Astronomoentzat, ezagutza bereganatzeko abagunea; milaka eta milaka pertsonarentzat, ikusmina betetzekoa. Venusek ez zuen hutsik egin atzo, eta beste ehun urtean errepikatuko ez den irudi bat eskaini zuen. Astronomoek ongi neurtua dute haren orbitaren nondik norakoa, eta baita Eguzkia zein Lur planetaren kokaguneak ere. Hirurak lerrokaturik geratu ziren, eta horrek modua eman zuen Venus Eguzkiaren aurretik igarotzen ikusteko. Lotsati, orban txiki bat gisa jarri zen Eguzkiaren parean gauerditik aurrera, eta zazpi orduren buruan atera, sartu bezain isilik.
2004an gertatu zen azken aldiz fenomeno astronomiko hori. Orduan estreinakoz ikusi zuten bizirik dauden belaunaldiek; aurreko iragaitea 1882koa izan zen. Binaka gertatzen da fenomeno astronomiko hori: bi aldiz zortzi urteren aldearekin, eta gero 105,5 urte hurrengo bikotea iritsi arte (2117 eta 2125).
Euskal Herrian apenas ikusi zen gertaerarekin lotutako ezer. Eguzkia 06:45ean atera zen, eta Venusek 07:00etan bukatu zuen bere bidaia gure izarraren aurrean. Baina fenomenoaren azken zatitxoa ikusteko aukera ere ez zen izan, lainoturik baitzegoen. Lekeitio (Bizkaia) zen igarotzearen zati txiki bat ikusi ahal izateko lekurik egokiena, Eureka museoak jakinarazi duenez, Eguzkia itsasotik ateratzen delako han, mendien oztopoa saihestuz. Baina han ere ez zen ezer ikusi.
Euskal Herria ez dago Venus Eguzkiaren aurrean pasatzen ikusi ahal izateko toki egokian. Asiako ekialdea, Ozeano Bareko mendebaldea, Erdialdeko Amerika eta Ipar Amerika, Europako iparraldea eta Ekialde Hurbila izan ziren behatoki onenak. Dena den, munduko erakunde askok eskaini zuten Venusen igarotzea zuzenean ikusteko aukera Internet sarean, besteak beste NASAk (in streaming) eta ESAk. Artikoko Spitsbergen uhartetik (Norvegia) jarraitu zuen ESAk. Venus Expresseko taldea elkartu zen han, Artizarra gauerdiko eguzkipean ikusteko. Ekainean eguzkia ez da sartzen Spitsbergenen, eta, beraz, Venusen iragaite osoa ikusteko aukera ederra eskaini zuen. 0:04an abiarazi zuten emanaldia, eta 06:52 arte ez zen bukatu.
Atzoko fenomenoa espazio agentzientzat abagune egokia zen Eguzkiari eta Venusi buruzko informazioa lortzeko; jakintza handitzeko, alegia. Don Pettitek Venus Eguzkiaren aurka dagoela harrapatu zuen argazki kameraz ISStik, Nazioarteko Espazio Estaziotik. Venus Express eta Proba-2 zunda europarrek, SOHO nazioarteko zundak, Hinode japoniarrak eta Hubble espazio teleskopioak monitorizatu zuten hala Venus nola Eguzkia. ESAren Venus Express espaziontzia, Venusen orbitan dagoen bakarra une honetan, Eguzkiaren argia behatu zuen haren atmosfera ikertzeko. Argia atmosferan sartzen den heinean gas desberdinen molekulen kontzentrazioa neurtu daiteke. Ariketa hau baliegarria izango da Lurraren tankerako planetak bilatzeko. Artizarra, izan ere, Lurraren antzekoa da neurriari eta masari dagokienez.
AEBetako Eguzkiaren Behatoki Nazionalak (NSO), berriz, Arizona, Mexiko Berria, Kalifornia, Hawaii, Australia eta Indiako teleskopioak baliatu zituen Venusen ibilbidea jarraitzeko. Igarotzeak iraun bitartean proba zientifiko anitz egin zituzten.
Edmund Halley eta Venus
Atzo goizaldeko gertaera astronomikoa egungo astronomoentzat lagungarria izan da, beraz, eta XVIII. mendeko zientzialarientzat ere hala gertatu zen; oinarrizkoa eguzki sistemaren inguruko hainbat neurketa egiteko. Edmud Halley ohartu zen fenomenoaren garrantziaz, eta bitxia da: berak ez zuen sekula ikusi. Artean ez zen ezaguna zenbateko distantzia zegoen Lurretik Eguzkira edota zein neurrikoa zen sistema. Keplerren hirugarren legeari jarraituz, sei planeten eta Eguzkiaren arteko distantzia erlatiboak neurtu zituzten —Urano, Neptuno eta Pluton topatu gabe zeuden—.
1671n proposatu zuen Halleyk Artizarraren igarotzea baliatzea; bazekien ez zela bizirik egongo hurrena gertatzerako. Lurreko azalerako bi puntu urrunetatik igarotzearen hasiera eta amaierako orduak zehaztasunez neurtu behar zirela mugatu zuen. 1716an dokumentu esanguratsua argitaratu zuen: «Ni ez naizegongo, baina aukera ez alferrik pasatzen utzi», esan zion komunitate zientifikoari.
XVIII. mendeko Venusen igarotzeak (1761 eta 1769) eguzki sistemaren neurria kalkulatzea ahalbidetu zuten, baita Lurretik eguzkira dagoen tartea ere (150 milioi kilometro inguru). Hainbat espedizio egin ziren mundu osoan, tartean James Cook kapitainarena. Tahitin kokatu zuen behaketarako lekua Endeavour itsasontziaren laguntzaz.
Ezarian. Zientzia
Beste ehun urtean ez da berriz gertatuko
Eguzkiaren aurretik igaro da Venus, eta haren soslaia ikusi ahal izan da Lurretik, haiekin batera lerrokaturik egon delakoMende honetan ez da berriro halakorik gertatuko; 2117an izango da hurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu