre egiteko dirua lortzeko.

Azpeitiko Elkarguneko boluntarioak, irailaren 19an, jasotako arropak antolatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Azpeitiko Elkarguneko boluntarioak, irailaren 19an, jasotako arropak antolatzen. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
Azpeitia
2025eko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izara mordo bat iritsi da Azpeitiko (Gipuzkoa) Elkargunera, inizial brodatu eta guzti. «Zenbatean jarri duzu hori?», galdetu du Maite Azpiazuk. Beste izara batzuen etiketa begiratuz erantzun diote galderari. Ez baita erraza prezioa jartzea dohaintzan emandako objektuei. Horixe da boluntarioen lanetako bat: horiei beste bizialdi bat ematea.

Elkar-ekin elkartea dago Elkargunearen atzean. 2012ko greba orokorraren harira sortu zen, haserrea antolatu eta gizarteko injustiziei aurre egiteko. Geroztik, askotariko ekintzak antolatu dituzte, gai ugari lantzeko: banka etikoak, etxebizitza, desjabetzeak, apustu etxeak... 

Horretan zebiltzala sortu zitzaien herriko azokan parte hartzeko aukera: bigarren eskuko produktuak saltzea erabaki zuten, kontsumo arduratsua eta berrerabilpena bultzatzeko, eta, era berean, lortutako dirua haien ekintzak finantzatzeko erabiltzeko. Bi urtez azoka horretan parte hartu ondoren, ordea, gune iraunkor bat izateko beharra sortu zitzaien, herritarren erantzuna ikusita. Garai hartan Soreasu eraikinean zinema soilik zegoenez, udalari hango lokal bat eskatu zioten.

AZPEITIKO ELKARGUNEAK 10 URTE
Elkar-ekin elkartearen logoa, Elkargunearen kanpoaldean. GORKA RUBIO / FOKU

Eta Elkargunea sortu zuten: bigarren eskuko arropak, altzairuak eta objektuak saltzeko denda. «Guretzat zera da politena, etxeetan beharrezkoena den materiala dela hemen gehien mugitzen dena: mantak, koltxoiak, lapikoak, umeen materiala... Etxeetan oinarrizkoa dena», azaldu du Eneko Ibarguren elkarteko kideak. 

Gainera, boluntarioei esker funtzionatzen du nagusiki, eta ederra da hori ere. Laurogei pertsona inguru aritzen dira, askotariko ardura mailak hartuta: batzuek urtean bost txanda egiteko ematen dute izena, besteek arropa sailkatzen dute, talde batek asteroko bileretan parte hartzen du... Horietako bat da Enekoitz Kerejeta: «Oso proiektu interesgarria iruditzen zait. Ez bakarrik gauzei beste erabilera bat emateko, baizik eta hemen lortzen den diruarekin herrian hainbat proiektu aurrera ateratzeko». 

Arropa gehiegi

Kontzientzia lantzeko ere balio izan die boluntario izateak. Ikusi besterik ez dago biltegian dituzten edukiontzietan botatzeko duten arropa pila. «Traste pila bat dauzkagu: beldurra ematen du zenbat arropa dagoen ikusteak», esan du Kerejetak. Ados dago Ibarguren ere: «Oso ondo dago jendeak arropa ekartzea, baina ohartu gara arazo sozial bat daukagula arroparen kontsumoari dagokionez. Astakeria hutsa da zenbat arropa erosten den Azpeitian. Astero betetzen dugu edukiontzi bat botatzeko arropaz». 

«Inportantea da elkartasuna, baina baita lan politikoa egitea ere, gizartea aldatzeko»

ENEKO IBARGUREN Elkar-ekin elkarteko kidea

Txanda amaitu, eta ospatzeko garaia da orain: ehun lagun baino gehiago elkartu dira Soreasu kanpoaldean, urteurrenaren harira. Bertan dago Luis Enrique Sorianoren plaka ere. «Dominikar Errepublikakoa zen, eta Azpeitian lan egiten zuen; bere buruaz beste egin zuen, lan esplotazioa zela eta», azaldu du Ibargurenek. Elkar-ekin elkartekoen laguntzari esker, akordio bat lortu zuten enpresarekin, eta familiak kalte ordaina jaso zuen. «Guretzat inportantea da elkartasuna, materiala ematea eta abar, baina baita lan politikoa egitea ere, salatzea, beti begirada antikapitalista batetik; miseria hauek sortzen dituen gizarte hori benetan aldatzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.